Domekan pasatuko da Frantziako Tourra Arrasatetik; hartara, egunean bertan ezohiko neurri batzuk aplikatuko dira: hasteko, trafikoa 10:35ean itxiko da. Ondorioz, ibilbideko kaleetan ezin izango da ibilgailurik ibili, eta oinezkoek ezin izango dute kalea alderik alde gurutzatu.
Gainera, ibilbideko aparkaleku guztiek hutsik egon beharko dute bezperatik, eta garajeetatik ere ezin izango da sartu irtenik egin. Egunean bertan autoa behar izanez gero, ibilbidetik kanpo aparkatu beharko da –JMA ingurua eta unibertsitate atzealdea gomendatu dituzte, Arrasateko irteerak San Andres eta ospitalea izango direlako–.
Karabana kaleak itxi eta ordubetera pasatuko da, 11:35 aldera, eta lasterketa, berriz, 13:32an –gutxi gora beherako orduak dira, lasterketak berak markatuko du erritmoa–.
Autobus zerbitzuei dagokienez, arratsaldera arte zerbitzuz kanpo egongo da herribusa; eta Eskoriatza eta San Andres artean lotura-autobus bat egongo da.
Gure Eskuren eskutik hainbat ekintza
Tourra pasatuko dela aprobetxatuz, egitarau berezia antolatu dute Gure Esku mugimendu herritarrak:
- 10:30ean: Monterronetik Maalara joango dira Txikitxu- Arrostaitz dantza taldeko kideak, txistulariekin batera.
- 11:00etan: hiru kultur ekitaldi eskainiko dira.
- Maalatik Gelmara, Lore Gazteak dantza taldea eta txistulariak.
- Maalako iturrian, Erraldoien Konpartsa eta gaiteroak.
- Arbolapetatik Maalara, trikitilariekin kalejira.
Goizean zehar, Gure Esku-ko kideak Portaloian ikurrinak saltzen egongo dira; eta bestetik, Atxabalpeko futbol zelaian, nafarroako bandera eta ikurrin erraldoiak jarrita izango dituzte Eibar futbol taldeari eta Arrasateko Udalari esker.