Gipuzkoako I. Tripaki Lehiaketa jokatu zen zapatu arratsaldean Arrasateko Seber Altube Plazan. Aretxabaletako Iosu Harategia izan zen txapeldun, bigarren postua Bergarako Antia Harategiak eskuratu zuen, eta hirugarren izan zen Arrasateko Otamendi Harategia. Lurraldeko hogeita sei harategietako tripakiak berotzen aritu ziren Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakin elkarteko kideak, eta epaimahaia tripakiak probatzen eta baloratzen aritu zen. Honako hauek osatu zuten epaimahaia: Josema Azpeitia gastronomia-kritikoak, Patricia Vitteli arrasatearrak, Asier Antia, Ezkiña tabernako sukaldariak, eta Mailu Odriozola, harakina eta Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteko ordezkaria.
Txapelketa jokatzen ari zen bitartean, torneoa ikustera bertaratu ziren arrasatearrek Edertokoek prestatutako hanburguesa eta tripaki dastaketzeko aukera ere izan zuten.
Nazioarteko pintxo dastaketa
Hitzordu gastronomikoekin jarraituz, domeka goizean Osintxun egon zen jateko aukera. Nazioarteko sukaldaritza probatzeko aukera izan zuten osintxuarrek. Gambia, Peru, Argentina, Kuba, Kanariar Uharteak, Suitza edo Marokoko pintxoak prestatu zituzten auzokideek, eta giro ederran aritu ziren goiz guztian zehar. Jardunaldiak helburu bikoitza izan zuen: alde batetik, auzokideen arteko harremanak indartu nazioarteko pintxo ezberdinak probatuz. Eta bestetik, Osintxuko umeen zaintzarako eskolarentzat diru bilketa egin.
Osintxuko auzo elkarteko kideek eskerrak eman nahi zizketen domekan Osintxura hurbildu ziren guztiei: "Egun polita pasa genuen guztiok batera. Eskertza berezia Osintxuko eskolaren alde muxutruk kozinatu zuten guztiei". Era berean adierazi dute, pintxo kopuruak baino txartel gehiago saldu zituztela , eta horregatik, pintxo gabe gelditu ziren horiei dirua itzuliko diete: "Hasiberriak garenez pintxo mundu honetan ez ditugu kantitateak ondo neurtu, eta behar baino txartel gehiago saldu ditugu. Horregatik esan nahi dizuegu txartelarekin eta pintxo gabe gelditu zaretenoi, dirua itzuliko dizuegula. Gurekin harremanetan jartzeko osintxukoperatiba@gmail.com emailera idatzi dezakezue. Datorren urtean Osintxun espero zaituztegu berriro", nabarmendu dute.