Gorde, identifikatu eta zabaldu

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko eka. 13a, 14:23

Artxiboen Nazioarteko Eguna izan zen ekainaren 9an. Ikertzaileendako toki itxi eta erdi-ezkutukoak diren ustea badago ere, kontsultarako gune irekiak dira, orokorrean, artxiboak. Hala, Debagoieneko hainbat artxibok eta artxibozainek egiten duten lana gertutik ezagutu nahi izan du PUNTUAk.

Puntua aldizkariaren 370.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Artxiboek "erabakiak, jarduerak eta memoria zaintzen dituzten erakunde gisa duten eginkizunaz gizartea sentsibilizatzeko", 2007an Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak (ICA) ekainaren 9a aukeratu zuen Artxiboen Nazioarteko Eguna izendatzeko. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondare bakar eta ordezkaezin hori gorde eta zaintzeko espazio biziak dira artxiboak, etengabe eguneratzen doaz-eta, dokumentu berriak sortu ahala.

Ez da ohikoa, Euskal Herriko beste eskualde batzuekin lotuta –artxibozainen esanetan–, Debagoienean dauden artxiboen eta artxibozainen presentzia eta hedapena. Izan ere, bailarako hiru herri nagusienek udal artxiboa izateaz gain, han lan egiten duten artxibozainak dituzte, teknikariak. Gainera, Oñatin Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa dago, eta pribatuak diren beste hainbat artxibo garrantzitsu ere bai.

Artxiboak, gune irekiak

Arraroa dirudien arren, artxiboen funtzio nagusietako bat herritarrei irekita egotea da; hau da, kontsultarako gune irekiak dira. Debagoienean, batez ere, genealogiarekin loturiko kontsultak egiten dituzte herritarrek, udaletan eta Foru Aldundiko artxiboetan lan egiten duten artxibozainek diotenez. Hala ere, ikertzaileen eta historialarien espazioak ere badira artxiboak, sarritan jo behar dutelako haietara dokumentazio bila.

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa

Ramon Martin, artxibozaina: "Dokumentazioa jasotzea, identifikatzea eta zabaltza da gure lana"

Oñatin dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak notarioek historian zehar idatzitako dokumentu guztiak jasotzen ditu, XVI. mendetik 1922ra artekoak – ehun urte betetzen dituztenean jasotzen dituzte dokumentuak–. Bestalde, Espainiak Gipuzkoan XIX. mende erditik gaur egunera sortutako dokumentazio asko ere badago artxiboan, eta Gipuzkoako Justizia Administrazioak sortutako dokumentazio asko ere bai; 1960ra arterakoa, hain zuzen. "Zazpi kilometro apalategi ditugu dokumentuetan. Gaur egun, gainera, gehiago ditugu, Koldo Mitxelenako artxiboa hona ekarri dutelako, han lanak egiten ari direlako. Beraz, hamaika kilometro apalategi ditugu orain. Horren harira, artxiboaren %1 inguru izango dugu digitalizatuta. Zaila da, dokumentu asko ditugulako. Dokumentazio jarraitua XVI. mendetik aurrera dugu. Hortik atzera, dokumentu solteak ditugu", dio Ramon Martin artxibozainak.

"Gure lana da dokumentazioa jasotzea, identifikatzea eta deskribatzea, jakin behar dugulako gure eskuetan zer dagoen, eta zabaltzea. Eta horien oinarrian beti dago kontserbazioa. Dokumentuak ondo babestea ∂eta zaharberritzea gakoa da guretako. Horregatik, zaharberritzeetarako laborategia dugu hemen. Oso emaitza onak lortzen ari gara", azaldu du.

Kontsultarako irekita

"Edozein herritarrek egin dezake eskaera eta hona etorri artxiboen kontsulta egitera. Arazoa da dokumentu askok eskatzen dutela aldez aurretik lan dezente egitea; batez ere, letra dela eta. Bestalde, guk ditugun dokumentu asko ulertzeko garai hartako hizkuntza dominatu behar da. Zaila da erabiltzea dokumentu multzo handi hori", aipatu du Martinek.

"Sarean badugu kontsultarako gunea, eta ia milioi bat erreferentzia ditugu han. Eta milaka irudi daude kontsultatzeko moduan. Beraz, gure erabiltzaileen %90ek ez dute artxiboa zapaltzen; etxetik egiten dituzte kontsultak. Azken 20 urteetan artxiboen mundua asko aldatu da, alde horretatik. Etxetik artxiboarekin harremana izan dezakegu. Webgunetik kontsulta asko jasotzen ditugu; gehienak, arbasoen bila. Atzo bertan argentinar batzuk izan genituen hemen. Hamabost minutuan datu dezente aurkitu genituen. Zorte hutsa izan zen", dio.

Arrasateko Udal Artxiboa

Mari Jose Axpe, artxibozaina: "Artxiboa digitalizatzea da gure hurrengo erronka"

Arrasateko Udal Artxiboa bi gunetan dago banatuta gaur egun. Udaletxeko sotoan artxibo historikoa dago, 1945era artekoa; eta gainontzekoa Markuleteko egoitzan dago. "Digitalizatzea da gure hurrengo erronka. Momentu honetan, dokumentazioa kokatzen eta aurkitzeko erregistratzen ari gara. Egunero erregistroak gehitzen goaz, eta ia 100.000 erregistro ditugu dagoeneko. Gainera, argazki funtsa ere badugu. Kontsultak egiteko, gaur egun, BAZen eskaera egin behar da", azaldu du Mari Jose Axpe artxibozainak.

Artxibora ikertzaileek eta historialariek jotzen dute, batez ere: "Izaten ditugu bisitak, bai, eta jendeak errepikatu egiten du, normalean. Bezeroak dira ia-ia, kar-kar; herrikoak gehienak".

2004an uholdeak gertatu ziren eta udaletxeko sotoari eta artxiboari eragin zioten: "Dokumentuak berreskuratzeko lanean ibili ginen. Gehienak berreskuratu genituen, eta, ondorioz, pergaminoak eta Herri Gutuna, adibidez, zaharberritu egin ziren. Artxiboko dokumentuak Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxiboan izan genituen.

Pergamino bilduma

"Pergamino bilduma oso garrantzitsua dugu. Papera erabiltzen hasi aurreko dokumentuak dira, eta oso egoera onean ditugu, zaharberrituta. Pribilegioak emateko agiriak dira gehienak. XIII eta XIV. mendekoak. Herriaren sorrerako kontuak. Artxiboan dugun dokumenturik zaharrena, bestalde, Herri Gutuna da, 1260koa. Mont Dragon herrixkari Gasteizek zituen foruak eta pribilegioak eman zitzaizkion, eta dokumentuan hori jasotzen da", azaldu du Mari Jose Axpe artxibozainak.

Etengabeko lana

Ia 38 urte daramatza Mari Jose Axpek Arrasateko Udal Artxiboan lanean, eta lana oso gustuko duela onartu du: "Beti dago lana artxiboan... Urteak daramatzat entzuten papera desagertu egingo dela, baina nik gero eta paper gehiago ikusten dut! Gure lana da jendea eskatzen duen horretara bideratzea, euren eskuetan jartzea, gero aurkitu dezaten datu bereziren bat. Artxiboa goitik behera ezagutzen dut, baina ez ditut irakurri dokumentu guztiak. Horregatik, zerbait eskatzen didatenean, ia beti agertzen da zerbait berria".

Oñatiko Udal Artxiboa

Izar Salaberri, artxibozaina: "Harritu egiten dira dokumentuak ikusi daitezkeela esaten diedanean"

Oñatiko udaletxeko goiko solairuan dago Udal Artxiboa. Artxibo zaharra gordetzen da han, eta kontsultak egiteko gunea ere badago. Artxiboko dokumenturik berrienak Bidebarrietako gordailuan daude. "Udalak ematen dituen zerbitzuek dokumentazioa sortzen dute. Hori ordenatu egin behar da, eta gero, modu erabilgarrian laga behar da kontsultak egin ahal izateko. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea dokumentu bat ez dela XV. mendeko liburu polit bat bakarrik. Artxiboak antzinako gauzak hartzen dituzten tokiak bakarrik diren ideia kendu egin behar dugu burutik. Egia da XV. mendeko dokumentuak ditugula, baina baita 2023koak ere. Udal artxiboen kasuan, osoko bilkuretan hartutako erabaki guztiak daude, eta atzera egingo bagenu ulertuko genuke herri bakoitza zergatik den den modukoa", azaldu du Salaberrik.

Artxibozainen egunerokoan garrantzitsua da zein dokumentu diren garrantzitsuak eta zeintzuk ez ondo identifikatzea: "Den- dena gorde behar da? Ez. Dokumentuak zer balio duen ikusi eta aztertu behar da. Administratiboki garrantzia duen, historikoki garrantzia duen... Gaur egungo gauza bizi bat ere bada artxiboa. Jendea harritu egiten da dokumentuak ikusi eta hartu daitezkeela esaten diodanean. Erabilgarri egon behar du artxiboak; bestela, hil egingo litzateke".

Funts ugari

Udalaren funtsaz gain, beste hainbat daude Oñatiko Udal Artxiboan: "Damian Lizaur arkitektoaren funtsa dago, adibidez. Hark Arantzazuko basilikaren oinarrizko obra egin zuen, eta kopiak horiek ere baditugu. Tomas Ugarte aparejadorearen funtsa ere badugu, Gomendio familiaren funtsa, Onraita enpresakoa, Laixan elkartekoa, Oñatiko irratiko audioak, Kontzejupetik-eko hemeroteka... Online, argazkiei dagokienez, Andres Arlanzonen eta Jesus Maria Arzuagaren funtsak ditugu Gure Gipuzkoa webgunean. Gainera, Patxi Elorzaren funtsa ere badugu, baita argazki zaharren bilduma ere, argazki-plakak. Orokorrean, dokumentu bitxiak daude; izan ere, Udalak antolatzen zituen gauza guztienak daude".

Bergarako Udal Artxiboa

Arantzazu Oregi, artxibozaina: "Egindako lanari esker, herrian erreferente izatea lortu dugu"

Bergarako udaletxearen aldamenean dago Udal Artxiboa. 1989a ezkero, Arantzazu Oregi da hango artxibozaina: "Bergarako Udala sortu zenetik, 1268tik, sortutako dokumentazio guztia dugu hemen. Kate bat da; azkenean, orain sortzen diren dokumentuak, espedienteak ixten direnean eta haien balio administratiboa bukatzen denean, artxibora pasatzen dira. Gaur egun gure ondare direnak lortzen dutena da gizarte edo momentu baten lekuko izatea; kasu honetan, Bergarako Udalak hartutako erabakiak edo egin dituen lanak. Lehenengo akta-liburua 1575ekoa da, eta oraindik aktak egiten dira; gaur egun, bideo bidez. Herriaren garapena eta historia erakusten digute hemen dauzkagun dokumentuek".

Hainbat funts daude Bergarako Udal Artxiboan: "1995ean Union Cerrajerako Bergarako lantegiaren itxiera zela-eta, hango dokumentazioa garrantzitsua zela pentsatu nuen. Beraz, haiekin hitzarmena egin genuen, eta artxibo osoa dohaintzan jaso genuen. Gero, dohaintza gehiago izan ditugu. Bergaran ehungintza industriak garrantzia izan du, eta hiru artxibo ditugu: Movilla, Lasagabaster eta Narbaiza. Herriko ondare industriala erakusten dute. Seminarixokoa ere badugu, eta baita Bergarako elkarte kulturalena ere. Promocion Cultural, Kaperixo elkartearena, Bergarako Talde Antimilitaristarena... Argazki funtsak ere asko ditugu: Roman Larrañagarena, Toribio Jauregirena, Valleko kondearena...".

Erreferenteak herrian

"Uste dut lortu dugula erreferenteak izatea edo artxiboa herritarrengana gerturatzea. Oso pozik gaude, alde horretatik. Eskertzekoa da, jendea etortzen delako eta argazkiak, adibidez, uzten dizkigulako. Erakusketak egiteko etortzen dira gurera ere", dio Oregik.

Olaso Dorrea Fundazioko artxiboa

Jabi Lazkano, Olado Dorreko ondarearen kudeatzailea: "Dorreko familiaren historiako dokumentu guztiak ditugu artxiboan"

Bi artxibo daude Olaso Dorrean: Familiarena eta Georges Lacomberena. "Alde batetik, familiaren artxiboa, 1491tik aurrera abiatzen dena, ezkontza baten ondorioz; ezkontzaren hitzarmena hemen dugu gordeta. Familiaren historia 2002an bukatu zen, Maria Josefa Ganuzarekin. Besteak beste, Telesforo Monzonen jarduera politikoa, jarduera kulturala, olerkiak eta lan guztia ere baditugu. Bestalde, Georges Lacomberen artxiboa dugu hemen. Euskaltzale sutsua izan zen, euskaltzaina, eta euskal idazleen eta euskaltzaleen dokumentu asko bildu zituen haren ibilbidean zehar; funts handia sortzeraino. Telesforok eta Maria Josefak jakin zuten Lacomberen arrebak haren artxiboa saldu nahi zuela, eta erosi egin zuten. Kilo bat urreren truke erosi zuten funts osoa", dio Lazkanok.

"Gure webgunean eta Euskaltzaindikoan eskuragarri dago Lacomberen artxiboa. Familiaren artxibo zaharra ere digitalizatuta dago. Gainera, 7.000 argazki inguru ditugu. Antolatu egin ditugu, eta laster igoko ditugu webgunera", aipatu du.

Arantzazuko Artxiboa

Juan Miguel Dorronsoro, Arantzazuko liburuzaina eta artxibozaina: "Balio handiko artxibo musikal zaharra dugu Arantzazun"

Liburutegia eta artxiboa toki berean daude Arantzazuko Santutegian. Han, Arantzazuko artxiboaz gain, frantziskotarren beste komentu batzuetako artxiboak batzen dira gaur egun. "Artxibo ezberdinak batuta daudela esan daiteke. Arantzazu XIX. mendean erre zutenean, dena erre zen. Artxibo musikala bakarrik gelditu zen sutetik salbu. Horregatik, artxibo musikal zaharra dugu, oso garrantzitsua. Beraz, sute aurreko dokumentuak, Arantzazukoak, galdu egin ziren, baina baditugu hainbat dokumentu eta artxibo zahar beste komentu eta toki batzuetatik ekarritakoak. Itxi dituzten komentuetako eta Mendizabalen desamortizazio aurreko komentu batzuetako artxiboak hemen ditugu. Fototeka ere badugu, milaka argazki, eta baita gure anaia izandako Gandiagaren eta Villasanteren funts osoak ere", aipatu du Dorronsorok.

Gaur egun, artxiboa antolatzen eta garbitzen ari dira, kanpoko enpresa baten laguntzarekin: "Dokumentuz dokumentu ari dira lanean, eta bitxikeria asko aurkitzen ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak