Elurra kota baxuetara jaitsiko dela iragarri dute

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 17a, 18:40

Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez bihar, eguaztena, elur-kota 400-500 metro inguruan egongo da eta noizbehinka 200-300 metrora jaitsi daiteke; horregatik, alerta laranja dago ezarrita. Hori horrela, Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoieneko zenbait herrik elur-protokoloak abiarazi dituzte.

Eguazteneko tenperatura baxuena gradu bakarraren bueltan egongo da eta ez da askoz gehiago igoko egunean zehar, maximoa sei gradutan egongo baita. Horregatik, elurra maila baxuetan ikusiko dela iragarri dute eta hotza izango da nagusi.

Neguko Bidezaintza Plana

Aurreikuspen hori jakinik Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen eta informazio-fasea aktibatu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, eta eguerdian bilera egin du hori koordinatzen duen organoak, EAEko erakunde guztiak ordezkatzen dituenak, fase operatiboa abiarazteko. Prebentzio moduan, zazpi garabi astun izango dira errepide-sare nagusian, gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratzeko. Eta baliabide gehiago jarriko dituztela trafikoko arretan (011) eta larrialdien arretan (112) eman dute aditzera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du eta 87 kamioi izango direla prest lurraldean adierazi dute; beharrezkoa izanez gero, 11.400 tona gatz ere badaude gordeta 39 biltegitan.

Herrietan elur-protokoloak

Debagoieneko zenbait herrik prebentzio protokoloa abiarazi dute. Eskoriatzako Udalak, esaterako, herritarrei eskatu die "tentuz ibiltzeko" egunotan, autoa "ahalik eta gutxien" erabiltzeko eta edozein behar izanez gero udaltzainekin harremanetan jartzeko.

Elgetako Udalak ere herritarrei jakinarazi die autoa behar-beharrezkoa bada soilik hartzeko eta neguko gurpilak erabiltzeko edo kateak prest izateko. Gainera, Salbador kaleko irteera ireki egingo dute eguaztenean eta eguenean, loreontziak kenduta. Eta udaletxeko arkupetan gatza eta palak utziko dituzte behar izanez gero erabiltzeko, beti ere "arduraz".

Bergarako Udalak hainbat neurri hartu ditu alerta laranja dela eta. Hala, Udaleko langileen ordutegia moldatu egingo dute beharren arabera; gatza edo urea botako dute espaloietan herrian zehar; espaloiak garbitu egingo dira, baita errepideak ere; aparkaleku publikoa itxi egingo da autoek daramaten elurra urtzerakoan kalteak ekiditeko; ortu komunitarioetarako arrapala itxi egingo da segurtasunagatik; herritarrentzat eskuragarri egongo da gatza; eta ikastetxeetan dauden karpak itxi ahalko dira segurtasunagatik. Gainera, unean uneko beharrek eskatzen duten beste neurri batzuk ere hartuko dituzte.

Gomendioak

Datozen orduetarako zehaztu den eguraldi iragarpena jakinik honako aholkuak zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak:

  • Kontuz ibili Euskadiko itsasertzeko eta mendebaldeko ibai-arroen inguruan.
  • Aurreikuspenen aurrean, gomendatzen da ez zirkulatzea astearte iluntzetik aurrera eta asteazkenean eta ostegunean.
  • Metatzea espero den elurraren eta haize zakarraren ondorioz, mendira ez joatea aholkatzen da.
  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak