Debagoieneko txirrindulari zaleek dagoeneko hasi dute atzerako kontaketa, izan ere, bi egun besterik ez dira falta Frantziako Tourra Debagoienetik igarotzeko. Modu berezian biziko duen debagoiendar bat Mikel Lizarralde oñatiarra izango da. Udanako mendatean ikusiko du Tourra, eta aste honetan txoko bat prestatzen aritu dira domekan lasterketa bertatik ikusteko: "Geroz eta egun gutxiago. Hemen jarri duguna da normalean Tourrean antolatzen dugun antzeko gauza bat, baina bertan, eta agian jende gehiagorekin", adierazi du.
Hala, larunbatean ekingo diote ospakizunei trikilariekin batera. Ondoren, lagun-taldeko kideek afaria egingo dute, igandeko hitzordu historikora begira. Jende asko batuko dira bertan: "Igandean 150 pertsona edo gehiago pasako gara hemendik, jendea abisatzen ari da ia apuntatuta dagoen. Eta larunbatean ere antzeko zerbait pasako da. Guk dena prestatu dugu pentsatzen jendea etorriko dela, 14o bat lagun".
Herritarren artean ere, jendea gogotsu dago. Herritar asko bide bazterretara irtengo dira txirrindulariak gertutik ikusteko, eta beste askok balkoietatik jarraituko dute bigarren etapa. Zaleak prest, beraz, munduko ziklismo-lasterketarik garrantzitsuena etxetik pasatzen ikusteko.