Puntua aldizkariaren 348. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Arabako Errioxako ardogile eta mahasti-ekoizleek jatorri izen berriaren zigiluarekin lan egin ahal izango dute aurrerantzean: Arabako Mahastiak izenpean, hain zuzen ere. 1990ean sortutako ABRA elkarteak (Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea) jatorri izen berria sortzeko prozesua abiarazi zuen 2016an. Ordutik hona, hainbat gorabehera gertatu dira, eta hainbat negoziaketa –Errioxa markaren barruan jarraitu eta izaera propio nabarmenagoa izatekoa, esate baterako–, baina iaz, Eusko Jaurlaritzak beharrezko tramiteak egin ostean, 2022 honetan sor-marka Bruselara bideratzeko prozesua burutu dute. Izan ere, maiatzean, Europako Batzordera bidali zuen eskaera Espainiako Nekazaritza Ministerioak, erabaki horren aurkako txosten batez lagundurik.
1998a ezkero, Errioxa markaren barruan, Arabako Errioxako ardoek euren jatorria bereizteko zigilua eta eskubidea izan dute. Hala ere, ABRAk azken urteetan nabarmendu du bereizketa hori ez dela "nahikoa", Errioxako beste upategiekin eta mahastiekin dagoen "aldea handia" dela iritzita. Errioxako Kontseiluak, bestalde, Arabako Mahastiak oztopatzeko "ahal den guztia" egiteko prest dagoela azaldu du. Giroa gaiztotu egin dela dirudi, baina azken erabakia, zein jatorri izen hartu, ardogileen esku egongo da. Konexioak badaude Arabako Errioxaren eta Debagoienaren artean. Tartean, erreportaje honetan agertzen dira bailarakoak diren eta Arabako Errioxan ardogileak edota upategien jabeak.
"Upategien erabaki enpresarial guztiak babestuko ditugu"
Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea
ABRAko ardogileen urteetako eskaria izan da eta orain posible egin duzue Arabako Mahastiak sor-marka.
Eusko Jaurlaritzari dagokio bere eskumenen baitan jatorri izenen sormenen eskaera baten aurrean kudeaketa prozesua martxan jartzea. Arabako Mahastiak sortzearen eskaerarekin egin duguna hori izan da. Duela urte batzuk Euskal Sagardoarekin egin genuen prozedura berbera. Orain, Europarena da azken hitza.
ABRAren eta zuen arteko elkarlana egon da hor?
Jaurlaritzari dagokio bere eskumenen baitan jatorri izenen sormen prozedura kudeatzea, ez besterik. Lan honetan hartutako erabakiak lau zutabetan oinarritu dira: izapidetzeko eskumena dugun aldetik legea bere horretan betetzea; arduraz eta erantzukizunez jokatzea; arlo pribatuan edo publikoan enpresek eta erakundeek hartutako erabakiak errespetuz onartzea; eta, azkenik, besteek hartzen dituzten erabakien zilegitasuna aitortzea. Hau izan da gure jardueraren bidea eta horrela izaten jarraituko du.
Ze berezitasun dituzte Arabako Errioxako upategiek?
Tamaina ertain-txikikoak dira, nahiz eta salbuespenen bat edo beste baden. Upategiak, familiarrak, lurrari oso lotuak daude, klima eta lur bereizgarriarekin; honek ardoei bereizgarri bat ematen die eta kalitate gorenekoak sortzen dira. Gainera, tradizioa eta berrikuntza uztartzea lortu dute balio- katean: bai mahatsondoan lanean dauden nekazariek, baita upategietan ardoak sortzen, zaintzen eta fintzen dauden profesionalek ere.
Eusko Jaurlaritzak Arabako upategi guztiak babestu eta defendatuko dituela diozue...
Hori da. Jaurlaritzak upategien erabaki enpresarial pribatu guztiak babestu eta defendatuko ditu. Upategi guztiek dute askatasuna euren erabaki enpresarialak hartzeko eta erabakitzeko zein jatorri izenetan egon nahi duten. Jaurlaritzari dagokio Euskadiko ardoen eta, orokorrean, euskal edarien sustapenean laguntzea bai bertako merkatuan zein nazioarte mailan.
Eztabaidatik harago, ardo bikainak Arabako lurretan. Kontziente gara euskaldunak?
Kalitate handikoak dira. Azken urteetan gure ardogileek berrikuntzaren aldeko lan handia egin dute eta mundu mailan gorenean dauden ardoen artean daude. Bestalde, Arabako Errioxako ardoen ezagutza Euskadin areagotu egin den arren, bide horretan lanean jarraitu behar dugu gure ardoak ezagutzen, balioa ematen eta kontsumitzen.
"Gure mahastien gaineko erabakia gurea da"
Esti Besa, Candido Besa upategia
Aretxabaletara etorritakoa bada ere, Villabuenakoa da Esti Besa: "Aitaitarengandik eta aitarengandik jaso nuen upategia, eta gaur egun Lorentxo nire bikotekideak eta nik kudeatzen dugu. 1991n itzuli ginen herrira, eta ordutik mahastigintzan eta ardogintzan dihardugu. 2002. urte inguruan ikusi genuen lurrari beste lanketa bat eman behar geniola, eta 2015etik ekoizpen guztia ekologikoan egiten dugu. Hogei kupel ditugu eta mahatsa oinekin zapaltzen dugu oraindik".
Upeltegi familiarra
"Duela gutxira arte, 700 upategi familiar zeuden lurraldean. Aitona-amonengandik eta aita- amengandik jasotakoak. 200 inguru gelditzen gara. Gu zortekoak gara, semerik zaharrenak jarraitu egin nahi duelako. Euskal Herrian eta inguruan saltzen dugu, eta guk egiten dugu banaketa, eta familian egiten dugu dena", dio Besak.
Gaur egun "oso zaila da" upategi handiekin lehiatzea, Besaren berbetan: "Gure herrian, 70eko hamarkadara arte ontziratu gabe saltzen zuten gehienek. Gero, bi-hiru upategi hasi ziren euren kabuz saltzen. Aitak hasieran garrafoietan saltzen zuen, eta gero, botilaratzen hasi ginen. Garai hartan, denondako zegoen lekua. Baina duela hamabost bat urte, lurrik ez zuten upategi handiak sortzen hasi ziren. Diruarekin erosten zuten mahatsa, prezio txikian, eta lurrak ere erosten joan ziren; horiek, prezio handian. Beraz, asko aldatu da panorama, eta txikiok ikusi genuen horien kontra lehiatzea oso zaila zela. Upategi txiki asko hasi ziren mahatsa saltzen eta ez dute ardorik egiten. Beraz, gelditzen garenok zail dugu. Horregatik nahi dugu desberdindu, gauza bereziak egin, eta munduak jakin dezan nor garen eta nolakoak diren gure lurra, mahatsak eta gure lana. Eta zenbat kostatzen zaigun hori aurrera ateratzea".
Izendapen berriaren alde
"Orain arte, erakundeen aldetik ez dugu inolako laguntzarik izan. Euskal Herriko sagardoa oso ospetsua da eta laguntza pila jasotzen ditu. Baita Arabako Txakolinak edota Getariakoak. Oso ondo saltzen dute erakundeen laguntzarekin. Guk eta Euskal Herriko Sagardoak jatorri izenaren eskaera urte berean eta aldi berean aurkeztu genuen. Haiek urtebetean hasi ziren zigiluarekin saltzen eta gu oraindik zain gaude... Guk ez dugu horrelakorik eduki, eta gure ardoak gutxi saltzen dira Euskal Herrian. Joan Bilboko edo Donostiako alde zaharretara eta eskatu Arabako Errioxako ardo bat... Taberna gehienek ez dute", azaldu du.
"Motxila handia daramagu atzean urte hauetan entzun behar izan ditugunekin eta oraindik entzuten ari garenekin. Mundu guztiak eman du iritzia: enpresariek, politikariek... Hori guri dagokigu eta guk erabaki beharko dugu zer egin gure mahastiekin! Hau ez da bat- batean bururatu zaigun gauza bat. Ez badugu zerbait egiten, pikutara joango gara. Errioxako Kontseiluaren barruan ez gara babestuta sentitzen. Ez dute ezer egiten upategi txikien alde. Guk gurea kudeatu nahi dugu, eta azaleratu nola ekoizten dugun, jendeak jakin dezan zer erosten ari den. Beraz, ez dugu ulertzen horrenbeste injerentzia", azpimarratu du.
Larraitz Mendikute, Covila Kooperatibako kidea eta ardogilea
Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko ikasketak Iruñean egin zituen Larraitz Mendikute osintxuarrak. Senarra dena han ezagutu eta Lapuebla de Labarcan enologia ikasketak egin zituen: "25 urte daramatzagu hemen dagoeneko. Senarrak eta biok ustiapen txiki bat dugu, eta gero, gure lana ere badugu. Gure mahastien ekoizpenaz gain, bertan dauden nekazariei, lursailetako jabeei eta upategiei aholkularitza eskaintzen diegu".
Lapuebla de Labarcan Covila kooperatibako kide da Mendikute: "Bertara eramaten dugu gure produktua. 23 bazkide gara. Arabako Errioxan, kooperatibek haien bazkideen mahatsa jaso eta gero beste upategiei saltzen diete ardoa, botilaratu barik. Guk, ordea, gure markarekin botilaratzen eta saltzen dugu ardoa. Gaur egun, 30 hektarea kudeatzen ditugu. Hektareako 6.500 kilo bakarrik ekoitzi ahal ditugu, 195.000 kilo inguru jasotzen ditugu".
Ezaugarri bereziak
"Arabako Errioxan mikroklima dugu. Kantauriar mendilerroa dugu, eta horrek klima erabat aldatzen du; ez du euria igarotzen uzten, baina hezetasun moduko bat dugu urte osoan. Eta Errioxako toki batzuekin alderatuta, adibidez, Calahorrarekin eta behe inguru horrekin, oso ezberdina da. Hemen mahastiak beste egoera batean egoten dira, beraz. Lursailak oso txikiak dira, eta mahastiak ere txikiak dira Ebroz beste aldekoekin alderatuta. Lurra ezberdina da, lantzeko era ezberdina da, mahastiak zaharragoak dira... Horregatik, produktua kalitate handikoa da. Eta mahats hori elaboratzeko modu berezia ere badu, beratze karbonikoa deritzona. Mahatsa bera alearen barruan hartzitzen da, eta hori Arabako Errioxan bakarrik egiten da. Beste toki batzuetan egiten hasi dira, baina metodoa bertakoa da. Hemen ekoiztea askoz garestiagoa da Ebroz beste aldeko herrietan baino, orografia dela eta", azaldu du osintxuarrak.
"Klima aldaketa oso nabarmena da hemen. Lehen, euria eta elurra egiten zuen; orain, ezer ez. Udak oso beroak dira orain, eta gaur egun jasaten ditugun egoerak oso muturrekoak dira. Orain, ikusita egoera nola doan, asegurua egitera jende gehiago animatzen da. Hala ere, oso garestia da, eta gaur egun mahatsa gutxi ordaintzen zaie nekazariei", aipatu du.
Giroa arrarotu egin da
"Bakoitzak bere iritzia du, eta denak dira errespetagarriak. Baina egia da giroa nahiko krispatuta dagoela. Mahatsak berez ez du balio handirik gaur egun, eta gainera dilema hau... Batzuk alde, beste batzuk kontra, beste batzuk zalantzati... Kezkagarria da giroa; arrarotuta dago. Egoera jada ez zen gozoa, eta orain igartzen da gaiak hautsak harrotu dituela. Pausoa emateko kezka badago. Batzuek nahi dute, baina beldurra dute", dio jatorri izenen harira.
Europatik neurriak
"2023an araudi berria sartuko da indarrean. Ezjakintasun handia dago. Araudiak, batez ere, burokrazia aldetik ekarriko ditu aldaketak, digitalizazio handia datorrelako. Askok ezingo dute jarraitu; batez ere, nagusiagoak direnek. Profesionalizatzea oso ondo dago, baina datorrena oso potentea izango da eta ia ez da egongo denborarik egokitzeko. Ardogile asko bidean geldituko dira", dio Mendikutek.
"Gure aitita-amamen tradizioak jarraitzen du"
Igor Bauza, Bauza upategia
Eltziegon dagoen upategi familiarreko kide da Igor Bauza bergararra: "Gaur egun, osabak eta lehengusuek kudeatzen dute. Jantokia ere badugu upategian, 50 lagunendako bazkaria emateko. Nire aitaita hasi zen upategiarekin, eta aitak eta osabak jarraipena eman zioten. Aita Labegaraietara etorri zen lan egitera, eta horregatik bizi naiz Bergaran. Hala ere, upategia ondo ezagutzeaz gain, aste bukaeretan mahats-bilketara ere joan izan naiz. Aurten, 100.000 kilo mahats batu ditugu eta horrekin 75.000 botila inguru ekoiztuko dira". Jatorri izenaren harira, zalantza asko ikusten ditu Bauzak: "Politika gehiegi sartu da kontu honetan. Hasieran, upategiak asko animatuko zirela uste nuen, baina ez dago argi zein erabaki hartuko duten... Azkenean, Arabako Errioxa izanik ere, toki askotan ardoa Errioxakoa balitz bezala saltzen da. Euskal Herrian denok dakigu nondik datorren ardoa, baina Espainiatik kanpora Rioja izenpean saldu ohi da. Guk, adibidez, Alemanian, Suitzan, Ingalaterran eta Kanariar uharteetan saltzen dugu ardoa. Hala ere, hasierak ez dira errazak izaten, eta dena hastea da".
Arabako Errioxan ardogintza ez dela "horren industriala" azpimarratu du Igor Bauza bergararrak: "Familian, txikitan ikasitako sistema berberarekin jarraitzen dugu. Adibidez, Eltziegoko eta inguruko upategien artean beti egon da laguntasun moduko bat. Inguruan, gainera, ardogile berri gutxi dago. Gure aitita eta amamek sortutakoak dira upategi gehienak, eta tradizioak jarraitzen du".
"Ezberdintasunik handiena estiloan dago"
Aitor Maiztegi, Azurmendi jatetxeko sommelierra
Hiru Michelin izar dituen Azurmendi jatetxeko sommelierra da Aitor Maiztegi bergararra: "Jatorri izenaren gaia politizatu egin da eta ez da horrenbeste pentsatu ardoan. Arabako Errioxa beti izan da indartsua Errioxa marka barruan. Ardoaren kalitatean jarri beharko litzateke arreta, eta ez kontu politikoetan. Egia da bezeroek, gehienetan, Rioja bat eskatzen dutela. Batzuek Arabako Errioxako ardoak eskatzen dituzte, baina upategien izenekin zuzenean. Azkenean, kalitate handiagokoak dira. Mikroklima berezia dago, eta ardoek prestigio handiagoa dute. Errioxa markako upategi onenak Araban daudela esan daiteke". Arabako Errioxako ardoa ahoan ezberdindu daitekeen galdetuta, "zaila" dela onartu du: "Ez da erraza. Ondo ezagutu behar dira Errioxako beste zonetakoak horretarako. Hala ere, Ekialdeko Errioxakoekin alderatzen baditugu, oso ezberdinak dira. Errioxa Garaiko upategiak ere tradizionalagoak dira. Arabako zonan tradizionalak ere badaude, baina modernoagoak egiten dira, fruitu ukitu handiagoarekin, eta lurraren mineraltasuna bilatzen dute, tokia, ingurua, ardoa adierazteko. Beraz, nire ustez, ezberdintasunik handiena estiloan dago; ardoa egiteko eran".
"Upeltegi gehienak txikiak dira, eta gazte asko daude Errioxako estiloa aldatzen. Orain, Errioxa klasikoaz eta Errioxa modernoaz hitz egiten da. Belaunaldi aldaketa nabaritzen hasi da estiloan. Arabako Errioxako ardoak eleganteagoak dira eta fintasun handiagoa dute", dio Aitor Maiztegik.