Tourreko bigarren etapa izango da Debagoienetik igaroko dena, Gasteizen hasi eta Donostian amaituko dena. Hori ahalbideratu ahal izateko, ordea, lasterketak igaroko dituen errepideak gutxienez lau orduz itxita egongo dira. Txirrindulariak igaro baino bi ordu lehenago publizitate karabana pasatuko da, eta ordurako itxita egongo dira errepideak. Are gehiago, lasterkariak igaro ostean, beste ordubetez mantenduko dituzte itxita.
Arrasaten, esate baterako, 10:35ean itxiko dute trafikoa, eta ondorioz, ibilgailuek ez dute kale batzuetatik ibiltzeko aukerarik izango, eta oinezkoek ere ezingo dute kalea alderik alde gurutzatu. Oñatin, berriz, pixka bat lehenago itxiko dute errepidea, 10:00etan, eta horrela egongo da 15:30etara arte. Gainera, jakinarazi dute aparkalekuak hustu egin beharko direla bihar iluntzea baino lehenago.