ALBISTEAK

Gipuzkoako EH Bilduk aldaketa klimatikoari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu

Mireia Bikuña 2023ko mai. 16a, 16:10

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko CO2 isurketak murriztea ezinbestekoa dela, eta horretarako garraio politiketan eragin behar dela azpimarratu dute EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek eta Oñatiko alkatea Izaro Elorzak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek esan du azken bi legegintzaldietan Diputazioak murrizketak egin dituela Debagoieneko garraio publikoan. Ondorioz, auto pribatuaren erabilera handitu egin dela esan dute. "2016ean %39,2koa zen, eta 2021ean, %42,2koa. Horrek argi erakusten du, garraio politikak porrot egin duela", esan du.

Hala, EH Bilduk konpromisoa hartzen du Aldunditik Debagoienean autobus zerbitzua hobetzeko: flota berritu, maiztasuna handitu, linea berriak sortu (adibidez, Oñati eta Bergara lotu zituen linea zuzena) eta garraioa segurua izateko neurriak hartu.

Konexio mugatua

Mugikortasun politikei erreparatzea behar urgente bat dela esan dute EH Bilduren ordezkariek. Ikuspegi integral batekin irtenbideak "gaurdanik eraikitzen" hasi behar direla esan dute, "udalen arteko elkarlana indartuz" eta "diputazioarekin proposamen zehatzak garatuz". Oñatiko alkate Izaro Elorzak azpimarratu du bailarako herrien arteko konexioa "oso mugatua" dela, eta herri txikien egoera, oso larria. 

Bidegorri sarea "amaitzeko konpromisoa"

Azkenik, eskualdeko bidegorri sarea izan dute mintzagai. Salatu dute, azken bi legegintzaldietan Aldundiak ez duela ezer egin Debagoieneko bidegorri sarea amaitzeko, ez eta bizikletaren erabilera sustatzeko. 

Konpromisoa hartu dute bizikleta bideak osatzeko eta egunerokotasunean bizikleta garraio modu erakargarria izateko egitasmoak martxan ipintzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak