Txakurrendako zerbitzuak ugarituz doaz

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 27a, 15:47

Orekan Txakur Eskolara joandako txakurrak ikastaroa egiten, Arrasaten.

Txakur kopurua gehitu egin da azken urteetan eta baita eurendako zerbitzuak ere, norberarendako gura den ongizate berdina emateko etxeko kide bat gehiago bihurtu den bizidun horri. Txakurrendako hotelak, aseguru medikuak, ur-parkeak eta ile-apaindegiak daude egun, besteak beste.

Puntua aldizkariaren 380. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Txakurrendako uretako jolas parkeak, fisioterapeutak, homeopatak, aseguru medikoak, hotelak, garbiketa guneak eta zaintzaileak daude egun, adibidez. Ugaritu egin dira txakurrendako zerbitzuak azken urteetan, txakurraren eta jabearen arteko harremana aldatu den neurrian. Txakurra ondo zaintzetik, pertsonek bilatzen duten ongizate bera animalia horri eskaintzerainoko aldea egon da eta hori izan da txakurrendako zerbitzuak gehitzeko arrazoi nagusia. Debagoienean ere badira horrelako hainbat eskaintza, baita horrelako zerbitzu bateren faltan bailaratik kanpo joaten diren debagoiendarrak ere.

Txakurrendako ile-apaindegiak

Txakurrendako ur-parkeak, garbigunean zein fisioterapeutak daude egun

Etxean animalia bat, maskota bat, izatearen tendentzia beti goranzkoa izan dela dio Miriam Ugarte Garcia albaitari oñatiarrak, batez ere txakurren eta katuen kasuan. Hala ere, pandemiatik hona presentzia hori areagotu egin dela dio: "Arrazoiak ezberdinak izango dira eta bakoitzak bereak izango ditu, baina pandemia garaitik hona argi ikusi dut jende gehiagok duela txakurra, adibidez. Kontsultan hori nabaritu dugu, bai. Esango nuke telebistan ere duela urte batzuk baino iragarki gehiago botatzen dituztela txakurren janariarenak, esaterako, edo gero eta sormen handiagoarekin egiten dituztela. Bestalde, txakurrendako zerbitzuak ere asko ugaritu dira, lehen ez zeudenak. Adibidez, txakurrak garbitzeko guneak jarri dituzte toki batzuetan eta eurendako propio den uretako parke bat ere zabaldu dute Katalunian. Txakurrendako ile-apaindegira eramatea eta txakurrei gabardinak jartzea gero eta ohikoagoa da gure inguruan ere".

Erabilera aldatu

Bat egiten du baieztapen horrekin txakurrak hezten hamahiru urte daramatzan Goizane Arce Heriz arrasatearrak: "Lehen baino txakur gehiago daude orain etxeetan". Txakurren jarrera desegokiak zuzentzen, beldurrak uxatzen edo zaunkak kontrolatzen irakasten egiten du berak lan eta gero eta txakur jabe gehiago joaten zaizkio ikastaroetara. Kopurua ez ezik, txakurraren eta jabearen arteko erlazioa ere aldatu egin dela dio, gainera, "erabilpenean" aldatu ei da. "Lehen txakurra lanerako zein etxe ingurua zaintzeko erabiltzen zen, esaterako. Orain, ordea, erabilpena beste bat da, txakurra etxean izateko arrazoiak ere beste batzuk direlako. Txakurra izatea oso estimatua dago, dituen onurak handiak dira, baina txakurra ondo egon behar da horretarako. Eta txakurra, txakurra da, animalia bat da. Uste dut erabilpena aldatzearekin batera "humanizatu" egin dugula txakurra, gizaki baten moduan tratatzen dugu askotan eta ondorioz gizakiok izan ditzakegun arazo edo gabezia berak izan ditzakete: antsietatea, beldurra eta estresa, adibidez. Txakurra horrelako egoera batean dagoenean ez dago ondo, beraz, onurak ez dira onak izango".

Moda txakurren arrazetan ikusten da gehiago, bera edukitzeko asmoan baino

Albaitariak eta txakur hezitzaileak, biek diote txakur gehiago egotearen arrazoietako bat moda izan daitekeen arren, ez dela nagusiena: "Modari kasu egiteko joera hori gehiago ikusten da txakurren arrazetan". Adibide batzuk ere eman dituzte: Oñatira, esaterako, bitxon maltar, border collie edo yorkshire arrazako asko ekarri dituzte azken urteetan. Arrasaten, berriz, malinois artzain txakur belgikarrak eta border collieak dira gustukuenak, egun. Norberaren ongizaterako nahi ditugunak eman nahi dizkiote gero eta txakur jabe gehiagok euren etxeko kide horri ere, izan masaje saio bat, izan berarendako zaintzailea bilatzea. Adibidez, txakurrendako hotelak ere badaude, jabeak oporretan dauden bitartean han zaintzen dituzten eraikinak. "Guk eraman izan dugu horrelako hotel batera. Jolaserako eremu bat du eta han ibiltzen da beste txakur batzuekin batera. Bideoak grabatzen dizkio bertako arduradunak eta bidali egiten dizkigu gero etxekooi, txakurra zelan dagoen ikusteko", dio Julen Murua Mesonero oñatiarrak. Erretiroa hartzear dagoen Axen Garitano bergararrak ere makina bat urtetan eskaini du zaintza zerbitzua Bergaran, "35 urte edo egin ditut txakurrak zaintzen". Kaleko txakurrak jasotzen eta zaintzen egin du lana Garitanok, Eibarren lehenengo, hango Mankomunidadearendako, eta etxe ondoan eraiki zuen txakurtegian gero. "Kalean aurkitutako txakurrak jasotzen ditugu hemen, gehienbat, zaintzeko. Egia da azken urteetan ostatu zerbitzua ere bete dugula, baina kalekoen bizitoki berria izan da hau orokorrean. Txakur jabe batzuk etorri izan dira bertako txakur bat etxera eramateko, baina egia da jabe gehienek erosi egin gura dutela txakurra, ez txakurtegiko bat hartu. Orain, gainera, animalien lege berriarekin ez dakit zaildu ez ote den egingo txakurra izatea, ikastaro bat egin eta aseguru bat izan behar ditu-eta jabeak".

Txakurraren ongizaterako

Lege horrek maskoten altak eta bajak bete egin behar direla ere jasotzen du, beste puntu batzuen artean, eta agian lagunduko du herri bakoitzean dagoen maskota kopurua jakiteko. Egun, Euskal Autonomia Erkidego mailako erregistro bat dagoen arren, bertako datu denak ez daude eguneratuta, jabe batzuek, adibidez, ez dutelako animaliaren baja jakinarazten eta beste batzuek ez dituztelako erregistratzen. Lege hori, bestalde, lantzen ari da Eudel, herritarrei azaltzeko gero.

Txakurrendako zerbitzuak gehitzen ari dira animalien jabeek horien beharra sentitzen dutelako. Baina txakurra, edo beste maskotaren bat edukitzeak zer esan gura duen argitu gura izan dute argi albaitariak eta hezitzaileak. "Txakurrek gastua dute batetik. Gaixotzen direnean, esaterako, norberak ordaindu behar ditu medikamentuak edo operazioak, ez dira gizarte segurantzan sartzen. Janari edo pentsu batzuk ere garestiak dira, baina batzuetan gaixotasunak prebenitzeko izaten dira. Giltzurrunean harriak sarritan sortzen zaion txakur batek, adibidez, hori saihesten lagunduko dion dieta edo janaria behar du, eta hori, normalean, ohiko pentsua baino garestiagoa izaten da. Bestetik, zaintza behar dute, eta horrek lana dakar", dio Ugartek. Txakurraren ongizatearen bueltan, berriz, hartzen den txakur arrazatik hasten dela hori gaineratu du Arcek: "Norberaren bizimodura ondo egokituko den txakurra hartu behar du bakoitzak, ez gustatzen zaiona. Hau da, eserita egotea atsegin zaion herritar batek txakur lasai bat hartu beharko du, ez mugimendua eta kirola egitea eskatzen duen bat, eta alderantziz. Edo pertsona nagusi batek pisu handia hartzen ez duen txakur bat, arazoak izango ditu eta lotuta egon arren aztoratu egiten edo korrika hasten bada. Aukeraketa hori ere oso garrantzitsua da txakurraren ongizaterako".

Julen Murua, txakur jabea: "Udan txakurren hotelera eramaten dugu"

Bi hilabete zituela heldu zen Duna Julen Murua Mesoneroren etxera, duela bi urte. Ordutik etxean sei direla dio oñatiarrak.

Zein da Duna?
Etxeko seigarren kidea.

Zein leku du etxean?
Beste bat gehiago da eta beste bosten artean zaintzen dugu. Etxe barruan badu egoteko toki propio bat, baina geure ondoan egoten da gehienetan.

Zaintza handia behar du?
Euskal artzain txakurra da, energia handia du eta beharrezkoa du egunero ibiltzea, korrika egitea... kirola egitea. Etxeko gainerakook bakoitzak bere ordutegia du, baina ondo koordinatzen gara batekin ez bada bestearekin kanpora ateratzeko. Nik, adibidez, egunero ateratzen dut goizetan, lanera joan aurretik.

Oporretara zoaztenean, baina, hotelera eramaten duzue. Zergatik?
Mila bat kilometro egiten ditugu oporretara joateko, eta bidaia luzeegia da berarendako. Baditugu gerriko berezia autoan ondo lotuta joateko edo kaxa bat ere, baina kilometro asko dira. Hotelean, Durangon, ondo zainduta egoten da, bideoak bidaltzen dizkigu hango jabeak txakurra nola dagoen ikusteko. Auzoko jaietan ere egon da. Zeuk eramaten duzu hara? Ez. Ni batzera joaten naiz. Sekulako harrera egiten dit.

 

Sara Puerto, Limpiadog: "Zerbitzu honen beharra zegoen"

Apirilaren 14an zabaldu zuen txakurrak garbitzeko zerbitzua eskaintzen duen negozioa Sara Puerto bergararrak Bolu auzoan. Bezero kopurua igotzen ari dela aitortu du.

Zerk bultzatu zintuen negozio hau zabaltzera?
Beharrak. Txakurra dugu etxean eta horrelako zerbitzurik ez zegoela ikusi dugu, eta beharra zegoela. Konturatu gara beste batzuk ere bazutela horren beharra, ireki genuenetik gero eta jende gehiago etorri delako erabiltzea.

Nola erabiltzen da?
Lokala bera egunero dago zabalik 10:00etatik 20:00etara, asteburuak barne. Autoak garbitzen diren moduan, txanponak bota behar dira kutxa batera eta xaboiarekin garbitzeko eta ondoren lehortzeko zerbitzua ematen du. Xaboia eta kolonia bertan daude, baina norberak ere ekar dezake berea.

Txanda hartu behar da?
Ez. Norberak garbitzeko espazio bat da, libre dagoenean erabiltzeko. Guk ere garbitu ditzakegu eta kasu horietan bai, orduan aurrez deitu behar da txanda hartzeko.

Ile-apaintzaile zerbitzua ere badago?
Astelehenetan etortzen da ile-apaintzailea, Ainhoa. Egun osoa egoten da hemen eta horretarako txanda hartu behar da, bai.

Goizane Arce, Orekan Txakur Eskolako hezitzailea: "Jarrera desegokiak zuzentzen ditugu"

Hamahiru urte daramatza txakurrak hezten Goizane Arce Heriz arrasatearrak eta gero eta txakur gehiagok ematen dute izena eskaintzen dituen ikastaroetan.

Zer erakusten duzu txakurrendako ikastaroetan?
Jabeak txakurrarekin izan ditzakeen arazoak aztertzen ditugu eta horiek konpontzeko eta hobetzeko lan egiten dugu. Adibidez, jarrera desegokien zuzenketa edo obedientzia falta. Horrez gain, txakurren beldurrak, agresibitatea eta oinarrizko arazoak ere konpontzen saiatzen gara.

Txakurrekin edo jabeekin egiten duzu lan?
Biekin. Elkarrekin identifikatzen ditugu beharrak eta landu egiten ditugu ondoren.

Nola egiten duzue?
Ordu eta erdiko saioak egiten ditugu. Hasieran banaka, baina bukaeran beste txakur batzuekin batera. Izan ere, azken finean, kalean edo dena delakoan beste txakur batzuekin egingo dute topo.


Txakurrak ikastaroan Arcerekin.

Zenbat saio izaten dira eta non?
Saio kopurua ezberdina izan daiteke egin beharreko lanketaren arabera, baina hamabost bat, behintzat, bai. Eta kalean egiten ditugu, Arrasateko toki edo espazio ezberdinetan

Azkar zuzentzen dituzte arazoak?
Jabeak zenbaterainoko lana egiten duen araberakoa izan daiteke hori, eta berehala ikusten da hori. Txakurrek ez dakite berba egiten, baina ez dute gezurrik esaten.

Saio konkreturik baduzue?
Bai. Usaimena bereziki garatu gura izanez gero, horretan ere saiatzen gara, trufak bilatzeko, adibidez. Edo ume txiki bati txakurra nola aurkeztu ere lantzen dugu.

Garbiñe Agiriano, psikologoa: "Zentzugabeko gauza asko atera dituzte"

Garbiñe Agiriano psikologoaren esanetan, maskotaren eta pertsonaren arteko ikerketek onurak nabarmendu dituzte. Maskota batekin bizitzeak "gizarte laguntza handia ematen dute, bakardade sentimendua murrizten laguntzen dute eta pertsonen gogo aldartea hobetzen dute". Konkretuki, txakurrak dira "onura gehien ekartzen duten animaliak, beste batzuekin izan genezakeena baino interakzio fisiko handiagoa ematen dutelako, eta hori abantaila garrantzitsua izan daiteke pertsonendako, ariketa fisikoa sustatzen laguntzen dutelako". Txakurraren konpainiak, adimen emozionala hobetzen duela gaineratu du, "maitasuna eta fideltasuna adierazten dute, eta horrek beti pertsona betetzen du".

Esnobismo kontua
Txakur jabe perfil konkreturik ez dagoela eta bakoitzak helburu zehatz bat izan dezakeela dio Agirianok: "Oso animalistak direnak, bakardadea saihesteko dutenak, modagatik dutenak...". Txakurrendako dauden zerbitzu mordoen inguruan, berriz, dio maskota ondo zainduta egon behar dela eta oporretara goazenean txakurra hotelera edo apain egoteko ile apaindegira eraman daitezkeela, "baina ezin dugu ahaztu esnobismoa ere hor dagoela eta egun txakurrendako zentzugabeko gauza pila bat atera dituztela, gezurrezko azazkalak, koloniak, tindagaiak...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak