Ehizak soilik ez du kontrola bermatzen

Hasier Larrea 2023ko ots. 7a, 16:25

Basurdez gainpopulatuta daude basoak eta kalteak eragiten dituzte nekazarien eta abeltzainen belardietan. Administrazioek ehizaren jardunarekin kudeatzen dute arazoa, baina gero eta ehiztari gutxiago daude. Erabaki eraginkorragoak hartzeko, eragileek presio bateratua egin behar dutela nabarmentzen dute adituek.

Puntua aldizkariaren 354. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Kale inguruetan azaltzen direnean hitz egiten da gehien haiei buruz, harriduraz, larritasunez edota umore puntu batekin. Edozelan ere, ez da txantxetako kontua landa- eremuan, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan, ibiltzen direnean uzten duten aztarna. Iraganean gizakiak otsoekin edota hartzekin egiten zuen elkarbizitza korapilatsuaren oinordeko bihurtu dira basurdeak. Duela 60 bat urte Kantauri isurialdean inor gutxik ezagutzen zituen harrapakariok; bitxikeria bezala, Aramaion gogoan dute oraindik herri inguruan lehen basurdea ehizatu zuenaren izena –Ramon Ocansa–, duela hiru aste Aramaioko Udalak lurjabeen eta ehiztarien arteko desadostasunak tarteko deitutako batzarrean aipatu zutenez.

Baina 2000. urteaz geroztik hazi egin da espezie horren presentzia. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021/22ko ehiza denboraldia amaitu ondorengo diagnostikoan aditzera eman zuenez, Gipuzkoan, gaur egun, duela 20 urte baino lau aldiz basurde gehiago ehizatzen dira, eta antzera gertatzen da inguruko lurraldeetan. Bestela esanda, urtetik urtera %9,3 basurde gehiago ehizatu dira, batez beste; %13 gehiago, azken hamarkadako datuak bakarrik kontuan hartuta.

Hala, txosten horren arabera, Gipuzkoan, orotara, 3.339 basurde ikusi ziren iaz, eta horietatik 2.169 ehizatu, egindako 1.891 uxaldietan. Debagoiena, Gipuzkoako eskualderik handiena izanik, proportzioz kopuru handieneko eskualdea ere bada: 703 basurde ikusi, 478 uxaldi antolatu eta 438 atzeman ziren joan den denboraldian. Aramaioko datuak ekarrita, ehizatutako basurdeen kopuruari 80 unitate inguru gehitu behar zaizkio.

Mendiak eta mugak oztopo

Dentsitatez Bidasoaldea da basurde presentzia handieneko bailara, baina Debagoienean badaude zenbait zona "bereziki gatazkatsuak", Xabier Lopetegui Aldundiko Landa Inguruneko Saileko prentsa arduradunaren esanetan. Alde batetik, Arabarekin eta Bizkaiarekin muga egiteak ehiza jarduna baldintzatzen duela dio, basurdeak nonahi ibili arren ehizaren kudeaketa eta antolaketa desberdina delako lurralde batetik bestera: "Ondorioz, ehiztariek tokian tokiko prozedurak, araudiak eta lurraldeak ondo ezagutu eta errespetatu behar dituzte".

Bestalde, zona menditsu ugari eta handiak egoteak ere ez du laguntzen basurdeei segika ibiltzeko orduan. Arrasaten Udala auzoa, Aretxabaletan Urkulu ingurua eta Oñatin Arantzazu zein Araotz, esaterako, "gordeleku eta bizileku egokiak dira, jatekoa erraz aurkitu eta ehizatzeko zailagoak diren eremuak direlako".

Gainpopulazioaren kausak

Baina arazoa orokorra da Europa hegoaldeko toki hezeetan, basapiztiak bizirauteko eta ugaltzeko ekosistema perfektua aurkitu duelako. Lehen soroak ziren esparru asko gaur egun baso bihurtu ditu gizakiak. "Debagoienaren azaleraren hiru laurdena basoa da eta, behar bezala zaintzen ez denez, sasitza handiak daude; hor abantaila dute basurdeek", azaldu du Floren Markinak, Aran ingurumen zerbitzu- enpresako teknikariak. Gainpopulazioa azaltzeko espeziearen ezaugarriei ere erreparatu behar zaiela gaineratu du: "Eme batek bi kumaldi izan ditzake urtean, sei-zortzi kume inguru, gai direnak jaio eta bi hilabetera guztiz burujabe izateko; beraz, populazioa orekatu nahi badugu, eraginkorragoa da ahalik eta ale gazteenak harrapatzea".

Sartzen badira, "atzera bueltarik ez"

Baserritik bizi direnek eskubidea dute euren lursailetan basurdeek eragindako kalteengatik konpentsazioa eskatzeko aldundiei. Baina laguntza ekonomiko hori nahikoa ez eta bestelako neurriak nahiago dituzte. "Aurten milaka euroko galerak izango ditugu, belardiak txikitu dizkigutenez ganaduarentzako jana erosi beharko baitugu", adierazi du Aitor Murgoitiok, Arrasateko Udala auzoko abeltzainak. Dio "etsita" dagoela, urte askoan luzatu den arazoari agintariek ez diotelako aterabiderik ematen: "Kalte egiten duena kendu egin behar da, eta hori ez da lortuko naturgune babestuetan ehizarako erraztasunak eman gabe". Arantzazun dauka lursaila eta ganadua Migel Arregik, eta joan den urtean "inoizko triskantza handienak" eragin zizkioten: "Aurten, momentuz, lasaiago gabiltza, ehiztariak fin dabiltzalako. Baina iazkoa errepikatuko balitz, galera ekonomikoa neure gain hartu beharko nuke, ez naiz-eta ofizioz abeltzaina". Biak ados dira: "Lursailak konpontzea ez du merezi".

 

Arriskutsuak ganaduarentzat

Taldean mugitzen dira belar, fruitu eta barazki-haziz elikatzeko. Jakiok baserritarren lursailetan aurkitzen dituzte sarri, eta gupidarik gabe altxatzen dituzte belardiak. "Lurra errotik ateratzea oso kaltegarria da ganaduarentzat. Izan ere, bildutako belarrak lurra baldin badauka eta ezin bada ondo lehortu, hezetasun handia hartzen du gero eta oso toxikoa izaten da belar hori", dio Markinak. Beraz, abeltzainak kanpotik erosi behar du bazka, baina kalteak are larriagoak izan daitezke. "Lursailetara sartzean, abereen ura edaten dute eta, kontrolik pasatzen ez duten basapiztiak direnez, gaixotasunak eragin ditzakete ganaduan", azaldu du Aitor Murgoitio abeltzainak.

Ehiztariek babes falta sumatzen dute, "afizioz behar bati" erantzuten diotela kontuan hartuta

Ehiza, jarduera konplexua

Basurdeen erasoak saihesteko ehiza da administrazioek babesten duten jarduna. EAEn aisialdi-aktibitate bezala dago izendatuta, aldundiek kudeatzen dute eta Gipuzkoakoak, esaterako, hitzarmen bat dauka lurraldeko Ehiza Federazioarekin. Horko bazkide dira ehiza elkarte edo kuadrillak. Sarritan herrika daude antolatuta eta kuota bat ordaintzen dute norbere herriko ehiza esparruan aritzeagatik. Ehiza larria delakoa, basurde eta orkatz ehiza, irailetik apirilera praktika dezakete, ostegun, zapatu eta domeketan.

Aisialdian baso eta mendi inguruetan ibiltzen direnek sarri egiten dute topo uxaldietan parte hartzen ari diren ehiztariekin. Markinaren esanetan, "bizikidetza konplexua" sortzen da egoera horietan, Frantzian eta Europako beste zenbait herrialdetan gertatzen ez dena: "Han legeak baimentzen du uxaldia egingo den unerako esparrua ehizarako bakarrik mugatzea".

Markinak gaineratu du ehiztariak "gaizki ikusita" daudela gizartean eta horrek eragina duela ehiztari kopuruaren beherakadarekin: "Hemendik hamar urtera posible da basurdeak ehizatzeko nahikoa ehiztari ez egotea". Aldundia ere jakitun da belaunaldien arteko errelebo falta dagoela, baita, joera horrek hala jarraituz gero, urte batzuk barru ehiza larriko uxaldiak antolatzeko zailtasunak egongo direla.

2000. urtetik hona ehizatutako basurdeen kopurua laukoiztu egin da Gipuzkoan

Debagoieneko zenbait ehiztarirekin harremanetan jarri da PUNTUA, eta nahiago izan dute euren izenik ez aipatu, "seinalatuak ez izateko". Izan ere, ehiza gai delikatua dela uste dute, sortzen diren iritzi guztiak tarteko: "Baserritarrek esaten digute ez dugula nahikoa ehizatzen; eta animalien eskubideak defendatzen dituztenek, berriz, gure jarduna debekatuta egon beharko lukeela. Guk afizioagatik eta behar bati erantzuteko ehizatzen dugu, gastuak gure poltsikotik ordainduta".

Ehiza-txakurren mantenuak eragiten dizkie kosturik altuenak, eta animaliok hezten ere denbora asko pasatzen dute. Hala ere, uxaldietan ez dute beti lortzen basurdeak harrapatzea: "Guri nondik ibili diren abisatzen digute, baina heltzen garenerako jada ez daude hor; beraz, orduak eman ditzakegu euren arrastoaren atzetik. Uxaldi egunaren zati oso labur batean bakarrik aritzen gara tiroka".

Arduraz landu zuten gaia Aramaion

Lurjabeen eta ehiztarien arteko desadostasunak tarteko, Aramaioko Udalak bilera irekia deitu zuen urtarrilaren 16rako. Basurdeen gainpopulazioaren zergatiak, datuak eta konponbide posibleak zerrendatu zituzten baso kudeaketan aritzen diren bi adituk, Floren Markinak eta Iñaki Etxebestek, eta hesi elektrifikatuen onurak nabarmendu zituzten.
 

Eraginkorrago izateko moduak

Gainera, babeslekuetan ehizatzeko baimen berezia behar dute; Orkatzategin, Aloñan, Aizkorrin eta Udalatxen, esaterako. Urkiolan ehizatu gura badute Bizkaiko Aldundiari eskatu behar diote baimena, eta hor luzatu egiten da tramitea. Nekazarien EHNE sindikatuko Lorea Muguruzaren esanetan, "aldundien artean elkarlan handiagoa egin beharko lukete ehiztariei uxaldiak errazteko".

Ekologistak Martxan taldeko kide Piter Encinasek bestelako ikuspegi bat dauka: "Milaka basurde hiltzen dituzte urtero, baina kopurua ez da gutxitzen. Zergatik ez ezarri bi urte inguruko etenaldia ehizari? Emaitzak ikusi eta ondorioak ateratzeko interesgarria litzateke".

Belardietan hesi elektrifikatuak jartzea ere aukera ona dela uste du. Aldunditik diote prebentzio-neurri horiek jartzeko erraztasunak ematen direla: "Gipuzkoako Ehiza Federazioaren bidez artzain elektrikoak dohainik ere uzten zaizkio baserritarrari, baina, kasu batzuetan, baserritarrek eurek ez dute erabili nahi izaten, inguruko landaretza garbi mantendu behar izateak lan-karga eta kostu gehigarria dakarkielako".

Bistan da alde bakoitzak berea defendatzen duela eta arazoaren erantzukizuna beste bati egozten diola. Markinak argi hitz egin du: "Ez bagara abeltzain, nekazari, ehiztari eta ordezkari politikoak ados jartzen, ezingo dugu neurri hobeak hartzeko nahikoa presio egin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak