Arratsaldeko 19:00ak inguruan hasi da euria Debagoienean. Herri batzuetan zaparrada mardulak bota ditu eta ondorioz ur putzuak sortu dira han eta hemen; Oñatin, gainera, ekaitzaren ondorioz argia joan da auzo eta kale gehienetan. 20:00ak baino lehen ezarri dute berriro ere argia toki gehienetan. Xabier Igartua, Oñatiko Udaleko jarduneko zinegotzia: "Oñargiko transformagailu printzipala itzali da ekaitzaren eraginez, eta eskuz berarmatu dugu, lineaz linea segurtasunagatik".
Iluntzeko zaparradak handiak izan dira; Zubillagan esaterako txingorra ere egin du, errepide bazterrak zuri utziz.
Bergaran aldean ere gogotik bota du. Ura sartu da hainbat eraikinetan; horien artean da Aranzadi ikastola. Jolastokitik sartu da kanpoan pilatu den ura eta ahal duten heinean ari dira ura kentzeko lanetan.
Ertzaintzatik gehitu dute ur putzu handiak daudela sanmartzialerako bidean eta, baita ere, Berdura plazan.
Txingorra Uberan eta Angiozarren
Bergaratik Elgetarako bidean txingorra bota du. Hori izan da kasua Uberan zein Angiozarren. Inguruak zuri gelditu dira eta tamaina handiko izotz bolak izan direla ikus daiteke. Behe lainoa sartu da eta ikusmena asko murriztu da baina errepideak zabalik dira.
Antzuolan errepidea tarte batez moztuta
Antzuolan ere ur emari handiak datoz kalean goitik behera. Erreka handituta dator eta GI-2632 errepidea ere itxita egon da tarte batez zuhaitz bat erori delako. 19:30ean jaso dute abisua Ertzaintzan eta zuhaitza kentzeko lanen ostean zabalik dago atzera ere errepidea.