Puntua aldizkariaren 357. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Mendietan sortzen den ura lehenago edo geroago ibaira eta ibaitik itsasora joaten dela ez da misterioa, baina zenbat ur iristen den kalkulatzea zaila da. Uraren Euskal Agentziak argitaratutako 2015 eta 2021 arteko plan hidrologikoaren arabera, Debagoieneko errekek segundoko 9.109 litro garraiatzen dute ur ertainen aldietan; hau da, azaroan eta abenduan eta maiatzean eta ekainean. Kopuru horren zati txiki bat baino ez doa Urkuluko uharkara, 540 litro segundoko bakarrik, %5,9; hala eta guztiz ere, 10.000 milioi litro jasotzeko gaitasuna dauka gaur egun %70 beteta dagoen urtegiak. Hango urak Debagoieneko herriguneak hornitzen joan dira progresiboki 1979a ezkero, sare orokorraren bidez urtero 8.000 milioi litro ur inguru banatuta. Bestela esanda, bailarako etxebizitza eta egoitzetara 3.200 igerileku olinpiar betetzeko lain iristen da urtero.
Aipatu moduan, proportzioan iturbegi gutxik hartzen dute Urkulurako norabidea; soilik Arantzazuko arroan, Bolibarren eta Urkuluko ubidearen gainean jaiotakoek. Gainontzeko urak, Deba ibaian amaitu aurretik, baserri-auzoetan aprobetxatzen dira, erabilera pertsonalerako zein ortu eta ukuiluen ustiapenerako. Debagoieneko Landa Garapeneko Mari Carmen Iturbe teknikariak azaldu duenez, "Urkulu egin aurretik herri bakoitzak zeukan bere ur-sarea, eta sare hori, askotan, baserri-auzoetara bideratua izan da". Hortaz, bailarako 2.000 baserrik baliatzen dituzte mendietako urak –Aretxabaletakoek ez, Urkuluko sarera konektatutako depositu handi batetik hornitzen baitira–.
Konponketak landa-eremuan
Gaur egun baserri batzuek ur-hornidura guztiz bermatuta ez daukaten arren, azken 30 urteetan baserri-auzoetako ur-azpiegiturak hobetzeko "obra asko" egin izan direla esan du Iturbek, udalen iniziatibaz eta Landa Garapenaren laguntza ekonomikoarekin: "Helburua da baserritarrei ur-hornidura finkoa ziurtatzea. Bestela, urte sasoi batzuetan iturriak agortu egiten ziren, baserri bakoitzaren biltzeko gaitasuna txikia zelako. Hortaz, ur-biltegi handiagoak egin dira auzo bakoitzean edo bi auzotarako, iturrietako urak hobeto aprobetxatu ahal izateko. Bere momentuan defizitak detektatu eta udalei planteatu genizkien". Gertatu izan da uda eta udazken lehorretan iturburuetako emaria asko jaistea, eta, kasu horietan, zisternekin bete izan dira deposituak.
Lehenengo ur-sareei konponketak egin izan dizkiete landa-eremura ura eramateko
Uraren kanon berria indarrean
Herriguneetan kontsumitzen den ura tasen bidez ordaintzen da eta nekazaritza, abeltzaintza, industria eta iturri propiodun etxeko erabiltzaileek, berriz, Uraren Euskal Agentziak ezarritako kanona ordaindu behar dute. 2022an aldaketak izan zituen araudi horrek, ur-eskariaren %30ean baino ez baitzen aplikatzen. Gaur egun, erabiltzaile horiek derrigortuta daude ur-deposituetan kontagailua jartzera: "Ura zaindu beharreko ondasun bilakatu da; iturburua lur pribatu batean egonda ere, hango ura ez da jabearena, denona baizik; beraz, Uraren Euskal Agentziak kontrolatzen du, eta, zuk ur hori aprobetxatu nahi baduzu, azalpenak eman behar dituzu, eta hark baimendu edo ukatu egingo dizu, edo baldintza batzuk jarri", azaldu du Iturbek. Kanonaren aplikazioa ez dela erraza gaineratu du, eta badabiltzala arauari egokitzapenak egiteko elkarlana sustatu guran, "berez animaliek edaten duten urasketan ere jarri behar delako kontagailua, eta hori nahiko surrealista da".
Baserri-auzoetako ur-deposituen kontagailua jartzea derrigorrezkoa da gaur egun
Aurten, metro kubiko bakoitzak 0,025 euroko karga-tasa dauka, eta datorren urtean 0,03 eurokoa izango du. Urtean 200 metro kubikotik beherako bolumena duten hartune eta sarrerak salbuetsita daude karga-tasa ordaintzeaz, eta nekazaritza eta abeltzaintzarako %90eko hobaria dago aurreikusita.
Edonola ere, bistakoa da erakunde publikoak zorrotzago kontrolatzen hasi direla uraren kontsumoa, "denboran zehar ingurumen-iraunkortasuna bermatzeko helburuarekin". Izan ere, klima larrialdiak eta eraikuntza-proiektu handiek gero eta ur gutxiago izango dugula pentsatzeko arrazoiak ematen dituzte.
AHTaren lanak, arrisku larria
Espainiako Adif enpresa publikoa trenbide-sarea eraikitzen hasi zenetik egon dira arriskuan obren inguruko akuiferoak. Gatzagako Udalak 2007an alegazioa aurkeztu zion AHTaren proiektuari, bost kilometroko tunela egiten ari baitziren Marin eta Legutio artean, eta horrek Marotobasoko ura lehor zezakeen, urte batzuk lehenago autobideko lanek Lapikozuluetako iturburua lehortu zuten antzera.
Garai hartan, Udalatxeko Bostiturrieta iturburua lehortu eta Kobateko iturburuari kalte larria eragin zioten mendi barrenetik doan tunela egiteko zulaketek. Bostiturrietako iturburu hartatik jasotzen zuten ura, doan, Arrasateko Garagartza eta Gesalibar auzoek, baita Markuleteko industrialdeak ere. 2010eko martxoaren 28an utzi zioten akuiferoko ura jasotzeari, eta, ordutik, Urkuluko ur-sarera konektatuta daude.
Angiozarko iturburua
Iaz lehortu zen, motibo beragatik, Angiozarko erreka sortzen den iturburua, Olaitxurri. Mila Elortza auzo-alkateak adierazi duenez, Elorrioko zatiko lanen eraginez izan da: "Goimendi auzoko Goronsarri baserriak zuzenean hartzen zuen ura Olaitxurritik, baina orain, Adifekoek zisterna bidez hornitzen dute baserriko depositua. Zulotza eta Lasarte iturburuetatik ura jasotzen duten baserritarrak ere jabetu dira lanen aurretik baino gutxiago heltzen zaiela orain".
Egoera hori luzatu egingo da, gutxienez, datozen hiru urteetan: "Oraindik tunel bat bukatzea falta zaie, eta baimenen luzapena tramitatzen ari dira".
Auzotarrak gertutik jarraitzen ari dira lanen bilakaera, garrantzitsua baita lanak bukatu osteko erantzukizunak ahal bezain azkar finkatuta uztea, idatziz eta alde guztiak kontuan hartuta: "Duela hilabete eduki genuen bilera Adifekoekin. Esan ziguten ura jatorrizko bidera itzuliko dela behin obra bukatu eta zigilatzerakoan, eta, hala gertatuko ez balitz, haiek hartuko luketela konpromisoa sondeoak egin eta ura topatzeko. Hitz eman ziguten, baita ere, urik topatuko ez balute sareko ura eramango luketela baserrietara".
Angiozarko auzo-alkateak gaineratu duenez, Bergarako Udala ere arduratuta dago gai horrekin, urik jaso gabe geratzen diren baserrietan Adifek esku hartzen ez badu tokiko erakundeek hartu beharko luketelako. "Kostu ikaragarria litzateke Urkuluko ur-sarea baserri horiekin konektatzeko azpiegiturak eraikitzea, Angiozarko erdigunetik urrun daude eta", dio Elortzak. Konponbide hori eman diote antzeko kasu gehienei, oso zaila baita iturburuetako urek egiten duten ibilbide naturala manipulatua izan ostean ura lehengo ibilbidera itzultzea. Arazoa AHTaren lanak hasi aurretik sortu zela argi dauka: "Ikerketa hidrogeologiko gutxi egin zituzten".
"Antzuola bere urekin funtzionatzeko gai da"
Diana Pineda eta Jon Aranguren Antzuolako Udaleko Ingurumen teknikaria eta zinegotzia
2002an sinatu zuen Antzuolako Udalak kontratua Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin Urkuluko sarera konektatzeko. 25 urteko iraupena hitzartu zuten; hau da, 2026rako erabaki beharko du Udalak kontratua berritu edo ez. Herriko iturburuak aprobetxatzea izango litzateke alternatiba, eta aztertzen dabiltza gaiaren hari-muturrak.
Zergatik aztertu dituzue herriko uren emariak?
Antzuolarrek herriko baliabide naturalak kudeatzeko azterketak egitea eskatu diote Udalari prozesu parte-hartzaile bidez, energiaren arloan eta baita uraren arloan ere. Izan ere, jakina da Akinebei eta Abaro iturburuetan, adibidez, ur oparoa sortzen dela, urtero kontsumitzen diren 100.000 metro kubikoak asetzeko lain.
Ekonomikoki bideragarria izango litzateke?
Hori baloratu behar da: zenbat lanpostu sortu behar diren, arazketa zerbitzua egiteko azpiegitura egin beharko litzatekeen... Izan ere, herritarrek, uraz gain, arazketa- zerbitzua ere ordaintzen dute fakturan, baina zerbitzu hori ez da ematen. Badugu abantaila bat, aipatutako iturburuak Aitzabasaldeko ur-biltegi orokorrera konektatuta daudela. Hau da, sarean ez genuke inbertsio handirik egin beharko, soilik konponketa batzuk.
Ikusten duzue proiektua gauzatzeko oztoporen bat?
Guk ikusten dugun arazo nagusia da ura arazteko Kontsortzioaren kolektoreren bat erabili nahi baduzu isurketa- kanona ordaindu behar duzula, 80 zentimo metro kubikoko. Ia-ia uragatik ordaintzen den prezio bera da. Zergatik den hain garestia? Zure ura enpresaren sistematik kanpo dagoenez, ez dakitelako ze kalitate daukan, eta, beraz, ur txarra izango balitz bezala tratatzen dutelako, azken tratamendua emanaz. Prezio zigortzailea dela iruditzen zaigu, norberaren urak norberaren gustura ez erabiltzeko.
Egin al daiteke erdibideko ezer?
Bergarako Udala, esaterako, Kontsortziotik irten zen duela gutxi, baina Urkuluko ura jarraitzen du erosten. Hau da, Udalak berak kudeatzen du zerbitzua, eta errentagarria da. Antzuolaren kasuan, izan liteke Kontsortzioak kudeatzea zerbitzua, baina gure uren bitartez. Negoziatzen ari gara. Agian, iraganean ez, baina gaur egun Kontsortzioari interesatzen zaio urtegiko uren eskaria jaistea, edukiera jaisten doalako.
Proiektuak aurrera egingo balu, zer ekarriko luke?
Udal batek bere urak kudeatzea, hirugarren baten eskuetan egoteke, oso positiboa litzateke. Kontuan hartu behar da urak mundu mailako poltsetan kotizatu egiten duela gaur egun. Negozio bihurtu da. Bestalde, lurpetik datozen iturburuez ari gara, une oro mugimenduan dagoen uraz. Urkuluko urak, horien aldean, geldi daude, potabilizatzeko tratamendu kimikoak egiten zaizkie, garraioaren gainkostua ere hor dago... Baloratzeko moduko aukera da. Gu 2026an Urkulutik irten edo ez erabakiko duten udal ordezkariek informazio eguneratua izan dezaten ari gara lanean. Gure uren aldeko apustua eginez gero, guztiz seguru egon daitezen. Ur-emari aldetik baserri, herrigune eta enpresak hornitzeko lain dugu, eta kalitatea ere ona da; analisi kimiko eta biologikoek hala aitortzen digute. Klorazioa egin beharko litzateke.
Uraren sorlekuetara txangoak
Debagoieneko mendi-ibilbide ugari jarraituta ezagutu daitezke iturburuak eta horiei buruzko kontuak. Hona hemen lau proposamen, ibarreko historiaz eta aberastasun naturalaz bustitzeko egokiak.
Uretsak
Aretxabaletako uretsen ibilbideak XIX. mendean herriko turismoa bultzatu zuten Otalora eta Ibarrako bainuetxeen abenturan murgiltzen du bat. Aretxabaletako herrigunean hasten da, Otalorako bainuetxea zegoen tokian, eta zelai eta baso artetik Mendiola eta Areantza elizateetara iristen da. Ibilbidean, Ibarra eta Otalorako bainuetxeen zenbait aztarna aurkitzeaz gain, haiek urez hornitzen zituzten sufrezko iturriak daude – uretsak–, azaleko gaixotasunak sendatzeko, urdaileko minak kentzeko eta gorputza garbitzeko erabiltzen zirenak.
Pagolako ubidea
Gorlan dagoen Pol-Pol iturriko urak herrira eramateko ur-bide zaharra da, zazpi kilometroko luzerakoa. Bergarako interes ekologiko handieneko eremuak zeharkatzen ditu: Irukurutzeta, Elosumendi, Loidi eta Pagola, hain zuzen. Garrantzi historiko handikoa ere bada; izan ere, Bergarako Udalak 1890ean jarri zuen martxan Pol-Poleko urak herrira eramateko proiektua, eta 1902an inauguratu zuten. Herritarrentzat ur edangarria eskuratzea eta argindarra lotzea zen proiektuaren helburua.
Irikorta iturria
Oñati, Antzuola eta Legazpi arteko Arrola mendiaren gainean dago iturri misteriotsu hori, harrigarria baita ura nondik datorkion. Arrandari baserrietan has daiteke ibilbidea, Errekandi errekari jarraituz tontorrera igota. Jaitsiera Korosotik, Egiandiko pagaditik, Arrandari baserrietara joateko bidea hartuta egiten da.
Urzulo
Urkuluko urtegia egin aurretik Arrasate urez hornitzen zuen iturburua da Urzulo. Meatzerreka auzoan dago, eta izen bera daraman errekaren alboko bidexka irisgarria jarraituta heltzen da iturburura.