Ekitaldi batek duen arrakastaren adierazle bat da sarrera salmenta, eta BAM (Bergarako Antzerki Musikala) elkartekoak ezin dira kexatu ikusleen harrerarekin. Victoria Eugenian egin zituzten hiru emanaldietakoak agortu egin ziren, eta gutxi geratzen dira asteburuan jaioterrian eskainiko dituztenerako. Seminarixoa.eus atarian eros daitezke. "Oso eskertuta gaude Udalarekin, pilotalekuko erabiltzaileekin, ikusleekin eta lagundu diguten guztiekin. Txalogarria, aldi berean, parte hartzaile guztien lana, artista-boluntario zerrenda itzela! Makineria handia da, eta, oraingoz, ez dugu emanaldi gehiagorik lotuta, baina ahalegina egingo dugu beste toki batzuetan ere eskaintzeko", dio Bretxa-ko musika zuzendari eta konpositore Oihan Vegak.
Soldaduen desfilea kalean
XIX. mendeko itxura izango dute erdiguneko kaleek. "Ikuskizuna hasi aurretik, 45 minutuko ibilbidea egingo dute soldaduek. Bidekurutzetatik abiatuko dira eta Fraiskozuri plazan bukatuko dute. Modu horretan, frontoira joaten ez direnek ere Bretxa-ren berri izango dute".