HEMEN DEBAGOIENA

Seminarixoa sutzeko asmoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urt. 13a, 06:30

Oñatiko Aiert Alberdi bakarlariak eta Bergarako Arragoa eta Aramaioko The Clayton taldeek osatzen dute gaur Seminarixoan 21:30ean hasita izango den bosgarren Danbakaren finalisten zerrenda, eta Murtziako DJ Gela izango da artista gonbidatua.

Urriaren 14an abiatu zuen Goiena Komunikazio Taldeak, Bergarako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eta Sein taldearen babesletza eta laguntzarekin, bosgarren Danbaka Musika Lehiaketa. Debagoieneko ia herri guztietako ordezkariak taularen gainera igotzeko aukeratutakoen zerrendan. Musikari ezagunak eta hasiberriak elkarrekin urtarrilaren 13an helmugara heltzeko irteera puntuan.

Hogei formazio, bost kontzertu

Musika-dastaketa moduko bat izan da kontzertu bakoitza. Zapore ezberdineko lau plater bakoitzean. Gozoak, gaziak, garratzak, pikanteak edo zorrotzak aukeran, baina elkarrekin "egubakoitzetarako primerako proposamenak" osatuta. Hala adierazi dute emanaldietara joan diren ikus-entzuleek; publiko zabala batu da Seminarixoan, adinari eta musika zaletasunari begiratuta.

Musikariek "asko eskertu" dute Danbakak eskainitako erakusleihoa eta mimoz prestatutako zuzenekoak egiteko lan egin dute, orokorrean, guztiek, agertokian ondo erakutsita.

Hogeitik hiru finalean

"Aniztasuna izan da jokatutako bost kanporaketen ezaugarria eta finalak ere hala izan behar zuen", dio Julen Narbaizak, Kristina Markinak, Aitor Aldanondok, Iñigo Ugartek eta Nerea Loron La Furia-k osatu duten epaimahaiak, eta zera gaineratu: "Aukeratutako hiru proiektuek –Aiert bakarlaria, Bergarako Arragoa taldea eta The Clayton Aramaioko boskotea– bestelako emanaldi bat eskainiko dute gaur; hiru estilo, hiru osaera eta musika ulertzeko hiru modu ordezkatzen dituzte, Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioa berezitu duen aniztasunaren adierazle".

Azaroaren 11n izan zen Aiert bakarlariari buruz zera adiera zi dute epaimahaikideek: "Ikusleak gozarazi zituen ahots benetan pertsonalarekin eta abesti hunkigarriekin. Gitarra lagun, erakutsi du badakiela agertokia ziurtasunez eta irmotasunez zapaltzen. Ibilbide oparoa aurreikus dakioke". Azkeneko kanporaketan, abenduaren 16an, izan ziren Bergarakoak. "Bi familia, bi belaunaldi eta musika letra larriz idatzita. Kalitatea, prisma guztietatik begiratuta, eta heltzeko gaitasuna. Hori guztia Arragoa definitzeko, folk abestien errepertorioa bikain aukeratu eta ezin hobeto gauzatu ostean. Gorputz handiko eta arima sakoneko emanaldia egin zuten". Aramaioarrak, berriz, lehenekotarikoak izan ziren euren proposamena aurkezten. "Edizio honetako zuzeneko onena egin dute. Jarrera, teknika eta kantu landuak. Bailaran ohikoak diren distortsio indartsuetatik aldenduta, rock-and-rollaren erraietara jo dute aramaioarrek”.

"Sorpresa" finalistendako

Kanporaketetan baino saio luzeagoak eskainiko dituzte lehiakideek, 45 minutukoak. Ezustekoa izan da finalerako txartela eskuratzea hiru aukeratuendako. "Abesti gehiago jotzeko aukera izango dut eta ez dut zerrenda iragarriko, baina kontzertuan zehar ikus-entzulea toki askotara eramaten saiatuko naizela agintzen dut", dio Aiert Alberdik. Beste ildo bati heltzeko asmoa dutela adierazi dute Arragoa bergararrek: "Kontzertua beste maila batera igotzeko saiakera egingo dugu berrikuntzak eskainita eta, ahal dela, abestiak errepikatu barik". Estiloan norabide berri bat hartzeko asmoa adierazi dute The Claytonekoek: "Horregatik ez ditugu abesti zahar batzuk jo gura eta amaitu berri dugun abesti bat joko dugu Danbakan estreinakoz".

Diskoaren irudia izango duen koadro bana jasoko dute irabazleek.

Hiru sari

Diskoaren irudia izango duen koadro bana jasoko dute irabazleek. Hiru sari banatuko dira gaur, gauerdian, Seminarixoan.

Sari nagusia: Epaimahaiak aukeratuko du, eta gaurko hiru proposamenetatik –Oñatiko Aiert bakarlaria, Arragoa zortzikote bergararra eta Aramaioko The Clayton boskotea– batek diskoa grabatzeko aukera izango du. Formazio irabazleak aukeratuko du, gero, non eta zeinekin grabatuko duen aurten grabatu eta argitaratuko den kantuen bilduma.

Publikoaren saria: 2.000 lagundik gora izan dira Danbaka.eus atarian botoa eman duten herritarrak. Irabazleari bideoklipa grabatzeko aukera emango dio sariak.

Danbaka-Ekinez saria: Ekainaren 9an eta 10ean Bergaran egingo duten bigarren Ekinez musika jaialdian "zuzeneko oso berezia" egiteko aukera izango du hirugarren sari hori eskuratuko duen formazioak. Goienak eta Ekinez elkarteak aukeratuko dute proiektu irabazlea.

Sarrerak leihatilan eskuragarri

Aurrez jokatutako kanporaketan moduan, finalean ere hainbat salneurri daude sarrerei dagokienez: lau euro, sarrera arrunta; Goiena app-a dutenentzako, bi euro; eta Goienakideentzako, dohainik.

"Bide ederra eginda"

Kultura eta aisialdia elkarlanetik eta euskara ardatz izanda bokazioarekin abiatu zuen Goienak 2004an eskualdeko musika lehiaketa. "Bereziki musika-zalea den bailara honetan musika eszenaren edo panoramaren erakusleiho izateko bokazioz jaio zen eta hainbat urtetako etenaldiaren ostean, bosgarrenak ere eskualdean musika harrobi itzela dagoela erakutsi du", dio Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

"Estilo askotarikotasuna" nabarmendu du Bereziartuak. "Kanporaketa bakoitzean ikusi da estilo aniztasun hori eta finalisten zerrenda horren isla da. 31 talde aurkeztu ziren eta hogeik hartu dute parte lehiaketan –hemeretzi epaimahaiak aukeratuta eta publikoak, bozketa bidez, hogeigarrena–. Kopuruaz harago, orokorrean, formazio guztien zuzenekoen kalitatea nabarmenduko nuke nik ere. Azkeneko Danbaka egin genuenetik gaur egunera sumatzen genuen formazio berri interesgarriak sortu direla eskualdean eta gure aurreikuspenak bete egin dira. Nabarmendu nahiko nuke lehiaketaz harago, erakusleiho aparta dela".

Seminarixorako gonbidapena

Kanporaketen moduan, finaleko emanaldi osoa ere grabatu egingo dute, Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian eskaintzeko gero. Eguenetan eskaintzen dute telebistan, 21:00etan eta 23:00etan, eta asteburuetan ere beste hainbat alditan. Hala ere, Bereziartuak Seminarixoraino joateko gonbidapena egin du: "Gaua mundiala izango da; musikazalea zaren horrentzat, plan itzela. Batetik, emanaldi bakar batean askotariko estiloak entzuteko aukera egongo delako. Bestetik, aurreko emanaldietan moduan, areto kanpoan chill out gunea egongo delako, oraingo honetan DJ Gela artista gonbidatuak gozatua".

Musikari gonbidatua, DJ Gela

Danbakako kanporaketa guztietan musikari gonbidatu bat izan da chill out gunean, musika akustikoari eta elektronikoari tokia egiteko. Murtziako Julia Lozano DJ Gela gonbidatu dute oraingoan. Bi saio labur egingo ditu kanpoan, 21:00etan eta 23:15ean hasita, eta saio luzeagoa egingo du Seminarixo barruan, 00:20an hasita, epaimahaikideek irabazlea aukeratu bitartean.

Murtziako Julia Lozano DJ Gela da musikari gonbidatua eta bi saio labur egingo ditu kanpoan eta luzeagoa barruan.

Jaioterriko Ocio klubean abiatu zuen DJ Gelak ibilbidea, 2003an; Madrilera joan zen, hamar urte geroago, non Madame Excuse-rekin batera Iguana Kolektiboa sortu zuen. Harrezkero, askotariko aretoetan eta Sonar jaialdian jarri du musika, baita nazioartean ere. Izan ere, acid housea, techno beroena, brasildar erritmoekin uztartzen ditu, bereziki, haren saioetan, baina bestelako estiloekin ere jolastuz eta publikoa dantzan jarriz, eta Danbakara bertara ere asmo horrekin doala iragarri du.

Sanpubrusa chill out gunean

20:00etan irekiko dute San Martin plazan, Seminarixoaren kanpoaldean, chil out gunea. Jon Mujikaren eta Irene Chohanen Sanprubusak eskainiko du gaur ere ostalaritza zerbitzua eta Seminarixoaren barruan tabernatxoa jarriko dute.

Oso gutxitan mugitu izan dute dute taberna-autobusa Elorregitik, eta "pozik" daude Danbakaren proposamena onartzeagatik. "Esperientzia ona, ezberdina, izan da. Formatu erraza egin zaigu, nahiz eta horrenbeste jende gurean sekula izan ez dugun. Polita izan da gure ohiko bezeroekin San Martin plazan elkartzea. Hasieran, berde samar ibili ginen eraman beharreko edariak eta bestelakoak kalkulatzen, baina geroago neurria hartu diogula esango nuke. Gaur ere saiatuko gara hurbiltzen diren guztien egarria eta gosea asetzen", azaldu du Jon Mujikak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak