Emakumeak ahalduntzeko espazioak

Oihana Elortza 2023ko mar. 7a, 14:55

Emakumeek izaera indartzeko ez ezik, ikasteko eta elkarrekin esperientziak partekatzeko espazio libreak dira Jabekuntza Eskolak, non balio feministak dituzten ikastaroak zein hitzaldiak edo irteerak eskaintzen dituzten eta harremantzen ere laguntzen duten. Hiru daude Debagoienean: Arrasaten, Oñatin eta Bergaran. Antolatutakoek gero eta harrera hobea dutela baieztatu dute hiru herrietako Berdintasun teknikariek

Puntua aldizkariaren 358. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Emakume guztiei zuzendutako espazioak dira Jabekuntza Eskolak, ahalduntzeko formakuntza eskaintzen dutenak, norberaren izaera indartzeko, oso desberdinak izan daitezkeen baina denek balio feministak dituzten formulen bitartez, izan elektrizitate ikastaro baten bidez, irakurketa tailer batekin edo noka eskoletan. Horrez gain, emakumeek euren esperientziak partekatzeko eta askotariko gaiak modu askean lantzeko eta gustura eta seguru sentitu daitezkeen espazioak ere badira gune horiek.

Hiru bidetatik ekarpenak

Bailarako hiru herri handienetan daude egun Jabekuntza Eskolak. Arrasaten Emakume Txokoa zabaldu zutenetik eskaintzen dute emakumeendako formakuntza han, duela 20 urtetik hona; Oñatin Andraitz talde feminista hasi zen eskaintzen, 2011n, eta bost urte geroago, 2016an, Udalak hartu zuen konpromisoa; Bergaran 2004an eskaini zituzten lehen ikastaroak, baina 2018tik hona egin dute modu jarraian eta egonkorrean. Emakumeei interesatzen zaizkien ikastaroak antolatzen dituzte hiruretan eta egitaraua hiru bideri jarraituz osatzen dute: udaleko Berdintasun teknikariek ikusten dute egunerokotasunari lotutako zein gai landu daitekeen, erabiltzaileek eurek egin ahal dituzten proposamenak kontuan hartuta eta espazio politikoan zein mugimendu feministetatik egiten diren ekarpenekin. Horrela, hitzaldiak, tailerrak, irteerak eta ikastaro iraunkorrak jaso ditzakete Jabekuntza Eskoletako egitarauek.

Guztiendako modukoak

Adin, klase, arraza, sinismen, aukera sexual edo errealitate ezberdinak dituzten emakumeen elkarguneak ere badira, bide batez, Jabekuntza Eskolak. Helburua espazio seguruak sortzea izaten da, eta hausnarketa, eztabaida, eraldaketa eta ahalduntzea sustatzearekin batera. Norberaren izaera sendotzeko edo jakintza zein abilidade berriak hartzeko formakuntza hori iraunkor moduan ulertzen da espazio horietan, eta herritar edo erabiltzaile bakoitzak bere ibilbidea egingo du, haren erritmoa eta gogoa kontuan hartuta. Elkarrekin egiten dira antolatutakoak. Esperientziak partekatzen dira, elkarri entzuten ikasten da, hitza hartzen ere bai... eta kolektibo horrek indarra hartzen du eta harremanak sortzen dira.

Autoestimua igo eta segurtasuna eman, Gipuzkoako eskoletan askok erantzundakoa

Osasuna hobetu

Pepa Bojo psikologo eta psikoterapeuta feministak Gipuzkoako Jabekuntza Eskolak oinarri hartuta egin du ikerketa bat. Probintziako zortzi herritakoak hartu ditu lagin moduan, tartean Oñatikoa eta Arrasatekoa, eta bertako erabiltzaileei galdetegia prestatuz egin du lana. "Emakumeen ahalduntze taldeekin 25 urtean baino gehiagoan lan egin ondoren, ikusi ahal izan dut haien bizitzan izandako aldaketak agerikoak, iraunkorrak eta egiturazkoak direla, eta munduan egoteko beste modu baten hasiera direla", azaldu du Bojok. Berretsi duenez, prozesu horiek "osasunaren ondoezarekin lotutako sintomatologia hobetzen eta, askotan, desagerrarazten ere laguntzen dute". Bojok gaineratu du Gipuzkoan emakumeei laguntzeko sare handia dagoela –emakume etxeak eta espazioak–, eta Jabekuntza Eskolak pentsatuta zituzten helburuak lortzeko ari direla lanean.

Arrasatekoak 20 urteko ibilbidea du; Oñatikoa eta Bergarakoa berriagoak dira

Ikerketak emandako hainbat datu ere aipatu ditu Bojok. Hain zuzen ere, eskoletan parte hartzeko motibazio osasuna aipatu zuten emakumeen artetik –%34,3– %42,2k adierazi zuten prozesuak burututakoan egoera emozionalak kudeatzen ikasi zutela; %31,4k beren autoestimua hobetu zela aipatu zuten; eta %22,9k, berriz, sintomak murriztu egin zirela. Beste datu batzuen bitartez Bojok erakutsi du autoestimua eta segurtasuna handitzen laguntzen dutela eskola horiek: autoestimu eta segurtasun handiagoa dute emakumeen herenek baino gehiagok, %33,8k; bigarren postuan, adierazten dute erabaki gehiago hartzen dituztela beren premien inguruan, %24,4k, eta beren premiak eta lehentasunak ezartzen dituztela %22,4k. Era berean, emakumeen %13,9k adierazi dute kontzientzia feminista handiagoa dutela. Azterlanak dioenez, partaideek harremanen jokaleku berri "berdintzaileagoak" marrazten dituzte orain.

Udaletan ere ari dira berdintasun politikak sartzen eta transbertsalak izateko lanean

Berdintasuna, transbertsala

Berdintasun sailaren baitan daude bailarako hiru Jabekuntza Eskolak, bakoitza bere herriko udalekoan. Pisua hartzen joan da sail hori; hiru handietan eta Aretxabaletan, esaterako, berdintasuneko batzorde propioa dute eta gainerakoetan ere lantzen dute; gehienetan, ongizateko batzorde barruan egonda. Berdintasuna zeharkakoa edo transbertsala izateko lanean ere ari dira agintariak. Hemen bi adibide: "Tokiko plan integralaren baitan, elkarlanean hasi gara Arrasateko Udalaren beste arlo desberdinekin indarkeria matxistari aurre egiteko", Johanna Sanchez batzordeburuak. "Genero berdintasun politikak Udalak egiten duen guztietan sartzea da helburua. Gure eginbeharra da hori orain txertatzea, etorkizunean berariaz aplikatzeko", Oñatikoak, Izaro Elorzak.

Nolako esperientzia izan duzu Jabekuntza Eskolan?

"Gune garrantzitsuak dira Jabetze Eskolak"

Luciana Alfaro Martxanterak taldeko eta Emakumeen Mundu Martxako kidea

Bergaran bizi da azken hamabost urte hauetan Luciana Alfaro (Peru, 1974) eta ondo ezagutzen ditu bailarako Jabekuntza Eskolak. Hiruretan, Arrasatekoan, Bergarakoan eta Oñatikoan, eman izan ditu ikastaroak. Bergaran bihar, martxoak 4, esaterako, emakume migratuendako topaketa gidatuko du, arratsaldean, Ehunduko lokalean. Eskola horiek duten garrantzia azpimarratu du.

Norendako dira Jabekuntza Eskolak?

Emakumeei zuzenduta daude, baina emakumea berez, subjektu moduan, ez da existitzen. Beraz, bizitza eta gorputz askotariko pertsonak daude emakume hitz horren barruan. Eta eskola horietan ikusten eta lantzen dugu, batetik, zer den ondoeza sortzen diguna. Bestetik, sistema horri aurre egiten laguntzeko erremintak ematen dizkigu.

Nolakoak dira bailarakoak?

Arrasatekoak du ibilbide luzeena eta bera izan da Debagoieneko erreferente. Bergarakoa da berriena agian eta tartean dago Oñatikoa. Iruditzen zait erreferentziazko puntu izan behar direla herrietan. Feminismoak eskatzen du erreferentziazko espazio bat egotea, elkartzeko.

"Ahalduntzeko espazioak dira, baina ez inor gainetik jartzeko, ulertzeko baizik"

Zer dio zure esperientziak?

Arrasaten hasi nintzen, duela bost urte, arrazakeriaren aurkako feminismoa lantzeko irakurketa tailer bat eskaintzen. Oñatin ere irakurketarako tartea hartzen dugu, testuinguru bereko testuak irakurtzeko, gehienbat. Hiru urte dira han hasi nintzela eta hamahiru-hamalau kideko taldea dago. Militantziaren barruan, garrantzitsua da emakume migratzaileek ere espazioa izatea, beste jatorri batzuetako emakumeak ere elkartzeko eta hausnartzeko, partekatzeko, tokia izatea. Eta ez da kasualitatea elkarren artean elkartzea eta saretzea. Horren adibide da, esaterako, Arrasaten sortu berri den Amerika Elkartea. Jabekuntza Eskolan parte hartutakoak dira elkarte horren bultzatzaileetako asko. Espazio horiek kafea hartzeko topaketak baino harago doaz, euren garrantzia dute, garrantzi handia.

Nolakoak dira parte-hartzaileak?

Askotarikoak dira, baina esango nuke gehienak 30 urtetik gorakoak direla, euskaldunak, militanteak eta asko hezkuntza arloan lanean ari direnak.

Nolakoa da sortzen den giroa?

Pribilegioa da horrelako eskaintza bat izatea herrian, tokia, denbora eta baliabideak irakurketarako, umorerako, hausnarketarako... erabiltzeko. Emakumeek ikustea eta sentitzea berba egin dezaketela, parte hartu dezaketela dena delako ekintzan. Egoera, gai edo bizipen ezberdinak ateratzen dira erdira eta batzuen esperientziatik eta gertatzen den horrekiko besteek duten interesagatik, egoera ezberdinei buruzko sentsibilitateak sortzen dira. Partekatu egiten dira iritziak, ideiak eta bizipenak, errespetuz.

Ahaldundu eta saretu?

Ahalduntzeko eta jabetzeko espazio garrantzitsuak dira, bai, baina ez nor bestearen gainean jartzeko, baizik norberarena ez den errealitate bat ezagutzeko, non gauden ikusteko eta sistemaren arrakalak nola itxi ulertzeko. Eta hori elkarrekin egiten dugu. Ahalduntzen eta saretzen gara bide horretatik. Horrela ulertzen ditut nik Jabekuntza Eskolak.

Emakumeen etxeen beharra

Aurten 20 urte beteko ditu Arrasateko Emakume Txokoak. Euskal Herriko lehenengoa izan zen, Ermukoarekin batera. Ordutik hona izandako ibilbideak aitortu du beharrezkoak zirela emakumeak ahalduntzeko espazioak; baita formularekin asmatu egin zutela. Hazten joan da sortu zenetik eta egun 150 emakume inguruk hartzen dute parte, urtero, antolatzen duten egitarauan.

Oñatin ere ikusi dute Emakumeen Etxearen beharra, herritarren artean egindako diagnosi batean. Udalak erosi du hori kokatuko den eraikina eta Euskal Herriko lau herritara irteerak egin dituzte hango ereduak ikusteko. Irteera horietan ezagututakoa partekatzeko egin zuten bilera urtarrilean eta herrikoa definitzen hasiko dira orain: funtzionamendua, espazioa, baliabideak... Gaur egun herriko areto ezberdinetan egiten dira Jabetze Eskolako ikastaroak eta etorkizunean Emakumeen Etxean egingo dira.

Gauza bera pasako da Bergaran ere. Arrizuriagako eraikina kultur sorkuntzarako proiektuekin partekatuko da eta bereizitako espazio bat sortuko dute emakumeentzat; hara pasako dute gero Jabekuntza Eskola. Orain emakumeen topagunearen inguruko parte-hartze prozesu propioa jarriko du martxan Udalak eta datorren urtean, espazioen proiektuak eta obrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak