Antolatu eta saretu, indarra hartzeko

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko eka. 28a, 08:16

Ekainaren 28ko manifestazioa, Oñatin, 2021 urtean.

Ekainaren 28a da gaur, eta aldarrikapenez eta ospakizunez betetako Harrotasun Eguna ospatuko da. LGTBIfobiarekin erlazionatutako eraso ugari izan dira azken hilabeteetan Euskal Herrian, eta, horren harira, sexu askapenerako mugimenduak saretzearen eta elkartzearen beharra nabarmendu du.

Puntua aldizkariaren 372. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Aldarrikapenerako eguna da ekainaren 28a, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna edo LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna. Ospakizunez harago mobilizaziorako eguna ere badela nabarmendu dute Arrasateko Morbor eta Aretxabaletako Atxabalta Harro kolektiboek ere. Gaur-gaurkoz, bi eragile horiek dira Debagoienean dauden LGTBI+ mugimenduko kolektibo antolatuak. Izan ere, azken urteetan, Euskal Herriko sexu askapeneko mugimenduak saretzearen eta antolatzearen beharra azpimarratzen ari dira, "jarrera oldarkorrei eta erasoei aurre egin ahal izateko. Borroka eta aldarrikapen eguna da, alde batetik, baina baita bizitza bera ospatzekoa ere. Ekainaren 28ak erakusten digu egun batetik harago ia dena daukagula oraindik egiteko, urteko egun guztietan. Ez gara egutegiko egun seinalatu bat, ez gara astebeteko kausa bat, ez gara festa bat, ezta desfile huts bat ere", diote Morbor elkarteko kideek.

Jarrera oldarkorrekin arduratuta

Sexu askapenerako mugimenduak oso arduratuta daude azkenaldian gertatzen ari diren eraso eta jarrera LGTBIfobikoekin: "Zoritxarrez, indarkeria eta gorrotoa, bizitzako beste esparru batzuetan bezala, areagotzen eta gordintzen ari da. Belaunaldi guztiekin dago lan handia egiteko, haur, gazte zein helduekin. Egungo ereduak desikasi eta eredu berriak eraiki behar ditugu eguneroko bizitzara ekartzeko".

Joseba Gabilondo Markes: "Gazteak euren artean saretzera animatzen ditugu"

Joseba Gabilondo Markes (Eskoriatza, 1984) parekidetasun eta LGTB+ gaiak lantzen dituen Hiruki Larroxa kooperatibako kidea da. "Formakuntza eta aholkularitza eskaini eta diagnostikoak egiten ditugu; horrez gain, taldeetan izaten diren gatazketan laguntzen ere ibiltzen gara. Gure helburua gizartea pentsamendu kritikotik aztertzea da; gertatzen diren harreman-desorekak desagerrarazteko pentsamendu kritikoa ezartzea", dio Gabilondok.

Gazte, LGBTI+, eta harro gazteak ahalduntzeko tailerra eskaintzen duzue. Zertan datza?

Gazteak konturatzea LGTBI+ pertsona izatea gaur egungo gizarte zisheteropatriarkalean zer den; zer eskatzen diguten heteroarauek, eta hortik irteten garenok nola bizi dugun; nola elkartu gaitezkeen. Gure esperientzia kontatzen dugu. Ideia da gazteen arteko harreman horrek sendotzea, denok batera gure bizitzak hobeak izateko helburuan zer egin dezakegun ikusteko. Saiatzen gara bideratzen gazteak antolatzera eta sexu askapeneko herri mugimenduetan parte hartzera. Horretarako, hainbat aukera daude, badaudelako hainbat kolektibo horretan dabiltzanak, eta horien gaineko informazioa ematen diegu. Euren kolektiboak sortzeko aukera dutela azaltzea ere garrantzitsua da. Askotariko arazoak izaten dituzten gazteak elkartzea da ideia, eta elkar babestuz eta zainduz antolatzea gizarte eraldaketarantz joateko.

"Gazteek elkar babestuz gizarte eraldaketarantz antolatzea da xedea"

Nola ikusten dituzue gurean LGTBI+ gazteak?

Ikastetxeetan egin ditugu diagnostiko batzuk. Ikastetxearen eta inguruaren arabera aldatu egiten dira joerak, baina esango nuke gaur egun badagoela horrelako loraldi moduko bat batxilergoan eta karrerako lehenengo mailan. Bisexual moduan aurkezten diren gazte dezente daude. Ikusten dugu LGTBI pertsonak bisibleak direla. Guk, 30-40 urte inguruan gabiltzanok, ez dugu hori bizi izan. Aldaketa bat gertatu dela ikusten da, beraz. Badago aukera norberaren identitatea lasaiago adierazteko. Hor gertatu da aurrerapausoa. Baina aurrerapausoek, normalean, sistemaren erantzuna ekartzen dute. Hori ikusten ari gara, gero eta jarrera atzerakoi gehiagorekin; gehienbat, mutilen aldetik. Lan asko egiten dugu mutilekin eta gizonekin, patriarkatuak gizonoi exijitzen digun edo daukagun mandatu horren inguruan hausnartzeko. Horrekin oso lotuta dago homofobia, eta gaur egungo gazte mutilen artean erreakzio bat dagoela ikusten ari gara. Eraso dezente entzuten ari gara, eta hori guztiz dago lotuta dagoen gizon eredu patriarkalarekin; era berean, indarkeriarekin, homofobiarekin eta transfobiarekin oso lotuta dagoena.

 

Eraso LGTBIfoboak azkenaldian gehiago entzuten dira ala gehiago gertatzen dira?

Gehiago entzuten dira. Horrek ez du esan nahi lehen baino gehiago daudenik, baizik eta gehiago entzuten direla. Hori da indarkeria matxistarekin gertatzen dena. Egia da gero eta kontzientzia handiagoa dagoen momentuan gero eta tresna gehiago ditugula indarkeria identifikatzeko –ez delako soilik eraso fisikoa, baizik eta bestelakoak ere badaude–. Tresna gehiago ditugu, eta hori mugimendu feministari esker da, nagusiki, eta sexu askapen mugimenduari esker ere bai. Hala ere, oraindik ere ez daude tresna horiek denon eskura, batzuetan ez da-eta erraza indarkeria moduan identifikatzea gauza batzuk. Horregatik, garrantzitsuak dira lehen aipaturiko tailerrak; oso garrantzitsua da gure artean saretzea. Askotan, hor identifikatzen dira arazoak, elkarren arteko esperientziak partekatzen, eta, denoi gertatzen bazaigu, bada, zerbait gertatzen ari den seinale. Bestalde, erreakzionarismoa ere badago. Eta erreakzio horien atzean, askotan, beldurra dago. Beldurra botere posizioa galtzeari, gizonen kasuan. Fanatismoa ere badago. Esango nuke hor dagoen elementu bat badela, eta ondo begiratu behar diogu: gorroto- diskurtsoena. Sexu askapenerako mugimenduak denbora darama ohartarazten. Eraso horiek guztiek justifikatzen dutena, nolabait, botere posizio batzuetatik entzuten diren gorroto diskurtsoak direla. Haiek legitimatzen dituzte kalean erasoak egitea.

"Bizi ditugun arazoek sexu-heziketa gehiago behar dela erakusten dute"

Gazteekin nola lantzen duzue erasoen eta LGTBIfobiaren gaia?

Bi ikuspuntu daude. Aniztasunari edo errealitateari balioa eman diezaiokegu, munduan zer dagoen erakutsi dezakegu modu positiboan, edo indarkeria bera zuzenean landu dezakegu. Bi ikuspegi horiek kontuan hartzen saiatzen gara. Hiruki Larroxatik buelta asko ematen dizkiogu mutil gazteen erreakzioaren kontuari. Iruditzen zaigu asko handitu dela erreakzionarismo hori. Hori ari gara aztertzen, eta ikusten ari gara batzuek egiten dituzten komentario homofoboen aurrean adierazpen askatasuna jartzen dutela. Adierazpen askatasunaren eta askatasunaren ulerkera desegokia dagoela ikusten dugu. Hor ari gara zailtasunak aurkitzen mutil gazte horien aldetik.

Aurreiritziei eta estigmei aurre egiteko sexu- hezkuntza gehiago behar dela azpimarratzen duzue.

Jendarte sexofobo baten bizi gara, eta, era berean, gizarte oso sexualizatu baten. Paradoxa bat dela ematen du. Estigmak hor daude, bai, baina ez nuke esango momentu honetan hor arazoa dagoenik. Erasoak eta erreakzioak arazo gehiago sortzen ari dira. Sexu-hezkuntza gehiago behar da. Hitz egiten da pornografiaren arazoaren inguruan. Pornografia arazoa dela… Pornografia hor dago; baditu arazo batzuk, baina erotikaren munduan erabiltzen den beste gai bat da. Kritikatu behar direnak bertan agertzen diren ereduak dira. Horrek guztiak erakusten digu ikastetxeetan sexu-hezkuntza gehiago behar dela. Sexu-hezkuntza, askotan, kondoia erabiltzearen kanpainetatik eta halakoetatik abiatzen da. Sexualitatea arriskutsua dela da bideratzen ari garen mezua. Eta, gure ustez, arriskutsua ez da sexualitatea. Noski, prebentzioak hartu behar dira, baina ez da ezer txarra ez asko egitea ez gutxi egitea.

Morbor: "Ahalduntzen jarraitu behar dugu"

Arrasateko Morbor elkartea 2019 amaieran sortu zuten, sexu askapenean eragin eta kolektibo transmaribibolloa aktibatzeko helburuarekin: "Sortu ginenean loraldi moduko bat izan zen, mugimendu feministaren olatu betean geunden eta Arrasaten sexu askapenerako eragile gisa inoiz egondako jende kopuru zabalena batzea lortu genuen. Guretzako eztanda moduko bat izan zen, Arrasaten beste kolore, gorputz eta ahots batzuk erdigunera ekartzeko. Belaunaldi gazteagoak ere taldera batzea nahi genuke, baina, oraingoz, ez dugu taldea biziberritzerik lortu".

Arrasateko gazte LGTBIen egoera duela urte batzuk baino apur bat hobea dela diote: "Egia da gaur egun bereziki belaunaldi gazteek askatasun maila handiagoa dutela sexu eta genero eredu anitzak bizi eta aldarrikatzeko, baina, sarritan, oso plano indibidualean ulertu eta bizi da hori. Kontzientzia kolektiboan eta politikoan eragiten eta ahalduntzen jarraitu beharra dago. Ikusi besterik ez dago gero eta estatu gehiagotan gertatzen ari den faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadak zer dakarren. Mehatxu hori gurean ere ate joka dugu, gero eta gertuago eta modu oldartuagoan".

"Beste kolore, gorputz eta ahots batzuk erdigunera ekarri ditugu"

Gainera, erasoen arazoaren oinarria gizarte ereduan dagoela aipatu dute: "Arazoa egiturazkoa eta kolektiboa da. Jendartea goitik behera egituratzen duen balio sistema jakin batek nagusiki zisa, heterosexuala eta patriarkala den eredua dauka oinarrian. Horrek eragiten ditu egungo sexu-genero rol matxista eta zurrunak, indarkeria egiturazkoa eta sexu eta genero aniztasuna ukatu, eta pertsona guztien bizitzek balio eta aukera bera izateko aukera ukatzen du horrek, aniztasuna, estali, ukatu eta hegemonikoak diren pertsonen –gizon zuri zis eta heterosexualak– pribilegioak gainerako pertsonon bizitzen gainean inposatu".

Eguneroko lanketa

Saretzearen eta ikusaraztearen garrantzia azaldu du Morborrek: "Sexu askapenak eta kolektibo transmaribibolloak bizi duen errealitateari gai ugari lotzen zaizkio. Transfobiatik hasi eta sexualitatea modu askean bizitzeko aldarrikapeneraino, sexilioa, armairua, merkantilizazioa, lan arloko zailtasunak, osasun sisteman zein hezkuntza arloetan aurkitzen ditugunak – erasoak, suizidio kasuak, bullying-a, trans identitateen patologizazioa–. LGTBI kolektiboak erronka eta arazo ugari ditu jendartean eta bizitzako esparru guztietan, eta horiek guztiak argitara ekartzen saiatzen gara, ikusarazten, salatzen, aldarrikatzen… Kaleko ekintzez gain, zine zikloak, jaialdiak eta hitzaldiak antolatu izan ditugu eta inguruko eragileekin elkarlanean aritzen gara; gaztetxea, mugimendu feminista, Emakume Txokoa…".

Atxabalta harro: "Kolektiboa indartzen ari da Aretxabaletan"

Otsailean sortu zuten sexu askapenerako mugimenduaren parte den Atxabalta Harro elkartea. Nerian Perez eta Jon Delgado elkarteko bi kide dira: "Guk sentitzen genuena besteengana helarazi nahi genuen. Harrotasun Egunaz harago, kolektiboko jendeari hemen gaudela esan nahi diogu. Ikusgarritasuna ematea kolektiboari Aretxabaletan. Zarata egin nahi dugu, jakin dezatela hemen gaudela. Garrantzitsua da jendeak parte hartzea eta kontzientziatzea. Azkenean, gurea borroka bat da. Ekainaren 28aren jaiaren atzean ere borroka dago, eta kolektiboa indarra hartzen ari da Aretxabaletan. Horrelako talderik ez zegoen duela hamar urte hemen, eta talde baten kide izanik eta antolatuta egoteak babestuta sentiarazten gaitu, ordezkatuta. Herria arnasgune bilakatu behar dugu normatibitatetik kanpo dagoen jendearendako ere", azaldu dute.

"Herria arnasgune bilakatu behar dugu normatibitatetik kanpokoendako"

Orokorrean, Aretxabaletako gazteak "ahaldunduta" ikusten dituzte elkarteko kideek. "Gaur egungo gazteria kontzientziatuago ikusten dugu. Ez dute lehen beste batzuek izan genuen beldur hori. Mugimendua indartsuago dago duela hamar edo hogei urte baino. Hain zuzen ere, 30 urtetik gorako kolektiboko jendea pasiboago ikusten dugu, orokorrean; erosoago daude", dio Nerian Perezek.

"Gazteengan matxismo asko ikusten ari gara. Askok erreferentea lortu dute, gainera, ultraeskuineko alderdi bat dagoelako Parlamentuan. Gorrotoa piztu egin dute, eta horrela pentsatzen duen jendea, homofoboak, adibidez, orain babestuta sentitzen dira. Gainera, eraso mota asko daude; batzuk muturrekoak dira –jipoiak–, baina egunerokoan horrenbeste ikusten ez diren asko ditugu", dio Jon Delgadok.

Aurrekoak oroitzeko eguna

Ekainaren 28a modu oso berezian biziko dute aurten Atxabalta Harro elkarteko kideek. Joan den aste bukaeran, ekitaldiz beteriko Harro Asteari ginga jarri zioten, baina ekainaren 28an ere kalean egongo direla aitortu dute. "Gure eskubideengatik jendeak egin duena gogoratzeko eguna da niretzat. Nik ortzadarraren bandera balkoira ateratzen dut euren omenez. Testigua hartu behar diegu oso ausartak izan diren horiei. Horretan oso kontzientziatuta egon behar dugu", dio Perezek.

"Urteko egun guztietan ospatu beharko genuke. Gure eskubideak aldarrikatzeko egun bat da, baina, azkenean, atzean geratu direnak eta borroka egin duten guztiak gogoratzeko eta denok bat egiteko eguna ere bada. Nahiz eta gure eskubideak kendu, existitzen jarraituko dugula ozen esan nahi dugu", adierazi du Delgadok

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak