Elkartasun uhinak Siria eta Turkiara

Txomin Madina Milikua 2023ko ots. 17a, 21:32

Joan den astean Sirian eta Turkian izandako lurrikarek kaltetutako herritarrei laguntzeko hainbat ekimen burutu dituzte gaur bailaran. Bergaran, Ndank Ndank elkarteak deituta neguko materialen eta arropen bilketa egin dute. Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin aldiz, Zaporek-ek eta Hotz Oñatik antolatuta, elikagai bilketak.

Egoeraren larritasunak bultzatuta, denbora gutxian antolatutako elikagai bilketak egin dituzte gaur Arrasate, Aretxabaleta eta Oñatiko hainbat saltokitan. Lehenengo bietan Zaporeak-ek antolatuta, eta hirugarrenean, Hotz Oñatik.

“Hemen inguruan lanean zebiltzan taldeak zertan zebiltzan ikusi, eta jakin genuen Zaporeak-ek Siriara laguntza bidaltzeko asmoa zuela. Hala, Oñatikoaren kargu geu egin gara. Bizpahiru egunetan antolatu dugu eta gaurko egunerako bakarrik, baliabide gehiago ez geneuzkalako”, azaldu du Hotz Oñatiko kide Edurne Bikuñak Arantzazuko Ama kaleko Eroskin produktuak jaso eta sailkatu bitartean.

Beste janari bilketa batzuekin alderatuta, bada alderik. “Arroza, pasta, lekaleak, kontserbak, esnea eta galletak ari gara eskatzen. Baina jendeak bestelako materiala ere ematen digu, pixoihalak eta konpresak, adibidez”, azaldu du Bikuñak, eta jendearen erantzuna ikusita, eskerrak ematea besterik ez zaiela geratzen gaineratu: “Herritarrek ekarpen handia egin dute”.

2.000 kilo arropa inguru

Herritarren laguntzeko borondatearen adierazle, asteon martxan jarri duten neguko arropa bilketa da: “Beraz sei egunerako aurrikusten genuen, baina hirugarrenean bukatutzat eman behar izan genuen. Gaur esan didatenez, 2.000 kilo arropa batu dira gutxi gora behera . Horiek Bilboko DYAren bidez bideratuko dugu”,  adierazi du Edurne Bikuñak. Aurrera begira elkartasun ekimen gehiago antolatzeko beharra egongo dela ere nabarmendu du, eta seguru dagoela herritarrek orduan ere erantzungo dutela.

Ekintza gehiago antolatu bitartean, ES08 3035 0005 3300 50078053 kontu korrontean eta Bizum bidez 05103 zenbakian ere ari dira diru ekarpenak jasotzen.

Bergaran ere bai

Bergaran ere materiala jasotzen ibili dira gaur Ndank Ndnak elkartearen ekimenez lurrikarek kaltetutako herritarrei laguntzeko. Hala, lozakuak, mantak, txamarrak, txanoak  eta eskularruak batu dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak