Puntua aldizkariaren 349. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Aro digitalean erabat sartuta eta edozein kontsultatarako eskuko telefonoa hartzen dugun sasoian, askotan baita zein egunetan bizi garen jakiteko ere, paperezko egutegien aroa ez da oraindik amaitu. Lan bolada handia izan dute aurtengo abenduan ere bailarako inprimategiek egutegiak egiteko, izan paretakoak edo mahai gainekoak, adibidez. Askotariko formatuak, eta bakoitzaren barruan ere eredu bat baino gehiago. Egutegi berriak apenas, baina ohitura hori duten askok eutsi egiten diote horri eta bezero fidelak dira oraindik, izan ikastetxeak, banketxeak, erakundeak edo herritako elkarte, negozio eta eragileak, esaterako. Horien zain egoten denik ere badago aurreko urtekoa kendu eta toki berean hurrengo urtekoa jartzeko. Aro digitalean bizi gara, baina sukalde askotan dago oraindik paperezko egutegia.
Arantzazuko egutegia
Takoa
Zazpi hamarkada baino gehiagoko historia du Arantzazuko egutegiak, takoak. Formatu horretan ez dira asko ateratzen egun, baina errotuta dago eta eutsi egiten dio. Historiako, naturako, erlijioko edo barre eragiteko testutxo bat du idatzia orri bakoitzaren atzean.
Arrasate Musikal
Paretakoa
Azaroan bete dira 50 urte Arrasate Musikal sortu zela eta argazki zaharrak biltzen ibili dira 2023ko egutegirako. Bigarrena da hau. Pandemia aurretik, 2020koa izan lehen lehena, eta orduko instrumentu-taldeen argazkiak atera zituzten hartan. Herriko tabernetan eta irakasleei eskatuta eros daitezke.
Lagunen arteko egutegia
Poltsikokoa
Senideen edo lagunen argazkiekin egutegia egin eta oparitzen dutenak ere badira. Aritz Bikuña bergararra da horietako bat. Joan den urrian kuadrillan Tuterara egindako irteera baten ateratako talde argazkia aukeratu du datorren urteko egutegi bihurtzeko. Eskura banatu die lagunei.
Eguzkigraf inprenta
Mahai gainekoa
Formatu guztietako egutegiak inprimatu dituzte aurten ere Aretxabaletako Eguzkigraf inprimategian, paretakoen kopurua jaitsi egin den arren. Haiek, baina, mahai gaineko formatua aukeratu dute eta bezeroei horrelakoak ari zaizkie oparitzen, bakoitzak erabilgarri izango duen tokian jartzeko.
Zenbaki aholkularitza
Mahai gainekoa
Urte asko dira Aretxabaletako Zenbaki aholkularitza zerbitzuak egutegia ateratzen duena. Bulegoko lana egiten dute bertan eta eurendako ere erosoa den formatuan atera izan dute beti, mahai gainekoan. Baita aurten ere. Baina ez da ez argazkirik ez marrazkirik ageri egutegian. Hilabetez hilabete orria pasatzeko egutegia da, baina zenbakiak baino ez dira ageri, inongo ilustraziorik gabe. Bezeroen artean banatzeko ateratzen dute.
Amets tailerra
Paretakoa
Bezeroen artean banatzeko ateratzen ditu egutegiak Oñatiko Amets tailerrak. Ohiko bezeroek badute ohitura horren berri eta abenduan sartzearekin batera tailerrera joaten da bat baino gehiago egutegia eskatzera; adin batetik aurrerakoak, batez ere. Denak gastatzen zaizkie. 2023koan, Josu Garai argazkilari oñatiarrak hainbat urtarotan herriko mendi, baso, auzo eta baserriei ateratako argazkiak ageri dira. Zenbaki handiak ditu eta paretan jartzekoa da.
Aloña Mendiren saskibaloi elkartea
Poltsikokoa
Kategoria eta talde bakoitzaren talde argazkiekin atera ditu aurten ere egutegiak Aloña Mendiren saskibaloi elkarteak. Betiko formatu berean, poltsikokoan; 4.500 aurten. Jokalarien artean banatzen dituzte eta euro baten saltzen. Baskoniako kamisetak, haren partidurako sarrerak eta afari bat zozkatzen dituzte gero. Aurtengo zozketa otsailaren 4an izango da, seniorren partiduaren atsedenaldian.
Kajoi taberna
Paretakoa
Aritz Gordo eta Aimar Elorza argazkilariek Arrasaten egindako argazki-sortak ilustratzen du 2002a ezkero ateratzen duten egutegi preziatu hori. AGT eta BZ negozioek ere sinatzen dute aurtengoa. Ibai-arte elkarteak, bestalde, lehenbiziko aldiz atera du egutegia eta horren berdina izango da 2023koa; formatu eta argazki berdinak ditu, baina sinadura ezberdinak. 1.500 alde atera ditu Arrasateko dendarien elkarteak herritarren artean banatzeko.
Bergarako Udala
Paretakoa
Herritarren artean egiten du deialdia Bergarako Udalak egutegirako argazkiak bidaltzeko, eta horrela egin du aurten ere. Herriko jaiegun eta ospakizunak, sasoiko produktuak eta ilargiaren faseak ere jasotzen ditu, besteak beste. Hilabeteen antzinako izenak ere badakartza. Aramaioko eta Oñatiko udalek ere atera dituzte egutegiak; paretakoak horiek ere: herriko paraje, txoko, elementu eta auzoak ageri dira horietan. Etxerik etxe banatu dituzte hiru herrietan.
Inurri elkartea
Paretakoa
Minbizi ginekologikoa duten eta izan duten hainbat emakumek osatzen dute Izan Inurri elkartea. Oñatin duela urtebete inguru hasi ziren minbizi hori pasatakoak diren lagun batzuk biltzen, eta, egun, hamabost bat elkartzen dira, tarteka, elkarrekin berba egiteko. Horietako batzuk agertu dira aurten Inurri elkarteak atera duen egutegian. Elkartasunezko egutegia da, paretakoa, eta salmentarekin jasotako dirua elkartearendako izango da. Oñatin, Maibi eta Kuttun dendetan eros daiteke.
Aloña Mendiren futbol saila
Paretakoa
Oñatin antzina esaten ziren moduan datoz hilabeteak egutegi horretan. Talde baten argazkia ageri da hilabete bakoitzean, azaroaren hasieran Azkoagainen ateratakoak –Ohorezko Erregional Mailakoa ilbaltzean eta mutilen alebin mailakoa abendukoan–. Ez da milara heltzen kopuru totala; aste honetan banatu dituzte futbolarien artean. Baloi baten irudia dator azalean eta 2024ko egutegi orokorra azken orrian.
Bergara igeri elkartea
Mahai gainekoa
Denboraldi hasieran talde argazkia ateratzen dute igeri elkarteko igerilariek eta argazki hori egutegi bilakatzen du zuzendaritzak, igerilarien artean banatzeko. DIN-A4 orri bat erditik tolestatuta dagoen formatua du eta papera baino lodiagoa da, mahai gainean jarriz gero bakarrik eusteko modukoa. Talde argazkia ikusten da alde batean eta hilabete guztiak bestean. Zorionak eta urte berri on mezua dakar.
Aretxarte elkartea
Paretakoa
Lehiaketa egin du Aretxabaletako dendarien elkarteak aurten egutegiko argazkiak aukeratzeko. Aurkeztutakoen artean hautaketa egin eta hilabete bakoitzean dagokiona jarri dute, koloretan; hala, otsailean kintoak ageri dira, abuztuan txirrindulariak eta irailean San Migel jaiak, adibidez. Agertzen diren argazkien egileek argazkiko 50 euro irabazi dituzte Aretxarteko komertzioetan gastatzeko. 1.100 ale atera dituzte aurten, aurrekoetan baino gutxiago, berandu ibili dira eta.
"Bi egutegitan nire argazki bana dago"
Iker Aizkorbe Arregi, argazkilaria
Iker Aizkorbe Arregik (Aretxabaleta, 1976) ateratako bi argazkik ilustratuko dute datorren urteko egutegi bana. Gipuzkoako Aldundiak ateratakoan, esaterako, ekaineko hilabetean agertzen den argazkia harena da. "Hiru argazki aukeratu nituen. Hiruretatik Jaizkibelen ateratakoa aukeratu dute. Kolore gorrixka, horixka eta urdina hartzen ditu haranak. Lehiaketak argazki koloretsua eskatzen zuen, eta horregatik bidali nuen hori. Europa osoan ez da horrelakorik ikusten den beste ingururik". Aurretik ere atera izan dira haren argazkiak Aldundiaren egutegian.
Ordubeteko ibilbidearen ostean ateratako erretratua da hori. Conocer Navarra aldizkariak ateratako egutegikoa, berriz, ustekabean atera zuen: "Ekaitza jasotzera joan ginen iluntze batean Bardera; harrapatu egin gintuen, eta erabat ilun zegoen momentuan Cabezo de Castildetierra irudi ezagunaren silueta erakutsi zuten tximistek". Turismo arloko aldizkariaren egutegian urtarrilarekin batera dator Aizkorberen argazki hori.
"Etxe askotan egongo naiz datorren urtean"
Asun Arzuaga Lasagabaster, egutegi batean agertuko den herritarra
Mesanotxe gainean duen agenda batean idazten ditu Asun Arzuaga Lasagabasterrek (Oñati, 1930) medikuen hitzorduak, puntua egiteko egunak eta lagunen urtebetetzeak, besteak beste, ez paretako egutegian, baina zenbaki handiak eta ilargiaren faseak dituztenak gustatzen zaizkio. "Bat baino gehiago izaten ditut etxean. Sukaldean, beti, Mirarizko Ama Birjinaren egutegia eta beste bat neu egoten naizen lekuan". Datorren urtean, hura agertzen dena jarriko du gustuko txoko horretan.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak ateratako egutegian agertzen direnetako bat da Arzuaga. Zahartzaro aktibo eta osasungarri baten alde da egutegi horretako gaia eta hilabete bakoitzarekin gipuzkoar baten karikatura agertzen da. "Irailekoan egongo naiz, bai, jai giroko hilabetea Oñatin. Argazki batetik atera dute karikatura hori askok ikusi dute dagoeneko eta kalean batek baino gehiagok esan dit oso polito gelditu dela. Etxeko sukalde edo gela askotan egongo naiz hurrengo urtean".