Odol emateen bidea zainetik zainera

Iñigo Biain 2023ko uzt. 11a, 14:23

Erizain bat, odola ematen ari den herritar bati laguntzen.

Ez dago hemen gogoratu beharrik odolak bizitza asko salbatzen dituela urtero, eta, lehenago edo geroago, guztiok beharko dugula beste batzuek emandako odola. Baina gutxitan galdetzen diogu geure buruari zer prozesu jarraitzen duen odol horrek dohaintzan ematen denetik ospitalean erabiltzen den arte.

Puntua aldizkariaren 374. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Uztailean gaude, eta, oraindik odol-emate kopurua mantentzen bada ere, hemendik aurrera emateak jaisten hasten dira, eta urteroko kezka bilakatzen da udako hilabeteei begira. "Umeak oporretan daude jada, jendea bidaiatzen hasten da, festak ere nonahi hasten dira, eta horrek guztiak dakar emaileek odol-emateak atzeratzea urtero", azaldu du Gipuzkoako Odol Bankuko arduradun Sabin Urtzelaik. Izan ere, "emango dut datorren hilabetean" erabakia odol-emaile askok hartzen badute aldi berean, ohiko 7.000 edo 8.000 odol-poltsen ordez 3.000 edo 4.000 jasoko dira odol bankuetan hilabete horretan, eta kopuru hori oso motz gelditzen da abuztura begira.

Iraungitze-data

Odola, izan ere, ezin da fabrikatu, eta emaileek emandakoak ere iraungitze epe labur samarra du, Sabin Urtzelaik esan duenez: "Odoletik ateratako globulu gorriek 40 eguneko iraupena dute; eta plaketek, zazpi egunekoa. Beraz, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan egunero 400 poltsa inguru biltzea, haien beharra duten gaixoak tratatu ahal izateko. Horregatik, ahalik eta erraztasun gehien ematen saiatzen gara odol-emate kopurua mantendu ahal izateko; arratsaldeetan herriz herri ibiltzen gara, eta goizetan lanbide eskoletan, unibertsitateetan eta enpresa askotan". Azken horietan, gainera, Urtzelaik bereziki eskertzekoa deritzo lantegietako zuzendaritzek langileei ematen dieten doako baimenari, lanorduetan odola eman dezaten.

"Galdakaoko odol eta ehunen bankura bidaltzen da EAE-n jasotako odola, han tratatua izan dadin"

Euskal Autonomia Erkidegoan, edozein modutan, beste toki batzuetan baino kontzientziazio maila handiagoa dagoela onartu du Urtzelaik: "Hemen odola ematen ez duenak ez emateko arrazoia azaltzen dizu berehala: beldurra dela, zain txarrak dituela, txikitan hepatitisa pasa zuela edo dena delakoa. Baina guztiok daukagu barneratuta odol-emaile izan beharko genukeela, eta hori benetako aberastasuna da".

Zain batean hasi, zain batean amaitu

Herriz herri jasotako odol-poltsa horiek guztiak Galdakaoko ospitalera eramaten dituzte, han baitago Euskadiko Odol eta Ehunen Bankua, Europako aurreratuenetako bat. Odol emaileek emandako odol hori guztia hiru elementutan banatzen du Galdakaoko zentroko makina batek, hogei minutu irauten duen zentrifugatze-prozesuan. Batetik, globulu gorriak ateratzen dira; bestetik, plaketak; eta, azkenik, plasma. Osagai horietako bakoitza gaixo mota bati zuzenduko zaio gero, haren beharren arabera.

Jon Aizpeurrutiak, 100dik gora emate

 

Jon Aizpeurrutia oñatiarra da, 50 urte ditu, eta 2020an gainditu zituen 100 odol- emateak. "Nik 18 edo 19 urte izango nituen lehen aldiz odola eman nuenean, eta bi arrazoi nagusik bultzatuta hartu nuen erabakia: batetik, etxean betidanik ezagutu izan ditudalako gurasoak odol- emaile gisa; bestetik, medikuak hala gomendatu zidalako. Izan ere, nik sudurretik sarri botatzen nuen odola, eta futbolean geneukan medikuak esan zidan odola berrituta arazo hori konpon zitekeela, agian, eta ea zergatik ez nintzen odol-emaile egiten. Halaxe egin nuen, eta, fundamentu zientifikorik badaukan ez dakidan arren, funtzionatu zuen". Garbi dauka ematen jarraituko duela, ahalegin txiki horren truke gizarteak lortzen duen onura handia baita.

Globulu gorriak, esate baterako, oxigenoa garraiatzen duten zelulak dira, eta, besteak beste, istripuetan edo ebakuntzetan odol jarioa izan duten pazienteei jartzen zaizkie, haien gorputzak arnasa hartu eta oxigenoa garraia dezan. Horretarako, baina, bateragarritasuna aztertu beharra dago, lehenik, globulu gorrien segmentu bat pazientearen odolarekin nahastuz eta antigorputz irregularrik agertzen ez dela baieztatuz. Izan ere, hain ezagun diren ohiko A, B, A-B eta 0 odol taldeez gain –bakoitza bere RH positibo edo negatibo aldagaiarekin–, 300 odol mota daude, orotara, eta haien arteko bateraezintasunak sor daitezke, gaixoarentzat arriskutsuak izan litezkeenak.

Odola zentrifugatuz lortutako bigarren osagaia plaketak dira. Hauxe dio Urtzelaik: Plaketak gure eraikineko igeltseroaren parekoak dira, eta haien lana zauriak ixten laguntzea da, odola koagulatuz eta odol-husteak saihestuz". Plaketen kasuan, eta haien koagulaziorako joera kontuan izanda, etengabeko mugimenduan gorde behar dira giro-tenperaturan –22 gradu zentigradu–, eta aste batez, gehienez ere. "Batik bat, koagulazio arazoak dituzten gaixoei ematen zaizkie haiek: minbiziaren ondorioz kimioterapia edo erradioterapia jaso duten pazienteei, bizkar-muina kaltetuta dutenei edota transplante baten zain daudenei, besteak beste", dio Sabin Urtzelaik.

"Gizartearen bilakaera dela eta, plasmaren eskaerak gora egin du urtetik urtera"

Azkenik, plasma da Galdakaoko Odol eta Ehunen Bankuan lortzen den hirugarren osagaia. "Nolabait esatearren, odolaren zati likidoa da plasma", azaldu du Urtzelaik, "eta han nahastuta doaz hainbat osagai: aipatu berri ditugun globulu gorriak eta plaketak, batetik, baina baita proteinak eta immunoglobulinak ere. Azken horiek antigorputz izenez ere ezagutzen ditugu, eta gorputzak kanpoko erasoen kontra sortzen dituen defentsak dira, azken finean". Immunoglobulina horiek hainbat gaixotasunentzat dira erabilgarriak; azken boladan munduan izan den COVIDaren aurka, esate baterako, bai eta berezko immunitatea deuseztatua duten gaixoentzat ere.

Baina plasma erabilgarria izan dadin, eta haren osagaiek ezaugarri guztiak manten ditzaten, ezinbestekoa da hogei minutuz izoztea eta -40 gradu zentigradotan gordetzea. Gero, immunoglobulinak ateratzen dira plasma horretatik, eta sendagai injektagarri bezala banatzen dira.

Plasmaferesia

Azken garaiotan, plasmaren eskaera asko igo da. Gizartearen zahartzeak, alde batetik, eta hainbat gaixotasunen aurkako medikamentuen beharrak, bestetik, odoletik ateratzen den osagai preziatuaren eskasia ekarri du, odol-emate klasikoetatik ateratako plasma ez baita nahikoa gizartearen beharrak asetzeko. Halaxe azaldu du Ruben Alonsok, Aretxabaletako Odol Emaileen Elkarteko arduradunak. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan urtean biltzen diren 80.000-90.000 odol-poltsek ondo erantzuten diete globulu gorrien eta plaketen beharrei, baina, plasmari dagokionez, hori baino dezente handiagoa da ospitaleetan behar den kopurua, eta hazten doa urtetik urtera, gizartearen zahartzea dela eta.

Plasmaferesia gurean: behin-behinekotasunetik egonkortasunera

 

Debagoienean Arrasaten soilik egiten dira plasmaferesi-saioak. Ekainera arte Kulturate eraikineko Biteri gelan egin izan dira, baina irailaren 12tik aurrera Debagoieneko Ospitaleko eraikin zaharrean egingo dira. Gainera, orain arte Gasteiztik ekartzen ziren makinak hemen geldituko dira, zerbitzu egonkor gisa. 

Behar horri erantzuna eman nahian, eta ohiko odol-emate klasikoaz gain, bada plasma lortzeko beste prozesu bat ere, geroz eta ezagunago bilakatzen ari dena: plasmaferesia. Prozesu hori zertan datzan azaldu du Urtzelaik: "Lehen azaldu dugu makina batek emaileari ateratako odola hiru osagaitan banatzen duela: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Bada, plasmaferesia oso antzeko prozesua da, baina odol-emailea da zuzenean makina bati lotzen zaiona. Makinak 150 zentimetro kubiko inguru odol ateratzen dizkio, zentrifugatu egiten du eta plasma banatzen du, globulu gorriak eta plaketak berriro emailearen odol-jariora bueltatuz. Horrela, hiruzpalau saiotan, litro-erdi inguru plasma lor daiteke modu erosoan".

Alonsoren ustez, "odol-emate klasikoa baino prozesu gogaikarriagoa suerta daiteke plasmaferesia, emaileak denbora gehiagoz egon behar baitu makinari lotuta. Edonola ere, baditu abantailak ere ohiko ematearekin alderatuz; esate baterako, kirola egiten duten emaileentzat ez da hain ahulgarria, odoletik plasma banatu ondoren gainerako osagai guztiak emailearen organismora bueltatzen baitira, odol-emate klasikoan ez bezala". Errendimendu fisikoan, beraz, eragin txikiagoa du plasma bakarrik emateak odola emateak baino. Gainera, emandako plasma hori berreskuratzeko, likidoa edan besterik ez duzu egin behar".

Dohaintza: segurua eta erosoa

Sabin Urtzelaik azpimarratu duenez, "odola emateko sistema dohaintzazkoa da; hau da, odola borondatez ematen da eta doan jasotzen dugu. Baina ez da horrela gertatzen munduko toki guztietan. Ni jaio nintzen herrialdean, Venezuelan, esate baterako, gauzak oso desberdinak dira. Han, eta legeak odola erostea debekatzen badu ere, jende askok jotzen du ordainpeko emaile ezezagunengana, horrek dakarren arriskuarekin".

"Gure sistema dohaintzazkoa da: odola borondatez eman eta doan jasotzen da"

Izan ere, diruaren truke odola emateko prest dagoena gezurra esateko ere prest egoten da sarri, eta oso zaila da odol horren kalitatea behar bezala bermatzea. "Gure kasuan, ordea, ziztada bat eta geure buruarekin gustura gelditzea da odola ematearen truke irabazten dugun bakarra, eta oso barneratuta daukagu hobe dela ez ematea eman eta kaltea eragitea baino". Alonso aretxabaletarrak ere behin eta berriz azpimarratu nahi izan du altruismo kontzeptua; hots, odola edo plasma ezeren truke ematea.

Amaitzeko, eta estatistikei begiratu bat botata, lau pertsonatik hiruk beharko dute bizitzaren momenturen batean odola jasotzea. Ekuazio horri bikotekidea gehitzen bazaio, mundu guztia egongo da odolaren esperoan lehenago edo geroago. "Beraz, guztion eskubide bezala ikusten badugu odola jasotzea, guztion ardura izan beharko litzateke ematea ere", dio Sabin Urtzelaik. "Askoz hobea delako, betiere, odola gure zain egotea ospitalean, toki berean geu odolaren zain egotea baino".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak