Atzo amaitu zen Bergarako Udal Pilotalekuan hogeita bostgarren Bergara Hiria txapelketa. Apirilaren 18an hasi zen txapelketa, eta atzo finalak jokatu ondoren, eman zitzaion amaiera.
Bi debagoiendar izan ziren Bergara Hiria Txapelketako finalean: emakumezkoetan, Leire Galeano antzuolarra, eta gizonezkoetan, Ander Murua arrasatearra. Lehendabizikoa jokatzen Galeano izan zen, eta Aldairekin osatu zuen bikotea. Atzelari antzuolarrak neurketa polita jokatu arren, ezin izan zioten irabazi Garai eta Gaminde bikoteari (19-22).
Gizonezkoetan, zorte handiagoa izan zuen Ander Murua arrasatearrak. Joan den astean, finalerdietan galdu arren, Oskoz pilotariaren ordez finala jokatzeko aukera izan zuen, eta beste behin, joko maila onean dagoela erakutsi zuen aurrelari arrasatearrak. Aldaverekin batera, hasieratik aldea hartu zioten Azketa eta Lizeaga bikoteari, eta aldea eusten joan ziren neurketa osoan. Azkenerako, 22-13 irabazi zuten finala.
Gaur, profesionalak
Pentekoste jaien azken eguneko pilota eskaintza handia da, izan ere, maila handiko pilotari profesionalak arituko dira Bergarako Udal pilotalekuan. Dario-Erostarbe eta Alberdi II.a-Ugartemendia bikoteen arteko partiduak irekiko du jaialdia eta lehia nagusia Laso-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta bikoteen artekoa izango da. Pilota festa 17:00etan hasiko da; sarrerak salgai daude www.aspepelota.eus webgunean.