Gipuzkoa Merkatariak Federazioak aitortza egin die bailarako bederatzi komertzio txikiri

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 13a, 20:19

Gipuzkoa Merkatariak Federazioak 90 urte betetzen ditu aurten eta belaunaldi ezberdinetan familia komertzioei eutsi dieten dendariei aitortza egiten ari da, eskualdeka. Gaur, bailarako bederatzi zoriondu ditu –Bergarako sei, Arrasateko bi eta Oñatiko bat– Arrasaten egindako ekitaldian. 

Urteetan herriko komertzio txikiari eutsi dieten bailarako bederatzi familiari aitortza egin die eguerdian Gipuzkoa Merkatariak Federazioak. Duela 90 urte sortu zen elkartea eta egun 1.600 komertzio baino gehiagok osatzen dutela adierazi du zuzendariak, Maite Valmasedak: "Gaur Debegoienan egotea oso pozgarria izan da. Elkarteak beste urte dituzten familia dendak aitortu gura izan ditugu eta bederatzi dendei egin diegu aitortza hemen; bizpahiru izaten dira beste tokietan, normalean. Hemen aldiz, 170 urteko ibilbidea dutenak ere badira. Pozgarria da oso. Hamarkada guztietan egon dira gainditu beharreko erronkak baina egoerara egokitzen jakin dute. Eskerrak eman nahi dizkiegu denei".

Arrasateko Kulturaten izan da ekitaldia, 14:00etan eta guztira bailarako bederatzi familia komertziok jaso dute aitortza: Bergarako seik –Mujika burdindegia, Lombide oinetakoak, Galarreta oinetakoak, Etxeberria erloju eta bitxi denda, Bolintxo okindegia eta Leturia harategia–, Arrasateko bik –Rezusta Karrikirik eta Landaluze harategiak– eta Oñatiko batek –Mendizabal kirol denda–.  Aldundiko ekonomia sustatzeko zuzendari nagusi Iker Estensoro ere izan da ekitaldian eta baita sarituak izan diren dendetako udal ordezkariak, hala nola: Gorka Artola eta Ainhoa Lete (Bergako Udala), Anuska Ezkurra (Arrasateko Udala) eta Karmelo Guridi (Oñatiko Udala).

 

Etxeberria erloju denda (Bergara).

Landaluze harategia (Arrasate).

Leturia harategia (Bergara).

Mendizabal kirol denda (Oñati).

Mujika burdindegia (Bergara).

Galarreta oinetako denda (Bergara).

Bolintxo okindegia (Bergara).

Resusta Karrikiri (Arrasate).

Lombide oinetako denda (Bergara).

 

Aitortza ekitaldiaren ostean, bailarako sei komertziotako dendariek hartu dute hitza eta egunerokora egokitzeko zer nolako saiakerak eta ahaleginak egiten dituzten azaldu dute eta egiten duten guztia bezeroarengan pentsatuz egiten dutela aipatu dute guztiek. Denda hauetako kideek hartu dute parte tertulia horretan: D'Or estetika (Oñati), Oñabike (Oñati), Gare loradenda (Arrasate), Agirre-etxe harategia (Arrasate), Mujika burdindegia (Begara) eta Loreak Mendian (Arrasate).

Ekitaldiaren amaieran, Manuel Feijoo Aragon artistak bere familiaren ibilbidea kontatu du.,Gaby, Fofo eta Miliki pailazoen ibilbidea, hain zuzen ere –Milikiren iloba da bera–. Kontatu du, pailazo haiek lortutako arrakasta momentuko egoerara egokituz eta sortutako aukerei baiezkoa emanda nola lortu zuten, beti bezeroa ezagutuz eta errespetuz tratatuz. Gaur aitortza jaso duten komertzioen antza baduela bere senideen ibilbideak esan du, belaunaldiz belaunaldi, etxekoak elkarrekin lana eginez. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak