Erroten Egunak errotek lurraldean izan zuten garrantziari balioa ematea du helburu eta hainbat bisita, irteera edo hitzaldi antolatu dituzte hilaren 21era bitartean Gipuzkoa osoan.
Debagoienean sei ekimen egingo dituzte:
- Antzuolan, esaterako, Basalde auzoko errotak eta zentral elektrikoak ikustera joateko ibilaldi gidatua egingo dute gaur, hilak 11 (Ordua: 09:30). Eta 13an, berriz, Akiñabei (Ordua: 10:00-18:00) errota ikustera joango dira. 943 76 62 46 - 943 78 70 65 edo iturbe55@gmail.com (Landatxope Jubilatuen Elkarteak eta Antzuolako Udalak antolatuta)
- Bergaran, zapatuan, hilak 13, Narbaizabolua eta Elortzabolua ikusteko irteera gidatua egongo da (943 77 91 00 edo www.bergara.eus. Ordua: 12:00). Hain zuzen ere, Debagoienean Bergara izan da errota gehien izan zituen herria; Bergaran errotei bolu esaten zaie –herriko auzo populatuena den Bolua auzoak errota zuen izen bereko baserri batetik hartu zuen izena–.
- Oñatin, egubakoitzean, errotei buruzko bisita gidatua egingo dute Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan (943 41 50 60 edo ahpg-gpah@gipuzkoa.eus. 10:00etatik 12:00etara). Eta domekan, Turismo Bulegoan dagoen San Migel errotaren gaineko azalpenak emango dituzte (943 78 34 53 edo turismo@onati.eus. Ordua: 11:00).
- Leintz Gatzagan, berriz, maiatzaren 14an, gatzaren kultur paisaia ezagutzeko irteera egingo dute (943 71 47 92 edo reservas@gatzmuseoa.com. Ordua: 12:00 eusk. - 13:00 gazt.).