Bailarako futbol taldeak entrenamenduetara itzuli dira

Oier Zumarraga Aranburu 2023ko abu. 25a, 14:00

Bailarako futbol taldeek oporrak amaitutzat eman dituzte eta dagoeneko burubelarri dabiltza datorren denboraldia prestatzen

UDA eta Bergara Ohorezko Erregional mailan lehiatuko dira, Antzuola, Mondra eta Aloña Mendi ordea Gorengo mailan. Azken bi hauek iaz kategoriaz jaitsi ondoren, aurten entrenatzaile berriekin hasiko dute denboraldia.

Aloña Mendin Gotzon Urzelaik bere bigarren aroa biziko du entrenatzaile gisa, Aritz Garmendiaren lekukoa hartuta. Iaztik aldaketa asko izan dira taldean eta jokalari oso gazteak izango ditu Urzelaik bere esanetara. 

Arrasatearrek ordea, Garikoitz Nuñez sinatu dute entrenatzaile gisa. Azken hau gogotsu azaldu da denboraldi berriari begira eta mailaz igotzeko helburu argiarekin.

Derbiarekin ekingo diote denboraldiari

Mondrak eta Aloña Mendik, beraien arteko derbiarekin ekingo diote ligari. Neurketa irailaren 17ko asteburuan jokatuko da Azkoagainen.

Maila berean, Antzuola ere itzuli da entrenamenduetara datorren denboraldia prestatzen hasteko. Oraindik talde osatzeke dute eta jokalari bila dabiltza. Guztira hiru lagunarteko jokatuko dituzte, lehena, asteburuan Ilintxaren aurka.

Bailarako beste bi ordezkariak ere itzuli dira lan saioetara. Hauek ordea,  irailaren bederatzi eta hamar artean ekingo diote ligari. 

UDA lanera itzultzen goiztiarrena

Ohikoa den bezala, UDA izan da entrenamenduetara itzuli zen lehen taldea. Abuztuko jaiak zirela eta, uztailean hasi baitziren. Ondoren, atsedenaldi bat egin dute eta joan zen egubakoitzean berriro heldu zieten entrenamenduei. Txapelketaren hasierari begira, aretxabaletarrek lagunarteko mordoxka bat jokatuko dituzte, besteak beste, Alaveseko eta Realeko Jubenilen aurka edota Iurreta eta Arizanabarraren aurka. Guztira, bost fitxaketa egin dituzte, iaz izan zituzten bajei aurre egiteko.

Mahoneroak beste urte lasai baten bila

Beste aldetik, mahoneroak iazko denboraldi ona errepikatzen saiatuko dira. Horretarako, iazko blokeari jarraipena emateagatik apustu egin dute. Orain arte, iragarri duten fitxaketa bakarra, azken urteetan Eibarren aurrelari gisa ibili den Julen Garmendia izan da. Denboraldia prestatzeko, sei lagunarteko jokatuko dituzte, ligari hasiera Elgoibarren aurka eman aurretik. 

Gauzak horrela, bailarako futbol talde guztiak hasi dira ate joka dagoen denboraldi ilusionagarria prestatzen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak