Lurralde Plan Sektorialak bailarako bost udalerritan aurreikusten ditu zentralak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 12a, 13:20

Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu du. Plan horrek, funtsean, Euskal Autonomia Erkidegoko 57 udalerritako mendiguneak aukeratu ditu zentral eolikoak egiteko eta 53 gune, berriz, plaka fotovoltaikoak jartzeko. Tartean dira Debagoieneko bost udalerri: Antzuola, Aramaio, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñati.

Arlaban, Elgeamendi, Gatzagain, Isuskitza, Durakogain, Larrangoiti, Trango eta Naparbaso dira planak jasotzen dituen bailarako guneetako batzuk eta, Jaurlaritzaren arabera, lurraldearen gaineko egokitasun "altua edo ertaina" daukate aukeratutako kokapen guztiek; hau da, urteko haizearen batez besteko abiadura segundoko 6,22 metro da, eta gutxienez bi kilometro luze dira, jarraian edo etenekin.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, proiektu horrekin lortu gura dutena da 2030erako energia berriztagarrien hazkunde handi bat lortzea, ordurako ezarritako helburuak lortzeko. Hain zuzen, urte horretan energiaren bukaerako kontsumoaren %21 berriztagarrien bidez lortzea da asmoa, gaur egun %10ekoa izanik.

Plan sektorialak eskala handiko parkeak soilik aurreikusten ditu, 30 megawatt baino potentzia handiagokoak eta bost haize errota baino gehiagokoak. Kontuan hartu behar da, gainera, 50 megawatt baino potentzia handiagoa dutenak Espainiako Gobernuak kudeatzen dituela.

Plano guztiak ikusgai daude, hemen.

Alegazioak aurkezteko epea, zabalik

Plan sektorialak jasotzen dituen kokapenak balizkoak dira oraindik, ez dira behin-betikoak eta udalek zein herritarrek 45 eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko eta ekarpenak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak