Euskal Herriko etxebizitza hutsen mapa ontzen aritu dira, INE Espainiako Estatistika Institutuko eta INSEE Frantziako Estatistika Institutuko datuak kontuan hartuta, eta han jasotakoaren arabera atera daitezke ondorioak. INEk, ordea, ez ditu mila biztanletik beherako herrietako datuak bereizita ematen, eta, beraz, Leintz Gatzagako datua falta da bailarako kasuan. Alabaina, jakinekoa da zein den beste herrietako errealitatea.
Daturik nabarmenena Aramaiokoa da. 728 etxebizitza daude guztira, baina horietatik 118 hutsik daude; %16,2, alegia. Hurrenez hurren du Oñati ere. Orotara, 5.510 etxebizitza daude, eta 526 dira hutsik daudenak; %9,54. Elgetan, berriz, 631 bizitoki daude, baina 53tan ez da inor bizi; hala, %8,39 dago hutsik.
Bergarako eta Antzuolako datuak berdintsuak dira, %0,01eko aldea baitago bata bestearen artean: %5,83 eta %5,82, hurrenez hurren. Aretxabaletan, berriz, %5,41ekoa da etxebizitza hutsen kopurua; Arrasaten, %5,28koa; eta, Eskoriatzan, %5,15ekoa.
Euskal Herriko egoerari dagokionez, 115.742 etxebizitza daude hutsik Euskal Herrian; %7,16.
Haritik Hirira proiektua
Bi geografok osatutako lantalde bat da Haritik Hirira. Lurraldeak eta hiriak "leku gizatiarrago batean bihurtzeko" grinak batzen ditu Jon Macias eta Josu del Campo, hala nola gizartea, ekonomia eta ingurumen-iraunkortasuna errespetatuz. Haien arabera, sare sozial zein hedabide nagusitan hirigintza eta lurraldearen inguruko gaiei buruzko gauza gutxi aurki daitezke, eta dagoena erdaretan dago. Horregatik, 2021earen hasieran ekin zioten lanari, gai hauek euskaraz ere landu ahal izateko. Hala, Euskal Herriko lurraldeetan eta hirietan gertatzen diren prozesuak azaleratzea eta irakurlearen ikuspuntu kritikoak garatzea dute helburu.