"Pozik hartu dugu gonbidapena; aurrez beste formazio batzuekin izandakoak gara han eta oso gozo hartu gintuzten. Agertoki handietan gustura jarduten dugu, baina gaztetxeak ere plaza oso estimatuak dira guretzako, lan handia egiten dute-eta horietan", azaldu du Bulegoko abeslari Tomas Lizarazuk.
Pandemiatik "indartuta" atera zen pop estiloa oinarri duen taldeak dagoeneko hiru lan ditu argitaratuta; 2021ean sortutako Erdian oraina izenekoa da azkena. Horietan guztietan daude askotariko profiletako eta adinetako publikoa harrapatu duten kantuak. "Bilduma horien nahasketa bat izango da, nolabait esanda, eskainiko duguna. Doinu dantzagarriekin, beti saiatzen garen moduan, ondo pasatzea da gure asmoa".
Bihar, egubakoitza, 18:00etan hasita salduko dituzte sarrerak, 22:00etan zabalduko dituzte gaztetxeko ateak eta 22:30ean hasiko da kontzertua.