Debagoieneko etxebizitza hutsen auzia, Haritik Hirira proiektuaren ikuspegitik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abu. 14a, 11:26

Euskal Herriko etxebizitza hutsen mapa ondu dute Haritik Hirira proiektuko Jon Macias eta Josu Del Campo geografoek, Espainiako eta Frantziako estatistika institutuetako datuak kontuan hartuta, eta ondorioztatu dute Debagoienean, Leintz Gatzaga gogoan izan gabe, 728 etxebizitza daudela hutsik; hain justu, bizileku guztien %6,51. 

Horren berri eman du Jon Macias proiektukide bergarrak, eta azaldu duenez, Euskal Herriko datuarekin alderatuz gero, egoera "nahiko antzekoa" da bi eremuetan, %7,16koa baita etxebizitza hutsen kopurua herrialde osoan. Bailaran, ordea, bi joera bereizten dira: batez bestekoaren azpitik daude Bergara, Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza, %5 inguruan; gainontzeko herriak, ordea, kopuruaren gainetik kokatzen dira. Elgetan %8,39koa da hutsik dauden etxebizitzen kopurua; Aramaion, %16,2koa, bailarako daturik nabarmenena; eta Oñatin, %9,54koa.

Horren arrazoiak ez dira argiak, baina Maciasek aipatu du biztanleria kopuruarekin izan dezakeela lotura. "Ikusi duguna da udalerri bateko biztanleriak behera egiten duenean, etxebizitza hutsen portzentajeak gora egiten duela, eta Elgetak eta Aramaiok mila biztanle inguru dituztenez, tendentzia horretan kokatuko genuke euren portzentaje altua; Oñatiren kasua, ordea, arraroa da". Nabarmendu baitu 10.000 biztanle baino gehiagoko herria izanik, salbuespena izan daitekeela, eta Oñatiren kokapen geografikoa aipatu du arrazoi posibletzat: "Inguruko udalerri handienekin konparatuz gero, isolatuagoa dago, eta horrek eragina izan dezake".

Datuez harago, ordea, uste du beste aldagai batzuk hartu beharko liratekeela kontuan, etxebizitzaren auzia plazaratzea izan baitute helburu, bizileku hutsen problematika mahai gainean jartzearekin batera. "Etxebizitzak hutsik egoteak etxebizitzen eskaintza murrizten du, eta horrek prezioen igoera eragin dezake. Jendeak pentsatu dezake etxebizitzak hutsik daudela egoera txarrean daudelako, baina datuek diote espainiar estatuko etxebizitza hutsen %80 egoera onean dagoela; bizigarri. Horren atzean zer egon daiteke? Espekulazioa, adibidez".

Ikuspegi zabalagoa eman asmoz

Kasu honetan, etxebizitza hutsen inguruko azterlana egin dute, baina 2021ean Haritik Hirira proiektuari ekin ziotenetik, beste gai batzuk ere oinarri izan dituzte, asmo baitute ikuspegi zabalagoa izatea."Gure helburua beti izan da hiri eta lurralde jasangarriagoak eraikitzen laguntzea, eta horretarako, egunerokotasunean bizi ditugun arazoak modu bisual edo errazago batean plazaratu izan ditugu, ikuspuntu espazial bat gehituz".

Etxebizitzaren auziaz gain, besteak beste, mugikortasuna, ingurumena eta demografia landu dituzte euren proiektuan, eta aurrerantzean ere beste hainbat dituzte eskuartean; uda garaian egonik, hiri beroak eta kaleen berotasuna, esate baterako.

Erlazionatuak

Debagoieneko etxebizitzen %6,51 hutsik dago

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023 uzt 26 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak