HEMEN DEBAGOIENA

Aratuste-martitzenarekin amaitu dira aurtengo Inauteriak

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 21a, 18:02

Asteburuan Aratusteak ospatu ondoren, Aratuste-martitzenarekin amaitu dira aurtengo Inauteriak. Debagoieneko ia herri guztietan izan dira ekitaldi eta ospakizunak, eta dagoeneko debagoiendarrak hurrengo urteko Aratusteetara begira jarri dira.

Asteburua pasata, Aratusteei agur esateko momentua iritsi da. Aretxabaletan, adibidez, goizean Kurtzebarri Eskolako eta Arizmendi Almeneko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrek dantza egin dute Herriko plazan eta ondoren kalejiran irten dira Irulitxa txarangarekin batera. Arratsaldean, buruhaundiak egon dira 18:00ean Irulitxa txaranga ermuarrarekin batera, eta 20:00ean, Txin-en hileta. Aurtengo Santa Ageda neska mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte Plazatik Herriko plazaraino. 

Arrasaten ere egon da Aratuste-martitzen honetan ondo pasatzeko astia. Herri Eskolakoek, 15:30ean, Arizmendiarrieta plazan (Laubide plaza), emanaldia egin dute. 4 urtetik gorako haur guztiak dantzan aritu dira ikasgelaka eta, ostean, guztiek batera dantzatu dute.

Bergaran, ARATOSTEtako bazkaria ospatu dute San Joxepe elkarteko kideek. Guztira 88 pertsona elkartu dira mahaiaren bueltan eta bapo bazkaldu ondoren, abesten eman diote amaiera aurtengo Inauteriei. Nabamendu behar da bazkariak sekulako harrera izan duela, izan ere, orain dela hiru aste zabaldu zen izen ematea eta otsailaren 16an itxi egin behar izan zuten mahaikide kopurua topera iritsi zelako. Horrez gain, Musika eskolako gazteen bandaren kalejira ospatu da. 16:3oean abiatu dira Musika eskolatik, eta herriko kale nagusiak zeharkatu ondoren, Musika eskolan amaitu dute kalejira. 

Eskoriatzan ere ospatu dute goizean Aratuste martitzena. 10:30ean Joseba Iñurrategi pilotalekuan elkartu dira ikastetxe ezberdinetako haurrak eta jaialdi bat egin dute. Arratsaldean ere, bi ekitaldi egon dira: 17:15ean Kukumarruak izan dira Herriko plazan eta eta 18:00etatik aurrera Eidabe taldeak Gora Bihotzak ikuskizuna eskaini du.

Oñatin, 17:00etan Aurkitu gabeko altxorra antzerkia eskaini da Zubikoan eta 18:00etan txorimaloak aritu dira kalean eta txokolatada solidarioa ospatu da plazan. Jarraian, DJ festak jarraituko du eguna. 

Bukatzeko, Antzuolan Landatxope elkarteak ere Inauteriei amaiera emango die 18:30ean merienda eta ondoren mozorro lehiaketa eginez. Elgetako erretiratuek ere txokolate jana eta bingoa egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak