Kalte larririk ez baina "susto itzelak" eragin zituen atzoko ekaitzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko eka. 13a, 15:45

Ekaitza iragarrita zegoen eta ekaitza etorri etorri zen; oso indartsu eta zakar, gainera. Atzo iluntzeko euri zaparrada mardulek ez zuten kalte pertsonalik eragin, ezta kalte material larririk ere ez, baina ekaitzak litroak eta litroak utzi zituen Debagoienean. Susto aipagarrienetako bat Bergarako Aranzadi ikastolan izan zuten.

Euskalmeten datuen arabera, Arrasaten 0,7 litro metro karratu bota zituen ordubetean. Urkulun hartutako datuen arabera, 5,6 litro izan ziren metro karratuko; bide batez, urtegiaren gaur egungo betetze maila, ehuneko 65,36koa.

Hala ere, Oñati eta Bergara inguruan eman ziren euri jasa handienak. Oñatin bota zuen euri gehien ordubetean, 14,2 litro metro karratuko pilatu ziren-eta. Kalte larririk ez, baina argia joan zen Oñatiko hainbat txokotan eta, udaltzainen arabera, etxebizitza batean ura ateratzen aritu ziren suhiltzaileak.

Agurtzane Loidi (Aranzadi): "Eskerrak guraso talde batekin bilduta geundela"

Bergaran ere 12,7 litro metro karratu ziren, eta Aranzadi ikastolakoa izan zen susto aipagarrienetako bat; atzeko patiotik ur asko sartu zitzaien.

"Susto itzela" izan arren Loidik dio azkar erreakzionatu zutelako ez zirela ondorioak izan direnak baino larriagoak izan. Kalteak baloratzen dihardute orain.

Bergara eta Antzuola arteko errepidea itxita egon zen une batez zuhaitz bat erori zelako eta Antzuolako herrigunean ere irudi ikusgarriak utzi zituen ekaitzak.

Jokin Rodriguez (Larrea taberna): "Herriko hustubidea da gure taberna ingurua"

Larrea taberna izan zen ura sartu zen lekuetako bat; kalte material handirik ez zen egon, baina tabernako arduradunak kezkatuta daude gero eta ohikoagoa den fenomenoa delako. "Bergaratik bueltan nentorrela dena topatu nuen hankaz gora. Gure burukomin handiena da taberna ataria maldan behera dugula eta halako egoeratan herriko hustubidea bihurtzen dela gure taberna ingurua. Atzokoak ez zuen kalte materialik eragin baina askotan ibiltzen gara beldurrez".

Bergaran jarraituz, Uberako eta Angiozarko inguruak zuri gelditu ziren une batez txingorrak eraginda, tamaina handiko izotz bolekin, eta Laberagaraieta auzoan ere, Amilotx taberna parean, putzu handiak sortu ziren. Bailarako beste hainbat lekutan ere izan ziren ezustekoak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak