Bi boto eman ahal izango dira: bata, zuria, Kongresuko botoa; eta bestea, laranja, Senatukoa, eta goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara egongo dira hauteslekuak zabalik.
Espainiako Kongresurako 350 eserleku aukeratuko dira, denera –Gipuzkoan 6, Bizkaian 8, Araban 4 eta Nafarroan 5–, eta Gipuzkoan Kongresurako hamabi zerrenda aurkeztu dira; 2019an aurkeztu zen kopuru bera.
Kongresuko EAEko hamazortzi eserlekuei buruzko azken inkesten arabera, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk bosna eskuratuko lituzkete, jeltzaleek bat galdu eta ezker abertzaleak eta sozialistek bana irabazita; Sumarrek bat, bi galduta; eta PPk bi, bat irabazita.
Espainiako hauteskundeei jarraipen berezia egingo die Goienak domekan, bozketa egunean. Goizean goizetik, hauteslekuak irekitzen direnetik, gauera arte, emaitzak jakin ostera arte. Goiena.eusn atarian hauteskundeen emaitza guztiak izango dira egunean bertan: herrikoak, eskualdekoak, lurraldeetakoak eta Espainiakoak. Biharamunean, bestalde, Goiena telebistan eta webgunean, emaitzen berri emateaz gain, alderdien eta herritarren balorazioak ere jasoko dira.