Domekan, uztailaren 2an, iritsiko da Frantziako Tourra Debagoienera; Bigarren etapa, Gasteiztik abiatuko da, eta Donostian amaituko da. Tartean, Aramaio, Arrasate eta Oñati igaroko dituzte txirrindulariek, eguerdi partean. Bailaran Kurtzetatik sartuko da Tourra, eta aramaioarren kasuan, San Martinak ospatzen arituko dira. Udaletik jakinarazi dute lasterketa pasa baino bi ordu lehenago itxiko dutela errepidea, 10:30etan. Probako azken kotxea pasa ondoren, ordubiak bueltan, errepidea berriz zabalduko dute.
Aramaio atzean utzi ondoren, Uribarri Etorbidetik iritsiko dira txirrindulariak Arrasatera. Ondoren, Zarugalde, Otalora Lizentziatua eta Gipuzkoa Etorbidea igaroko dituzte, Oñatirako bidea hartu baino lehen. Arrasateko Udalak jakinarazi du udaltzainek 10:15etan itxiko dutela errepidea. Azkenik, Zubillagatik Tourrak Oñati zeharkatuko du, eta hemen ere trafiko mozketak izango dira.
Aparkalekuei dagokionez, Arrasaten uztailaren 1eko eguerdiko 14:00etatik aurrera debekatuko da ibilbidean zehar autoa aparkatzea, eta Oñatin, egun berean, 20:00ak baino lehenago hustu beharko dira aparkalekuak. Era berean, Oñatin, Lurraldebusek ez du autobus zerbitzurik egingo, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala erabakita.
Horrez gain, hainbat gomendio ere eman dituzte Aramaio, Arrasate eta Oñatiko udaletxeek. Ibilbidera denborarekin hurbiltzeaz gain, antolakuntzaren, erakundeen eta udaltzainen agindu eta gomendioak errespetatu eta bete beharko dira.
Frantziako Tourra iristear dagoen honetan, Arrasateko Udalak, Gure Eskuk eta Oñatiko EAJk lasterketa egunean errepide bazterretara ikurrinarekin ateratzeko deia egin dute, eta baita ere balkoietan ikurrina jartzeko gonbita luzatu dute. Arrasateko Udalak 100 ikurrina banatuko ditu herritarren artean balkoietan ikurrina jartzeko.