ALBISTEAK

Errege Magoak gertu hainbat herritako desfileetarako

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urt. 3a, 17:51

Hainbat herritara iritsiko dira Errege Magoak etzi, urtarrilak 5. Arrasaten ohiko formatua berreskuratuko du desfileak eta Oñatin berritasunak daude: eguerdian eta San Migel parrokian izango dira umeak hartzeko gertu.

Ekialdetik datozen erregeak eguerdian, 12:00etan, eta San Migel parrokiara etorriko direla aurten iragarri dute Oñatin. Horixe eman dute jakitera hiru errege magoen laguntzaileek eta era berean, harreraren antolatzaileek.

Joan den urtean parrokiako  barnekotasun eskolak, katekesiak, hartu zuen erreleboa ekialdeko erregeen desfilea antolatzeko, baina azkenean ezin izan zuten egin COVID-19 birusaren positibo kopurua altua zelako orduan. Baina aurten bai, aurten egingo dute. Dozena bat gurasok eta katekesian dabiltzan umeen artean antolatu dute. 10:00etan San Martin egoitzara joago dira Errege Magoak sei laguntzailerekin batera, eta eguerdian San Migel parrokiako klaustroan egongo dira umeen gutunak jasotzen, laguntzaile gehiagorekin. Santa Anatik aterako dira eta parrokiara joango dira zuzenean. Ume guztiek opari bana jasotzea izango da euren nahia.

Beste lau herritan ere bai

Oñatira ez ezik, bailarako herri gehienetara egingo dute bisita Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Arrasaten, esaterako, ohiko formatua berreskuratuko du desfileak; 19:00etan abiatuko dira Iturbide egoitzatik eta Herriko Plazara iritsiko dira 19:45 inguruan; zeharkaldian goxokiak banatuko dituzte umeen artean. 

Bergaran ere 19:00etan hasiko da betiko itxura berreskuratu duen desfilea. 80 zuzi-eramaile, erregeen paje eta soldaduk burutuko dute ibilbidea. Meltxor, Gaspar eta Baltasar zaldi gainean ibiliko dira erdiguneko kaleetan; Mizpirualde egoitzara eta Elosura ere joango dira (18:00). 

Eta berdin Aretxabaletan. Errege magoek herriko kaleak zeharkatuko dituzte 18:30ean umeen gutunak jasotzeko, eta goxokiak banatuko dituzte; Ibarra kiroldegitik abiatuko dira eta Herriko Plazan bukatuko desfilea.

Eskoriatzan, baina, ez da desfilerik egongo; Meltxor, Gaspar eta Baltasar umeen gutunak jasotzen egongo dira 18:00etatik aurrera, Joseba Iñurrategi pilotalekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak