Kristina Markinak, Julen Narbaizak, Aitor Aldanondok, Nerea Loron La Furia-k eta Iñigo Ugartek osatutako epaimahaiak erabaki du jada Danbakako finalean ze hiru artista edo taldek joko duten. Ezeren aurretik, aho batez onartu dute lehiaketaren aurreko aldiekin alderatuta asko aldatu dela aukera: "Rockaz harago doazen proposamen ezberdinak jaso ditugu, lehen entzunaldietatik hasita, eta frogatu dugu gero eta neska gehiago ari direla musikagintza jorratzen, baita adinaren aldetik aberastasun handia dagoela ere; finalean aniztasun hori islatzea iruditu zaigu justuena".
Ugartek adierazi du "zaila" egin zaiela hiru finalistak aukeratzea, baina "polita" izan dela prozesua: "Epaileok gure iritzia plazaratu dugu eta elkarri entzun diogu, aberasgarria izan da, eta une oro argi izan dugu Danbaka erakusleiho bat dela".
Arragoak, folk "dinamikoa"
Joan den astean Bergarako bi familiaz osatutako taldeak eskainitako ordu erdiak "askorako" eman zuela azaldu du Narbaizak: "Abestien aukeraketa koloretsuarekin asmatu egin dute, emanaldi dinamikoa izan baita. Alabek konposatutako kantuak oso onak iruditu zaizkigu; nabari da kide guztiek jaso dutela musika-heziketa".
Aiert, "garai hauen isla"
Danbakak musikari hasiberriei bultzada emateko helburua ere baduela aintzat hartuta, egokia iruditu zaie Aiert oñatiarra hautatzea finalerako. "Aniztasunari egin nahi genion tokia, eta Aiertek primeran islatzen du hori; proposamen desberdina eta apurtzailea dauka, eta niri, pertsonalki, zirrara eragin dit", dio Markinak. Gomendio bezala, hitzordu handian "kantu propio gehiago jotzea" eskertuko dutela gehitu du.
The Clayton, "erraietatik"
Boskote aramaioarra lehen emanaldian igo zen Seminarixoko oholtzara, eta, Aldanondoren esanetan, "lehen unetik argi" izan zuten azken faserako sailkatuko zirela: "Nire ustez, zuzenekorik onena izan da; indartsua, ondo jotakoa eta teknikoki landua. Eszenatokia bete dute zuztarretako rock-and-rolla gitarra garbiekin uztartuta; barrutik irteten zaiela ikusten zen". Puntu negatibo bezala "gehiegi antzezten" dutela zehaztu du, "baina gehiegikeria ere bada rock-and-rollaren ezaugarria".
Bostek espero dute azken finala beste festa handi bat izatea, baina, horren gainetik: "Danbakak jarraitu dezala existitzen, hori gure bailaran kultura mugitzen ari den adierazle indartsua izango delako".