Iaz Debabarrenan martxan jarri zuten Etxebizitza Asanbladaren jarraipena da Deba Bailarako Kontseilu Sozlistak martxan jarri duen eta atzo Arrasaten aurkeztu zuten Etxebizitza Sindikatua. Ekimenaren bultzatzaileek diote egun bizi den egoeran langile klasearentzat eguneroko arazoa dela etxebizitza, eta presioak, mehatxuak, prezioen igoera arbitrarioak eta etxebizitzen kalitatea jaistea jartzen dituzte horren adibide gisa.
Hala, Etxebizitza Sindikatuaren baitan hainbat ekimen aurreikusten dituzte. "Hasieran, asanblada sortuko dugu eta bertan landuko dira etxebizitzari dagozkion esparru eta kezkak. Aurrerago, aholkularitza juridikoa ere eskaintzea da asmoa. Aldarrikatzen dugu doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den etxebizitza", azaldu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistako kide Eneko Kortabarriak.
Etxebizitzarekin lotutako arazoak dituztenei laguntzeko helbide elektronikoa eta telefono zenbakia jarri ditu eskuragarri Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, baina kideek adierazi dute etorkizunean baliabide gehiago jartzeko asmoa dutela eurekin harremanetan jartzeko
eta arazoei irtenbidea bilatzeko. Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa honako hau da: esindikatua.debabailara@gmail.com; eta telefono zenbakia, aldiz, hauxe: 653 53 40 98.
Mobilizazioak abenduaren 30ean
Bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek mobilizazioak deitu dituzte abenduaren 30erako proletariotzaren aurkako ofentsiba salatzeko eta autodefentsa sozialista aldarrikatzeko. Euskal Herriko hiriburu nagusitan egingo dituzte mobilizazioak. Donostiako, esaterako, 19:00etan hasiko da Bulebarrean.