Euria erruz eta elur maila geroz eta beherago

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 17a, 07:53

Euskalmetek aditzera eman du gaur, martitzena, ere erruz egingo duela euria, eta arratsaldean, ekaitzak ere jo dezakeela. Egunak aurrera egin ahala, gainera, tenperaturak behera egingo du eta elurra gero eta maila baxuagoan izango da; arratsaldean, 600-700 metro inguruan kokatu dute elurraren maila eta azken orduetan, 400 metro ingurura jaitsi daiteke.

Eguazteneko giroa are eta makurragoa izango dela zehaztu du euskal meteorologia zerbitzuak. Zaparradak sarri botako ditu, batez ere Kantauri isurialdean. Elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da, noizbehinka beherago; aurreikusitako lodiera hauxe da: 20-40 cm 1000 metrora; 5-30 cm 600 metrora eta 0-5 cm 200 metrora. Tenperatura gradu bat eta sei artean izango da baina ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, eta horrek hotz-sentsazioa areagotu egingo du.

Deba ibaiaren mailak gora

Azken orduetako prezipitazioek ur asko utzi dute, eta ondorioz, ibaien mailek nabarmen egin dute gora. Deba ibaia, esaterako, maila horira iritsi da gaur, martitzena, 04:30ak inguruan, baina ondoren maila berdera jaitsi da.

San Prudentzioko estazioko asteleheneko datuak: batean prezipitazioaren neurketa, eta azpian, Deba ibaiaren mailak izandako bilakaera.

Urkuluren betetze mailak ere gora egin du azken orduetan; domekan, %58 zen eta gaur, martitzena, %60,25 da. Hala ere, oraindik urrun dago iazko mailatik, %99,63 zen orduan.

Elur-protokoloa abian

Elurraren maila gero eta beherago izango dela iragarri ondoren hainbat herrik prebentzio protokoloa abiarazi dute. Eskoriatzako udalak, esaterako, herritarrei eskatu die "tentuz ibiltzeko" egunotan, autoa "ahalik eta gutxien" erabiltzeko eta edozein behar izanez gero udaltzainekin harremanetan jartzeko.

Elgetako Udalak ere herritarrei jakinarazi die autoa behar-beharrezkoa bada soilik hartzeko eta neguko gurpilak erabiltzeko edo kateak prest izateko. Gainera, Salbador kaleko irteera ireki egingo dute eguaztenean eta eguenean, loreontziak kenduta. Eta udaletxeko arkupetan gatza eta palak utziko dituzte behar izanez gero erabiltzeko, beti ere "arduraz".

Gomendioak

Datozen orduetarako zehaztu den eguraldi iragarpena jakinik honako aholkuak zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak:

  • Kontuz ibili Euskadiko itsasertzeko eta mendebaldeko ibai-arroen inguruan.
  • Aurreikuspenen aurrean, gomendatzen da ez zirkulatzea astearte iluntzetik aurrera eta asteazkenean eta ostegunean.
  • Metatzea espero den elurraren eta haize zakarraren ondorioz, mendira ez joatea aholkatzen da.
  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak