Urtarrilaren 7an hasi zen neguko beherapenen denboraldia eta ibarreko dendetan ere jarri dituzte hori adierazten duten karteltxoak. Gutxi gorabehera, martxora ingurura arte egongo da martxan kanpaina hau eta saltzaileek ere aitortu dute herritarrak galdetu dietela ea beherapenak noiz jarriko dituzten.
Bergarako Joka dendan, esaterako, lehen egunetik daude jantziak beherapenarekin, udazkeneko eta neguko denboraldia "ahul samarra" izan delako eguraldia dela-eta. Denda horretako Ainhoa Garitanoren hitzetan "bero gehiegi egin du, eta gure kasuan, txamarren salmenta asko jaitsi du horrek".
Mugimendua ibili zen dendetan, baina Errege Egunaren ondorena eta, gainera, zapatua izanik, aldaketak egiteko aprobetxatu zuen askok. Oñatiko Sillero Oinetakoak dendako Ane Zumelagak azaldu du arrazoi horrengatik, urtarrilaren 9ra arte atzeratu dutela beherapenen hasiera.
Dena den, aste honetatik aurrera beherapenen sasoia indartsu etortzea espero dute saltzaileek, nahiz eta beherapenak ez izan lehen zirenak. Hala ere, positibo agertu dira: "Lehen egunak potenteak izaten ziren, orain linealagoa izaten da. Gero, pozik amaitzen dugu, baina hasiera ahulagoa da. Asteak aurrera joan ahala, beherapenak potenteagoak izaten dira eta horrek ere erakartzen du jendea".