Puntua aldizkariaren 373. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Internetek aukera zabala eskaintzen du edozertarako; zer esanik ez, bidaiatzeko. Askorentzat iraganeko kontua da atzerrira joateko planak bidaia agentzien bitartez egitea. Agentzia horiek talde handiei bideratutako katalogoak diseinatzen espezializatu dira; Bergaran eta Arrasaten bulegoak dituen Halcon Viajes, adibidez. Baina modu indibidualean edo talde txikietan bidaiatu gura duenak edonora joateko eta han zer egin erabakitzeko nahi beste informazio aurkitzen du sarean. Turistei bisita gidatuak eskaintzen dizkien Patrizia Vitelliren hitzak argigarriak dira: "Askotan, zerbait azaldu behar diedanean, nik baino gehiago dakitela konturatzen naiz".
Helburuaren arabera
Gehiegizko informazioak, ordea, zalantzak eragiten ditu. Hurrengo orrietan bost debagoiendar elkarrizketatu ditugu, bakoitzak oporrak pasatzeko proposamen ezberdin eta interesgarriak plantea ditzan. Orokorrean, nora joan baino gehiago, nola eta zertarako joaten diren azaltzen dute, gomendio horiek lagungarriak izan daitezkeelakoan. Badaudelako gauza berriak ikasi nahiak mugiarazten dituztenak; edo tokiak pedalkadaz pedalkada deskubritzea lehenesten dutenak; edo lagunartearen beroa bilatzen dutenak; edo filmetan ikusten dituzten txokoak benetan nolakoak diren jakiteko kuriositatea izaten dutenak.
Argi dago kanpora joateko hamaika aitzakia daudela, kanpotarrek Euskal Herria bisitatzeko dituztenak bezain beste. Turistifikazioak bazter gehienak, denak ez esatearren, hartu dituelako jadanik.
Idoia Herrarte: "Atzerrira bakarrik joatea mundiala da"
Idoia Herrarte, Patagoniara bidean, bizikleta eta zakutoekin.
Bizikletan eta zakutoekin astebeteko lagunarteko txangoak egiten hasi, eta aurretiko erretiroa hartu zuenean aspaldiko ametsa betetzea erabaki zuen: Patagonia ezagutzea.
Zure kabuz, bizikleta eta zakutoekin, eta joaneko hegaldia soilik hartuta joan zinen Patagoniara 2022ko urtarrilean; zer dela eta?
Aste batzuk lehenago hartu nuen erretiroa, eta esan nuen: zergatik ez? Hego Hemisferioan uda izanik, momentu egokia iruditu zitzaidan. Ez nekien hamabost egunerako edo hilabete batzuetarako joango nintzen, eta, azkenean, hiru hilabete eta erdi egin nituen han. Txileko hiriburuan, Santiagon, hasi nuen ibilbidea; kostaldeko errepide australa hartu eta hegoalderantz jo nuen pedalkadaz pedalkada. 5.000 kilometro baino gehiago egin nituen, Ushuaiara iritsi arte.
Pandemia bete-betean, gainera.
Ni hara joan aurretik ireki zituzten mugak, baina, gero, berriz itxi zituzten, kasuen gorakadagatik. Bi kontrol-puntutatik baino ezin nuen pasa Txiletik Argentinarako muga, eta horrek buruan neukan ibilbidea aldaraztea eragin zidan. Azkenean, laku eta sumendietatik jaitsi nintzen Payneko dorreak, Chalten, Fitz Roy, Cerro Torre eta halako parajeak bisitatzera.
Nola moldatzen zinen jateko eta lotarako?
Kanpin-denda, sukalde txikia, ura eta jana zakutoetan eta petatean eramaten nituen. Lehen egunetan Txileko kanpinetan egiten nuen lo. Lakuetan nengoenean, sarri vivac egiten nuen. Baina udazkena gerturatu ahala, elurra, euria eta haizeteak ugariagoak ziren, eta egunak laburragoak. Hostaletan egiten nuen lo batzuetan, eta beste batzuetan, etxebizitzetan; izan ere, Patagonian badago jendea aterpea eskaintzen dizuna ostatatzeko. Ahoz ahokoarekin egiten nituen kontaktuak.
Gero, Santiagora itzuli behar...
Erabaki nuen autostopean egitea itzulera. Noski, bizikleta gainean izanda, ibilgailu astunetara bakarrik igo nintekeen. Bada, hainbat kamioilarik eman zidaten eurekin bidaiatzeko aukera. Argentinarrak beti daude prest jendea eramateko; bidaia luzeak direnez, entretenitu egiten dira. Hori bai, bizikleta edozein modutan lotzen zuten, gurpil artean eta horrela. Esaten nuen: ai ene! Txiletarrak itxiagoak ziren argentinarren aldean.
Ondo irten zitzaizun plana, aurten Kuban ere izan baitzara sei astez.
Hara bizikleta zaharrago batekin joan nintzen, han uzteko asmoarekin. Egia esan, desilusionatuta itzuli naiz; kubatarrek esaten zidaten ez direla sekula orain bezain gaizki egon. Olioak hileko pentsioaren hiru laurdena balio du kalean; pentsa...
Zer esaten zizun jendeak?
"Ez dizu beldurrik ematen emakumea izanda bakarrik ibiltzea?". Bada, ez. Ni herri txikietan ibiltzen nintzen, eta egunez. Bere kabuz bidaiatu nahi duena Donejakue bidea egiten has daiteke, esaterako; lehen pausoa eman, urrunago bidaiatzera ausartzeko.
Zeintzuk dira begiz jota dituzun hurrengo bidaiak?
Lagun talde batekin Transpirenaicako etapak egingo ditut. Indiara eta Tibetera ere joango naiz lagun batekin.
Mikel Gonzalez: "Elkartrukeak egitea zen xedea, eta bete dut"
Gonzalez, ezkerretik hirugarrena, Kretako kafetegi batean, han egindako lagunekin.
Sei hilabeteko bidaia egin berri du Mikel Gonzalezek Italian eta Grezian barrena. Work Away plataformaren bitartez egin ditu egonaldiak, tokiko jendearen aldamenean.
Zer eskaintzen du Work Away aplikazioak?
Bidaiariari, jana eta lolekua; eta bertakoari, lan-indarra. Elkarlanean oinarritzen da: bertakoak bidaiaria mantentzen du eta bidaiariak etxeko lanetan laguntzen dio bertakoari. Askotariko lanak probatu eta bidaiatzeko aukera aproposa iruditu zitzaidan, kulturak ezagutzearekin batera. Egon zaitezke toki berean astebete, edo hiru aste, eta, plan merkeak eginez gero, poltsikoak ez du zertan askorik igarri.
Kontatu nondik nora ibili zaren.
Abenduan Sizilian hasi nuen bidaia. Hurrena Pugliara joan nintzen, Calabriatik, eta, gero, Napoli ingurura. Aste Santuan Italia iparraldean egin nuen turismo pixka bat, handik Kretara joan nintzen, eta, ondoren, Greziara. Atenasen ibili eta gero, Samosen egon nintzen, Turkia alboko irla batean. Ekain erdialdean itzuli nintzen Arrasatera.
Egonaldi horietan ze lan egokitu zaizkizu?
Nire asmoa askotariko eginkizunak betetzea zen, hala nola eskulanak egiten trebatzea, egurrarekin eta zementuarekin jardunda. Sizilian ortu, konpost eta animaliaz betetako permakultura-ustiategi batean lagundu nuen. Puglian etxalde batean ibili nintzen sastrakak kentzen eta zementuarekin, harriarekin eta egurrarekin gauzak egiten. Napoli alboan, ostera, egurrezko altzariak berritzen aritzeko aukera eman zidaten. Kretan ere antzeko lanak egin nituen, eta etxean lagundu, arropa eskegitzen eta. Samosen, azkenik, belarrak kentzen, txakurrak ateratzen, garbitzen, zementua jartzen... jardun nuen. Egia esan, denetik egin dut.
Eta hango jendearekin bizi izateak zer eman dizu?
Aberastasun kulturala. Pertsona asko ezagutu ditut gertutik. Oso atseginak dira, beti daude laguntzeko prest. Kalean bertakoekin egoten nintzenez, haien lagunak gerturatzen zitzaizkidan kuriositatez, eta lasai hitz egiten genuen. Hala, ingelesa eta italiarra praktikatu ahal izan dut. Bestalde, bakarrik bidaiatzen duen jendearekin enpatia handiagoa daukat orain, halaxe ibili naizelako ni neu. Esaterako, ikusten nuen tren geltokian norbait, eta aurreiritziak gainditu eta harengana joaten nintzen zalantzaren bat argitzeko; toki batetik bestera laguntzeko prest daude; oso adeitsuak dira.
Sortutako harremanek jarraipena izan dezakete?
Noski! Laster etorriko da aterpea eskaini zidan lagun bat hona, gure etxera. Herrialde askotako jendearekin egon naizenez, aurrerantzean haien bizitoki ingurura joateko asmoa baldin badut, eurengana joko dut lehendabizi; eta berdin haiek hona etortzen badira: prest egongo naiz edozein gomendio edo erraztasun emateko.
Lehen zeneukan bidaiatzeko ikuspuntua aldatu egin al da?
Hein batean, bai. Toki ezezagun batera egun gutxi batzuetarako baldin bazoaz, ez duzu hango kultura askorik zukutuko. Aldiz, aste batzuk tokiko jendearekin pasata, esperientzia askoz aberasgarriagoa izaten da; benetan gomendatzen dut modu horretan bidaiatzea.
Arrasaten bizi den 71 urteko markinarrak taldean bidaiatzen du erretiroa hartu zuenetik. Halcon Viajes agentziak antolatzen duen irteeretan ematen du izena.
Zerk egiten du eskaintza horrek berezi eta erakargarri?
Alde batetik, oso ondo antolatuta daudela; egunez eguneko ekintzak daude programatuta, bisita gidatuak eta halakoak, eta denbora libre dezente ere izaten dugu. Gainera, guk erabaki dezakegu antolatutako ekintzetan parte hartu edo beste zerbait egin, baldin eta bukaeran esaten diguten ordu eta tokian agertzen bagara. Bidaia agentziakoren bat etortzen da beti gurekin, eta hori lasaigarria da. Bestetik, oporretan sozializatzeko aukera ematen didala; bakarrik bizi naizenez, balio handia ematen diot alor horri, eta, egia esan, lagun mordoa egin ditut modu horretan bidaiatzen. Hogei lagun inguruko taldeak izaten dira, eta sarri errepikatzen dugunak dezente gara, gustura ibiltzen gara eta.
Non egon zarete azkenaldian?
Dubain, Marokon, Turkian, Uzbekistanen, Hegoafrikan... Gurutzaontzian joan ginen Dubaira, pelikuletakoa zirudien 5.000 pertsonako ibilgailuan; Danubion barrena ibai-bidaia ere egin genuen, Hegoafrikan safaria, Kapadozia eta Istanbul artean globoan ibili ginen... Oso esperientzia politak izan dira. Hegoafrikan, Cabo Verden, biziko nintzateke denboralditxo batez, portu inguruan sekulako mugimendua baitago. Aurten, irailerako Islandiara antolatu dute irteera, eta abenduan Namibiara. Gogoa dut, nahiz eta oraindik ez dakidan zer egingo dudan...
Urrutira joaten zarete soilik?
Ez du zertan. Aste Santuan, adibidez, Iberiar penintsulan ibiltzen gara. Datorren urtean Kataluniara joango gara; aurreko egunean egon ginen Halconen gure proposamenak egiten.
Baduzue zer-nolako irteera egin negoziatzeko aukera, beraz.
Bidaiatu aurretik beti ematen dute aukera proposamenak egiteko. Orain Islandiara goazela, hango tokiei buruzko informazioa begiratu dezakegu, eta zerbait gustatzen bazaigu, komentatu. Antolatzaileak zabalik daude gure ideiak entzutera; pozten dira ekarpenak egiten ditugulako, gainera. Ahal bada, aurrera, eta ezin bada, ba, esan egiten dizute. Baina hain ondo antolatzen dizute dena, konfiantza duzu. Ibilbidearen plana bidaltzen dizue, eta, normalean, ados egoten gara guztiarekin.
Lan egiten zenuenean ere sarri bidaiatzekoa zinen?
Bai; Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika, esaterako, sarri bisitatu ditut. Lehen bidaia Suitzara egin nuen, 19 urterekin, hango familia bisitatzeko. 28 urterekin Perura joan nintzen, eta Costa Rican ere egonda nago, hango parke naturalak eta sumendiak ikusten.
Ziur izango duzula kontatzeko anekdota kuriosoren bat.
Gogoan dut Txilen familia maputxe bat ezagutu genuela merkatu batean, kasualitatez. Euren etxera gonbidatu gintuzten eta amonak euskaraz hitz egiteko eta esandakoa itzultzeko eskatu zidan, eta hark gauza bera egin zuen mapudungun hizkuntzan. Bada, emakume hura maputxeen ordezkaria izan zen AEBetan egindako bilkura batean. Sukaldean eserita oroitzen dut, amantala soinean; zerbait esaten zebilela, amantala zabaldu eta txitak zeuzkan barruan, epeletan.
Patrizia Vitelli: "Hiri bat janariaren bidez ezagutu daiteke"
Vitelli, eskuman, turistei azalpenak ematen.
Tokiak eta kulturak gastronomiaren bitartez ere ezagutu daitezke. Zerbitzu horren eskaria nabarmen igo da mundu mailan, asko hedatu baitira azken urteotan janari eta edariak dastatzeko ibilbide gidatuak. Patrizia Vitelli arrasatearrak LEINN ekintzailetza gradua bukatu zuenean, 2015ean, negozio-bide aproposa topatu zuen food tour ereduan, jakinda Euskal Herriaren bereizgarri handienetako bat direla tokiko jaki eta edariak: "Donostian bazeuden bizpahiru enpresa, baina, bestela, nahiko kontzeptu ezezaguna zen Euskal Herrian; Bilbon, esaterako, ez zegoen, eta pausoa ematera ausartu nintzen".
Horrela sortu zuen Bilbao Food Tours enpresa, kanpotarrak Bilboko alde zaharrean barrena tabernaz taberna eramanda. "Azken finean, poteo antzeko bat egiten dugu, pintxoak eta tragoak probatuta. Bien bitartean, nik informazio praktikoa ematen diet, hemengo historia, kultura eta anekdotak azalduta", dio Vitellik.
Kultura talka
Estatubatuarrak ditu ohiko bezero, "lauzpabost egunerako" etortzen diren 40 eta 60 urte arteko gastronomia-zaleak. Antzeko plana izaten dute ia denek: "Goiz batean Guggenheim ikusi, Michelin izarreko jatetxe batean bazkaldu, upategiak bisitatu, pintxo-potea egin nirekin, sukaldaritza ikastaro batean parte hartu...". Profilik ohikoena hori izanda ere, Europatik asteburupasa datorren gero eta jende gehiago apuntatzen dela aitortu du, eta, sarri, gurutzaontzietan egun-pasa datozen turistekin ere egoten dela: "Ondo datorkie zerbitzua, txangoa hiruzpalau orduan amaitzen baitugu".
Eta ze aurreikuspenekin etortzen dira? Zerk harritzen ditu gehien? Hona hemen Vitelliren erantzuna: "Gilda-pintxoak ematen die atentzio handien. Estatubatuarrei antxoa ez zaie askorik gustatzen, eta, olibarekin eta piperrarekin ikusten dutenean, aurpegi arraroa jartzen dute, nahiago dutelako begietatik hobeto sartzen den zerbait probatu: urdaiazpikoa, gazta, kroketa… Baina gilda probatzen dutenean, ia maitemindu egiten dira. Kalimotxoa ere deigarria egiten zaie. Guk azaltzen diegu Algortan duela jatorria. Sangriaren antzekoa dela esaten diet, han asko edaten dute eta".
Normala den bezala, Vitelliri kuriositatea pizten dio beste herrialde batean bidaiatzen dabilenean antzeko bisita gidatuetan parte hartzeak. Dioenez, laguntzen dute jaten ondo ematen duten tokiak deskubritzeko: "Kubara joan nintzenean, denek esaten zidaten gaizki jango nuela han. Ba, ez, asko disfrutatu nuen, toki lokaletan bazkaldu eta afaltzeko aukera izan genuelako, baita familien etxeetan ere".
Hirietatik herrietara
Euskal hiriburuetan janari eta edariak ezagutzeko bisita gidatuak gaur egun "oso esplotatuta" daudela uste du, "erdiguneetako establezimenduetako kartak turistentzat eginak baitaude, ingelesez idatzita". Hori horrela, herri txikiagoetan egiteari "originalago" deritzo: "Ekarriko nituzke bezeroak Debagoienera. Ez dakit halako enpresarik badagoen bailaran, baina Arrasateko Herriko Plazako tabernetan ikusi izan ditut bisitariak ibilbide gidatuak egiten. Atentzioa ematen du".
Antonio Zabala: "Filmen lokalizazioetara joateak grazia du"
Zabala, ezkerretik lehenengoa, anaiarekin batera.
Pelikuletan agertzen diren paisaiak erakargarri turistiko indartsua direla ez du inork zalantzan jartzen. Janariarekin gertatzen den bezala, Euskal Herriko parajeak kanpotarraren kuriositatearen pizgarri dira. Game of Thrones telesailak are ezagunago egin zituen Bermeoko Gaztelugatxe haitza eta Zumaiako kostaldea. Azken horrek 8 apellidos vascos filmari esker eskuratu zuen sona 2014an, ordutik hazi egin baita mundu zabaletik etorritako bisitarien kopurua.
Beste herrialde batzuk ez daude fenomeno horretatik kanpo, noski. Antonio Zabala zinemazale bergararrari, esaterako, ekintza polita iruditu izan zaio atzerriko hiriren batera joatean pelikula ezagunetan agertu diren tokiak bisitatzea: "Gaur egun galdu samar dugu ohitura hori, baina 2000ko hamarkadan sarri egiten genituen bisita zinematografikoak anaiak eta biok; ez ginen hiri konkretuetara joaten film klasikoetan agertzen direlako, baina egun batzuetarako egonaldia egiten bagenuen, egun bat hartzen genuen lokalizazioen bisita gidatuetan parte hartzeko".
Austrian barrena
Horixe bera egin zuten Austrian egon zirenean, ohikoak baitira han tour zinematografikoak. The Sound of Music (Sonrisas y lágrimas), Sissi eta The Third Man Europako herrialde hartan daude grabatuta, eta eszenetan agertutako toki asko, dekoratuak barne, turistentzako ikusgai daude. "Salzburgon Sonrisas y lágrimas pelikulako lorategiak, iturriak, lakua eta alboko etxea ikusi genituen, turismo-gidari batek lagunduta eta autobusean hara eta hona joanda. Vienan, berriz, The Third Man-en tourra egin genuen oinez, bizpahiru orduan; Praterko noria, protagonista agertzen den lehen tokia, estoldak... Toki ikoniko asko daude; Sissi enperadoreari eskainitako pelikularen dekoratuetan ere egon ginen, kalean eta Hofburg museoan", gogoratu du bergararrak.
Kanalak eta kafetegiak
Italiako Venezia hiria izan da film klasikoen beste lokalizazio errepikakor bat. Han egon zirenean ez zuten aditu baten azalpenen beharrik izan: "San Marcos plazako kafetegi ugarien artean, propio joaten ginen Summertime filmean agertutakora; fikzio horretan, Catherine Hepburn kanalera erortzen da, eta guk toki hori ikusi nahi izan genuen. Izan ere, ondoan denda bat dago, Kubricken Eyes Wide Shut filmeko maskarak eta postalak saltzen dituena, eta, noski, han ere izan ginen".
Veneziatik irten barik, honako anekdota hau kontatu du Senso-n agertzen den La Fenicche opera-antzokiari buruz: "1996an erre egin zen, deskuidu batean, obrak egiten zebiltzala. Bada, 1954ko Senso filmeko planoetan oinarritu ziren berria egiteko; istorio hori kontatu ziguten antzokian".
Etxean bezala
Europatik Ameriketara salto eginda, hamaika dira New Yorken girotutako ikus-entzunezkoak. Zinemazaleek lehen aldiz bisitatzen dutenean, aurretik egon izana sentitzen dute: "Hori gertatu zitzaigun King Kong-en agertutako Empire State eraikina eta North by Northwest-eko Plaza hoteletik pasa ginenean", aipatu du Zabalak.