Antzerkigile amateurrak, abilak taularen gainean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 10a, 14:44

Euskal Herriko bost antzerki taldek hartuko dute parte DAPek bihar, zapatua, Elgetako Espaloia antzokian egingo duen Afizioz lehiaketan; DAP.eus atarian daude sarrerak eskuragarri: egun osoko bonua eta goizekoa zein arratsaldekoa aukeran.

Debagoieneko Antzerki Plataformak (DAP) abian duen Plazara! lan-lerroaren baitan antolatu du Afizioz antzerki amateur lehiaketa. Bost talde izango dira taularen gainean; horien artean, Debagoienean sortutako bi antzezlan izango dira lehian.

Hasiberriei bultzada

Euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea da DAPek Afiziozekin lortu nahi duen hel- burua. "Antzerkia modu amateurrean lantzen duten taldeen jarraitasuna bultzatu nahi dugu; izan ere, Euskal Herrian antzerki amateurrak jende ugari mugitzen du, profesional bilakatzen diren sortzaile asko hortik hasten dira. Horregatik, horren aldeko apustua egitea ezinbestekoa ikusi dugu. Guztira, 2.000 euro banatuko ditugu saritan".

Sarrerak eskuragarri daude

Egun osoko egitaraua prestatu dute: 12:00etatik 14:30era bi talde izango dira Espaloia antzokiko agertoki gainean lehian, Tolosako Katiuska antzerki taldea eta Debako Goaz konpai- nia; 18:00etatik 20:30era, berriz, Bermeoko Buselektrikue antzerki taldea, Oñatiko DAP Helduen taldea eta Iker Plazaola oñatiarraren Triskantza ekimena. Sari-banaketa ekitaldia 22:00etan izango da.

Interesa duten guztiendako daude ateak zabalik eta dagoeneko sarrerak eskuragarri daude DAP.eus atarian. Bi sarrera mota daude: egun osoko bonua, 12,50 eurotan –langabeentzako eta gazteendako, 10,50 eurotan– eta goizeko zein arratsaldeko emanaldietarako, berriz, 6 eurotan bakoitza.

Askotariko kontakizunak

2012an Tolosan sortutako Katiuska taldeak zabalduko du egitaraua, Armiarma lanarekin. "Armiarma SA enpresan sartuko gara han gertatzen diren gauza zentzugabeak kontatzeko", diote Tolosakoek. Debako Goaz taldeak hartuko du lekukoa eta "katu bat eta horrek elkartu dituen pertsona adina istorio" batuko dituzte Bilakatu lanean.

Bermeotarrek ekingo diete arratsaldeko saioei, eta zera diote, misterio handiz, eskainiko duten Añenak publikoari buruz: "Ikusteko ezer ez duen ikuskizun bat ikusiko duzue".

Debagoienekoen txanda izango da ondoren. "Alzheimerra duen emakume baten istorioa eta haren bizipenak kontatuko ditugu", diote DAP Helduak taldekoek, eta zera gaineratu du Triskantzako Iker Plazaolak: "Gizarte likidoarekin ez-bateragarria den gazte baten abenturak kontatuko ditut nik".

Elgetako Espaloia antzokian ikusgai izango diren antzezlanak

  • Armiarma (Tolosako Katiuska antzerki taldea), 12:00etan.
  • Bilakatu (Debako Goaz antzerki taldea), 13:30ean.
  • Añenak publikoari (Bermeoko Buselektrikue antzerki taldea), 18:00etan.
  • Ez, ez naiz akordaitten (Oñtiko DAP Helduak taldea), 19.20an.
  • Agur dramak (Oñatiko Triskantza ekimena), 19:55ean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak