Informatika-delituak, komediara eroanda

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ots. 18a, 10:11

Urrian estreinatu zuten Familia sarekada antzezlana egingo du Vaiven Producciones taldeak domekan Amaia antzokian; eta otsailaren 25ean Bergarako Seminarixoan izango dira; Arrasate.eus eta Seminarixoa.eus atarietan daude sarrerak salgai. Mikel Laskurain, Bergarako aktorea izango da taularen gainean eta Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora gonbidatu dute asteon. 

Afaltzen ari den familia batek ezustekoa hartu du informatika-delitua inspektore bat etxean agertu denean. "Pornografia-sare baten nahastuta gauden susmoa du, eta, hortik abiatuta, balizko informatika-delitua ikerketaren ondorioz, familiako kideen trapu asko azaleratuko dira Familia sarekada antzezlanean. Banan-banan galdekatuko dituzte algoritmo batek pornografiarekin lotutako delitu-eduki moduan identifikatu dituen irudi-artxiboei buruz. Probak aztertu ahala, beti sarera konektatuta egon arren senideak euren artean erabat deskonekta- tuta daudela agerian geratuko da", dio taularen gainean Koldo aita izango den Mikel Laskurainek.

Antonio Muñoz de Mesak idatzitako testua Aizpea Goenagak itzuli du euskarara eta Olga Margallo eta Dorleta Urretabizkaiak jardun dute zuzendaritza lanetan.

Agertokian eta pantailan

Laskurainekin batera Ainhoa Aierbe euskarazko lanean eta Ana Pimenta gaztelerazkoan, Nerea Gorriti eta Xanti Korkostegi daude taularen gainean; eta pantaila bidez Aitziber Garmendia ere bai, atzerrian ikasten ari den Nora alaba. "Erasmusekin kanpoan dago, edo hori uste dugu, eta bideo-konferentzia bidez komunikatzen gara. Seme gaztea, Aitor, Xantik antzezten du. 21 urte besterik ez du eta dagoeneko bi ikuskizun eta telesaila egin ditu eta kantuan ere primeran aritzen da. Ederto moldatzen gara elkarrekin. Nerea eibartarrarekin Kepa Errastiren Lur lanean ari naiz; oraingo honetan, inspektorea da hura. Eta emazteak ere, Ainhoa eta Ana, aspaldiko lankideak eta lagunak ditut, oraingoan, izaera gogorreko emakumeen paperean, eta ni, berriz, senar txotxolo samarra naiz".

Helburua, barre eragitea

Komediatik enfokatzen dituzte familia bateko gorabeherak. "Dozena bat emanaldi egin ditugu eta jendea pozik atera da, barre gustura eginda; tontoarena egitea egokitu zait, beste behin, eta gustura ari naiz Koldoren azalean. Hala ere, inspektorea ikertzen hasten denean bullying-a, sare sozialen erabilera mingarriak eta gaur egungo bestelako gai gogor asko agertuko dira. Hori bai, bukaeran istorioak buelta eman eta ezusteko polita hartzen dute ikusleek, baina ez dut pista gehiagorik emango".

Publiko helduarentzako dago antzezlana sortua. "13 urtetik gorakoentzako aproposa da, gu baino abilagoak dira sare kontuetan. Ordu eta erdiko tarte goxoa eskaintzen dizuegu; zatozte, bada, ez zaizue damutuko".

Arrasaten, etzi, domeka

Amaia antzokian eskainiko dute, 19:30etan hasita. "Etxe inguruan pozik ibiltzen naiz, lagunen eta ezagunen aurrean. Areto dotorea da Amaia antzokia, askotan antzeztu izan dut han. Garai batean, muntaketa lanetan ere ibiltzen nintzen; hortaz, aspaldiko lagunak ditut hango langileak ere".

Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eros daitezke sarrerak, hamar eurotan.

Bergaran, datorren zapatuan

Haurtzaroan eskola, jolastoki eta lagunen topagune izan zuen Seminarixoa eta haren inguruak ere ondo ezagutzen ditu Laskurainek. "Kaniketan jolasten ginen arkupeetan eta Seminarixoko elizan ere meza bat baino gehiago jasotakoa naiz. Aretoa zabal- du zutenetik bizpahirutan izan naiz hemen antzezten".

Otsailaren 25ean, zapatua, 20:00etan izango da. Seminarixoa.eus atarian eta aretoko leihatilan eskura daitezke sarrerak, zortzi eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak