Aresko Emakumeen Martxarako izen-ematea zabalik da

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 9a, 17:10

Emakumeei eta kirolari balioa emateko, Aresko Emakumeen Martxa izango da martxoaren 12an. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta izena emateko sei euro ordaindu beharko dira; horretarako azken eguna otsailaren 12a da, domeka.

Aresko Emakumeen Martxaren eguna zehaztu dute Eskoriatza Kirol Elkarteko eta UDAko kideek. Martxoaren 12an izango da eta aste honetan eman dituzte bost urte beteko dituen egitasmoaren gaineko nondik norakoak. Emakumeok bidea eraikiz lelopean egingo dute oinezko martxa eta Aretxabaletatik Eskoriatzarako bidea egitea tokatzen da aurten. Horrekin batera, aurreko edizioetan moduan, bi emakume omenduko dituzte: bata martxa hasieran eta bestea martxa amaieran. Hala ere, omenduak nortzuk izango diren aurrerago adieraziko dutela adierazi dute; oraingoz, izen-emate epea ireki dute.

Aresko Emakumeen Martxako bosgarren edizioko kartela.

Izena eman, eta kamiseta opari

"Argitaratu dugu aurtengo kartela eta izena emateko aukera domekara arte dago zabalik. Sei euro balio du izen-emateak eta inskripzioarekin batera egunerako kamiseta bat jasoko dute animatzen direnek. Aretxabaletatik Eskoriatzara egingo dugu aurtengo martxa eta herri bakoitzean emakume bat omenduko dugu: bata hasieran eta bestea amaieran. Bosgarren edizio honetako omenduak ez ditugu zehaztu oraindik, baina laster emango dugu horien berri", adierazi du Amets Sanzek, Aresko Saskibaloi Eskolako entrenatzaileak.

Leire Alvarez, Ana Nevado, Izar Gomez eta Amets Sanz, Aresko Saskibaloi Eskolako entrenatzaileak.

Izen-emateak Aretxabaletako Ibarra kiroldegian edo Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian egin daitezke eta bertan zehaztu beharko da jaso nahi den kamisetaren neurria. "Kamisetak orain eskatu arren, martxoaren 12ko egitasmoan erabiltzeko izango dira, eta, beraz, egun horretan banatuko ditugu. Helburu nagusia, bestalde, emakumea eta kirola bateratzea da, emakumeei balioa ematea, Aretxabaleta zein Eskoriatzako kaleak betetzea eta uholde morea sortzea".

Aretxabaletatik Eskoriatzara

Emakumeen Martxa Aretxabaletako plazan hasiko dute eta bertan omenaldia jasoko du kirolari lotuta egon den Aretxabaletako emakume batek. Gero, Eskoriatzara ibilaldia egingo dute, oinez, eta anoa-postua egongo da ibilbidearen erdialdean. Animaziorik ere ez da faltako, eta martxa Fernando Eskoriatza plazan amaituko dute. Bertan Eskoriatzako emakume batek jasoko du omenaldia.

Beste edizio batzuetan omenaldi ostean ez da bestelako ekintzarik egin, baina aurten, talde feministekin elkarlanean ez dute baztertzen ekintzaren bat egitea eta, hala, egitasmoa borobiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak