Puntua aldizkariaren 375. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Musikaren arloa, beste arlo asko bezala, maskulinizatuta dagoela nahiko agerikoa da. Kontzertuen kartelak, argitaratzen diren diskoak eta kaleratzen diren bideoklipak ikustea besterik ez dago hori konprobatzeko. Hala ere, batzuetan, usteak edo sentsazioak egia diren edo ez konprobatzea ezinbestekoa da. Eta hori egin du, hain zuzen ere, Kulturaren Euskal Behatokiak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2022an egindako kontzertuetan eta argitaratutako diskoetan gizon-emakumeek izandako presentzia aztertu du.
Iker Barandiaran: "Musika jarduera maskulinizatuena Gipuzkoak izateak lotsatu egiten nau"
Behatokiak aztertu ditu 2022an EAEn izandako musika ekitaldiak –385 ekitalditan izandako 486 emanaldiko lagina– eta urte hartan EAEko musika-taldeek argitaratutako diskoak –122 diskoko lagina–. Izandako kontzertuetan –jaialdiak kanpoan utzi dituzte, ezaugarri bereziak dituztelako–, agertokira igo ziren pertsonen %81,4 gizonak eta %18,6 emakumeak izan ziren. Hamar musika taldetik sei gizonez soilik zeuden osatuta, eta bakarra zen emakumez bakarrik osatutakoa; talde mistoetan ere emakumeak gutxiengo ziren (%31). Gainera, Gipuzkoan dago zuzeneko musika jarduera maskulinizatuen –kontzertuen %10 baino ez dira emakumeez bakarrik osatutako taldeenak–.
Aipatzekoa da emakumeen kontzertuen sarreren batez besteko prezioa 9,32 eurokoa dela eta gizonena, 11,14 eurokoa. Gainera, emakumez bakarrik osatutako taldeen kontzertuen %44,3 doakoak dira eta gizonez soilik osatutako taldeen kontzertuen %73,8, ordainpekoak.
Euskarrian grabatutako musikari dagokionez, iaz, EAEn, nagusitasun are handiagoa izan zuten gizonek. Jo zuten interpreteen %89,1 gizonak izan ziren eta %10,9, emakumeak. Diskoei dagokienez, emakumez soilik osatutako taldeek argitaratutako lau diskotik hiru euskaraz dira –gizonen kasuan, ez dira erdira heltzen–.
Askotariko irakurketak
Iker Barandiaran musika adituak azaldu du ez dagoela "zalantzarik oraindik ere emakumeen presentzia musikan gizonezkoena baino askoz txikiagoa" dela: "Begien aurrean jartzen digu errealitate hori zenbaki gordinetan. Hala, programatzaileei, kolektiboetako kideoi eta erakundeei dagokie eta hartzaileei dagokigu kalitatezkoak eta interesgarriak diren emakumeek –mistoak ere bai– osatutako musika proposamenak bilatzea, kontratatzea eta eskatzea. Orain dela bi eta hiru hamarkada ere ahalegintzen ginen, neurri batean, baina orduan askoz gutxiago ziren. Gaur egun, ordea, askoz gehiago daude; eta, haiei ikusgarritasuna emana ahala, agertu eta etorriko dira atzetik beste asko. Gizarte eta kultura normalizatu eta ireki batek hala eskatzen du, eta hala behar du izan".
Ane Arruti: "Emakumeok jasaten dugun epaiketa gizonena baino bortitzagoa da"
Goienako kultura arduradun Aitziber Aranburuzabalak nabarmendu du azken urteetan egoera aldatu egin dela: "Errealitate baten erakusle dira datuak, baina, nire ustez, poliki, baina ari dira gauzak aldatzen. Urte mordoa daramatzat kultura arloan, eta ikusten ari naiz gero eta aukera gehiago ditudala protagonista diren emakumeak elkarrizketatzeko. Gainera, asko pozten nauen datu bat da lehen emakume abeslariak zirela, orain ere abeslariak direla gehienak, baina musika-tresnak ere jotzen dituzten asko daudela. Hutsuneak daude, noski, instrumentuaren arabera. Baina, adibidez, gero eta bateria-jole eta baxu-jole emakume gehiago daude. Eta hori, azkenean, arlo guztietara eraman genezake. Kiroletan berdin gertatzen da. Titularretan mutilak ageri dira, kazetariok horrela erabakitzen dugulako. Errazena programatzaile batendako talde ezagun batengana joatea da. Horrela, inbertsioa ziurtatzen du. Baina talde handiak dira, aurretik txikiak izan direlako, eta hor komunikabideek badugu zer esan eta zer egin handia".
Keia taldeko musikari eta abeslari Ane Arrutik kontziliazioaren gaia ere jarri du mahai gainean: "Uste dut jendaurreko bestelako arlo askotan bezala gertatzen dela musikan ere. Izan bertsolaritzan, telebistan, politikan... Emakumeok jasaten dugun epaiketa gizonezkoena baino askoz ere bortitzagoa da. Musika eskolak emakumez beterik daude, baina oholtzara ateratzeko onena izan behar duzu, kantatzen onena, instrumentua inork baino hobeto jo, segurtasuna transmititu eta, gainera, polita izan. Ez zaigu baimentzen erdipurdi jotzea edo kantatzea. Beste alde batetik, amatasuna ere aipatu nahi nuke. Musika eta kontziliazioa ez dira oso bateragarriak. Baina adin batetik aurrera, emakumeok gara, normalean, musika uzten dugunak. Aita asko topatuko dituzu oholtzan; amak, oso gutxi. Eta oraindik ere galdetzen digute ea norekin utzi ditugun seme-alabak...".
Bergarako Musika Bandako eta Orkestra Sinfonikoko zuzendari Enrike Txurrukak aipatu du garrantzitsua bilakaera dela: "Datuak momentuko irudia dira; niretzat, bilakaera da garrantzitsua. Duela 50 urte, gaur eta hemendik 50 urtera alderatzea. Musikan aukera berdintasuna badela uste dut, eta, jardueran oraindik islatu ez den arren, helduko dela espero dut, bilakaera argia baita.
Aldagai ugari
"Ondorioetako batzuek arreta piztu eta zer pentsa eman didate. Adibidez, musika egiten duten hamar emakumetik zazpi bakarka aritzea, eta ez taldean. Gizonezkoen taldeetan sartzeko zailtasunak, ez dituzte beste emakume batzuk aurkitzen edo emakume horiek sortutako kantuak sostengatuko dituen talderik ez ote dute aurkitzen? Hortaz, panorama hori ikusita, bestelako bitarteko eta azpiegitura gabe aurrera egiten dute, bakarrik, ausardiaz eta konbikzioz. Beste bat da emakumeek bakarrik osatutako lau diskotik hiru euskaraz direla. Ondorioztatu dezakegu emakumeek kontzientzia handiagoa dutela hizkuntzarekiko ere", azaldu du Barandiaranek.
Aitziber Aranburuzabala: "Promotoreei eta hedabideoi asko dagokigu egitea egoera iraultzeko"
Aitziber Aranburuzabalak, bestalde, beste erpin batzuk aztertu ditu, hala nola estiloak eta sarreren prezioa: "Trikitilari eta pandero- jotzaileak, adibidez? Gizonezkoak hor gutxi daude. Eta erromeriak ere bigarren mailakotzat ditugu. Gainera, teloneroarena galtzen dabilen figura bat da. Eta ni horren alde nago. Nagusi izateko, telonero moduan ibili dira asko. Teloneroek, gainera, talde nagusiek besteko errespetua merezi dute. Bestalde, ez naiz doako kontzertuen eta 80 euroko sarrerako kontzertuen aldekoa. Zerbait ordaindu egin behar dela uste dut. Doakoa dena ez delako baloratzen. Amorrua ematen dit sektore batzuek lana musu-truk egin behar dutela onartzen denean. Beraz, zer da aukera erreal bat ematea? Ipurdia salbatzea eta lau txanponen truke edo doan jotzea? Horrelako egoerak gertatzen dira".
Ane Arrutik soldata arrakala ere aipatu du: "Arlo guztietan bezala, posible da hemen ere soldata arrakala bat egotea. Oraindik errotuta dago pentsatzea emakumeen lanaren atzetik beti gizonezko bat dagoela. Emakumea ez dela gai egiten duen hori berak bakarrik egiteko, itzalean beti dagoela gizonezko produktore bat, taldeko musikariren bat, kantuak sortzen eta konpontzen dizkiona. Ez da behar bezala baloratzen eta, ondorioz, ez da behar bezala ordaintzen. Eta esango nuke, askotan gu geu ere hori sinestera iritsi garela, gure burua gutxiesteko joera dugula, gure lanari balioa kentzekoa, eta zentzu horretan, izan daiteke diru gutxiago eskatzea, orokorrean".
Musika klasikoa, parekideagoa
Musika klasikoan emanaldien erdiak baino gehiago talde mistoenak dira, ikerketaren arabera. "Bergaran, gure inguru sinfonikoan, herriko bandan, orkestran eta abesbatzetan esango nuke jada emakumezkoak gehiago direla. Musika eskolan berdintsu hasten dira neska edo mutil, baina aurrera neskek egiten dute gehiago. Hala ere, aurreko belaunaldien ohitura oraindik presente dagoela esango nuke. Adibidez, zuzendari edo konpositoreen artean oraindik gizonezkoak dira gehien. Baina, esan bezala, musika eskoletan hori irauli bada, denbora kontua da alor horietan ere islatzea. Instrumentu joleen artean jada berdintasuna nabaria da. Aurki, emakumezkoak gehiago izango direla uste dut. Beharbada, musika klasikoak dakarren ikasketa esfortzu handiari lotuta egon daiteke. Unibertsitate ikasketetan bezala, emakumeak prestuago daudela dirudi", azaldu du Enrike Txurrukak.
Talde mistoak klasikoan duela gutxira arte ia ez zeudela ere gogoratu du Txurrukak: "100 urte atzera, zaila zen emakumezkorik topatzea bandetan edo orkestretan. Bergarako Banda izan zen lehenengoetakoa emakumezkoak sartzen, 70eko hamarkadan! Gaur egun, berdintasuna edota emakumeen gehiengoa daukagu. Nik uste dut beste estiloetara ere helduko dela".
Nola irauli?
"Lotsatu nauen kontu bat da Gipuzkoa izatea musika jarduera maskulinizatuena duena; Bizkaian, aldiz, kontrakoa. Badugu non begiratu eta zer hobetu! Eta musika klasikotik datorren beste irakaspen bat: genero horretan talde mistoek presentzia askoz handiagoa dutela. Horrek erakusten digu, beste behin, zer garrantzitsua den hezkuntza eta oinarriak bermatzea", azaldu du Iker Barandiaranek.
Enrike Txurruka: "Musika eskoletan irauli bada, denbora kontua da beste alorretara heltzea"
"Pentsatzen dut, era orokorrean, ez musika ikuspuntutik soilik, oinarrian lan egin behar dugula, belaunaldi berriekin, haurrekin, eguneroko alor guztietan, berdintasuna gizarteko balio arrunta izan dadin", dio Enrike Txurrukak.
Aitziber Aranburuzabalak ere itxaropen mezuaren aldeko apustua egin du: "Egoera iraultzen dabilela esango nuke. Gainera, emanaldi profesionalak ez diren bestelako emanaldietara bagoaz, musika eskoletan, adibidez, emakumeen presentzia handiagoa dela esango nuke. Ikusle moduan hasi gaitezen joaten bestelako emanaldietara ere. Izan ere, askotan, gazte talde baten sormen lan bat boligrafo gorriarekin neurtzen dugu, eta berdea beti erabiltzen dugu handiendako. Esperantza puntua badut, baina promotoreei eta hedabideoi asko dagokigu egitea".
Ane Arrutik ere aldaketaren zantzuak azpimarratu ditu: "Zorionez, iruditzen zait emakume gazte gero eta gehiago ari direla pausoa eman eta nahi duten hori egiten. Nire taldean hiru gizonezko eta emakume bakarra gara. Oraindik proportzio horiek ohikoagoak dira. Baina ari da pixkanaka orekatzen. Agian, nahia da gehiago errealitatea baino. Denok parean egoteko ez dugu lana emakumeok bakarrik egin behar; zenbaitek, agian, noizean behin pauso bat atzera eman behar dute, entzun, hausnartu zergatik ez diren emakumeak eroso sentitzen zenbait eremutan, oholtzan, entsegu-lokaletan, teknikari lanetan... Pausoak zentzu askotan eman behar dira. Gune eroso eta seguruak sortzen, musikaren arlorretan –teknikoan, antolakuntzan...– emakumeen lana aitortzen, gutxiago epaitzen...".
Debagoieneko musikariak
Bailarako panorama musikalari begiratzen badiogu, azken urteetan emakume musikarien presentzia apur bat gehiago nabarmendu dela esan daiteke. Horren erakusle dira, adibidez, emakumeez bakarrik osaturiko Neomak eta orain geldi dagoen Ain1 taldeak. Ahaztu gabe Ines Osinaga, Ekiñe Casado, La Furia eta halako proiektuak, emakumeak guztiz protagonistak direnak. Idoia eta Bea Asurmendi aramaioarrak ere euren bidea egiten ari dira, baita Garazi Barrenak eta Anita Parker taldeak. "Baditugu ere Keia eta Malko taldeak. Bi emakumeren bueltan sortutako bi proiektu edo talde", dio Aitziber Aranburuzabalak.
Kiimak bi emakumek osaturiko bikote-musikala, Perlata hiru emakumek eta gizonezko batek osatutakoa, Ktarsia bi emakumek eta gizon batek osaturiko taldea eta hiru emakume protagonista diren Sukena taldea, gainera, iazko Danbaka musika lehiaketan aritu ziren hiru talde dira. "Kostatu egin zen emakumeen taldeak lehiaketara ekartzea, baina irten egin ziren. Eta asko hasiberriak ziren eta ez zuten euren burua ikusten parte hartzeko gai, edota bertsioak bakarrik egiten dituztenak ere badaude. Hemendik gutxira talde gehiago irtengo direla ziur nago", dio Aranburuzabalak.