Negua atzean utzita, hasi da dagoeneko udaberri garaia

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 21a, 14:00

Negua atzean utzi eta udaberriaren garaia iritsi da Euskal Herrira. Martxoko ekinozioak udaberriko eta udazkeneko urtaroak dakartza planetako bi hemisferioetarako, eta hori atzo gertatu zen, konkretuki, 22:24ean. Negua kontrastez beteriko garaia izan da, tenperatura hotz eta beroak uztartuz.

Atzo iluntzean, ofizialiki, negua amaitu zen eta udaberriari hasiera eman genion. 2022ko abenduaren 21etik atzoko egunera arte iraun duen neguan, euriteak eta elurteak eduki arren, kontraste handiko negua izan dugu gurean. Joxe Landa eguraldi iragarleen arabera, negua motz gelditu da eta euria bota duenean, euri arina izan dela dio.

Neguaren balantzeari dagokionez, Landak urtarrilean bizi izan ziren "kontrasteak" nabarmendu ditu; adibidez, urtarrileko lehen hamabostaldia "oso beroa" izan zen eta bigarrena "oso hotza". Prezipitazioei erreparatu ezkero, bataz beste, neguan Debagoienean 197 litro euri bildu dira metro karratuko, 2022ko datuen antzera. Euri gehien egin zuen eguna urtarrilaren 16a izan zen, hogeita lau ordutan hirurogeita hamar litro baino gehiago eginda.

Zentzu honetan, eta gaur-gaurkoz Urkulu urtegiaren, betetze maila %70ean dago. Gogoratu behar da urtarrila hasieran larrialdi egoerara iritsi zela urtegia. Ordutik hona nahiz eta normalean euririk egin ez badu ere, urtegiaren itxura askoz hobea da.

Udaberrian, atzo iluntzean sartu ginen, konkretuki, hamarrak eta hogeita lau minututan. Gainera, garaiko eguraldiarekin hasi da, giro eguzkitsu eta epelarekin. Joxe Landaren esanetan, datozen egunetan eguraldi ona izango dugu, eta bero gehien eguenean egingo du. Astebururako, aldiz, mendebaldeko ikutuarekin tenperaturak jaisten joango direla gaineratu du Landak.

Bukatzeko, domeka honetan, hilaren 26an, ordu aldaketa ere egongo da. Goizeko 02:00etan ordubete aurreratu beharko dira ordulariak, eta 03:00ak jarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak