Azaldu dutenez, asmoa da markesina "berri eta moderno bat" instalatzea, eta, azken urteetako aldarrikapenei men eginez, baita komuna ere. Alabaina, ur-hornidurako "zailtasunak" direla eta, ohartarazi dute behin-behineko komun kimiko bat jarriko dutela hasiera batean. Horrez gainera, bizikletentzako aparkalekua eta argi-instalazioa hobetu nahi dituzte, erabiltzaileei "zerbitzu hobea eta inguruneari segurtasun handiagoa" emateko.
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren arabera, "urrats positiboa" da azpiegiturak egitea, baina, ostean, "eskuragarriak eta kalitatezkoak" izan daitezen mantendu egin behar dira. "Garraio publikoko sare ona dago, baina ezinbestekoa da pixkanaka hobetzea, bai zerbitzua eskaintzeari dagokionez, bai azpiegiturak hobetzeari dagokionez". Hala, nabarmendu du horren adibide dela erabiltzaileentzako eta langileentzako espazio izango den intermodal hau.
Alkateen hitzak
Jakinarazi dutenez, Oñatiko Udala arduratu da proiektua idazteaz eta obrak lizitatzeaz beste bi udalekin solastuz. "Oñatiko Udalak lan handia egin du komunak jartzeko eta azpiegiturak hobetzeko proiektu bat aktibatu eta diseinatzeko, erakundeen arteko lankidetza bultzatuz", adierazi du Izaro Elorza Oñatiko alkateak, aitortu duen arren "hainbat erakunderen arteko lankidetzaren beharrak prozesua luzatu" egin duela. Esleipena martxoaren amaieran atera gurako lukete eta epe administratiboak bukatuta, ondo bidean, uda aurretik hasi lanekin, Oñatiko Udalak jakitera eman duenez.
Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, berriz, azpimarratu du Arrasateko aurrekontu parte hartzaileetan eskari handiena eragin duen proiektuetako bati erantzun dietela, eta inguruaren berrizteak "horren erabilera eta gozamena hobetzea" eragingo duela. Azkenik, Gorka Artola Bergarako alkateak azaldu du instalazioek eragina duten eremua ez dagoela Bergarako lurretan, baina, erakunde publiko izanik, "herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena" bermatzea dagokiela. "Elorregiren elkargune natural horregatik, gure ahalmenetik erantzun diogu herritarren eskaerari".