Antzuolan EH Bilduk jarraituko du Udal gobernuan eta Olatz Lezeta izango da alkate. Era berean, emaitzek erakusten dute udabaltza bi kolorekoa izango dela, Alderdi Sozialistak bere zinegotzia galdu ostean. Hala, EH Bilduk zazpi hautetsi izango ditu, eta EAJk lau. Era berean, bi alderdiek galdu dituzte botoak Antzuolan: 91 EH Bilduk eta 17 EAJk. Alderdi sozialista, 68 botorekin, zinegotzi barik geratu da.
EH Bilduk 405 boto Aramaion
Aramaion ere EH Bildu izan da nagusia. 405 boto lortu ditu Iban Herrarteren hautagaitzak, duela lau urte baino 165 gutxiago. Horrek zinegotzi bat galtzea dakar. Jeltzaleek irabazi dutena, 179 botorekin. Aramaioko datuek erakusten dute 32 boto baliogabeak izan direla eta abstentzioa %43,19.
Elgetako banaketan aldaketarik ez
Elgetan ere EH Bildu izan da nagusi. Duela lau urteko boto kopuru berbera lortuta, 412, zinegotzi kopurua mantendu eta Ibon Unzetabarrenetxea izango da alkate datozen lau urtetan. Eserlekuei dagokienez, aldaketarik ez Elgetan: EH Bilduk sei zinegotzi izango ditu eta EAJk hiru. Dena den, zazpigarren zinegotzia lortzeko lau boto falta izan zaizkio EH Bilduri.
EAJk 27 boto galdu ditu, guztira, 178 lortuta. Horrek balio izan dio hiru zinegotziak mantentzeko. Hori zen beraien helburua.
Dorleta Elkorobarrutia Gatzagako alkate
Azkenik, Leintz Gatzagan Dorleta Elkorobarrutia izango da alkatea hurrengo legegintzaldian. 72 boto jaso ditu Gatzagako Hautesle Elkarteko hautagaia, 2019an baino 50 gutxiago.