Datorren denboraldian ere derbia izango dugu oñatiarren eta bergararren artean, oraingoan, ordea, Euskadiko Txapelketan neurtuko dituzte indarrak bi taldeek; kategoriaz igo dira Soraluce BKE eta Mekalki Aloña Mendi.
Azken hauek, maila galdu zuten iaz eta berriz Euskadiko Txapelketara itzultzea lortu dute. Aitor Ugarte taldeko entrenatzaileak dio kategorian "esperientzia" duten jokalariak dituela taldean. Era berean, duela bi denboraldi gertatutakoa ez errpikatzea espero du, eta urtea "ondo" hasteko intentzioarekin kantxaratuko direla.
Bergaran ere ilusioz beterik daude datorrenari begira. Maila berrira egokitzea izango da egin beharreko lehen lana, baina, Xabat Irazola entrenatzaileak esan duenez taldea "indartzea" lortu dute. Gainera, Soraluce BKE taldeko entrenatzaileak gehitu du "pozik" daudela saskibaloi maila altu batean lehiatzeko aukera izango dutelako.
Ugarte eta Irazola jakitun dira talde indartsuak izango dituztela aurrean eta lana gogor egin beharko dutela helburuak lortzeko. Bide horretan bi aldiz neurtuko dituzte indarrak txantxikuarrek eta mahoneroek; lehena 12. jardunaldian jokatuko da. Denboraldia, berriz, urrian hasiko da eta Aloña Mendik Azpitian egingo du debuta. Bergarak, aldiz, Gasteizko San Prudentzio taldearen bisita izango du.