ALBISTEAK

Mondragon Korporaziotik irtetea erabaki du Ulma Taldeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 16a, 14:20

Goizean izan da batzarra, eta 2.789 lan-bazkidek izan dute botoa emateko aukera. Ordea, ez da jakinekoa zenbatek eman duten bozka; alabaina, eman dutenen artean %80k egin dute bat baiezkoaren alde. Gainera, bederatzi kooperatibek egin dute erabaki berberaren alde. Areago, Oronak ere baiezkoaren alde egin du.

Mondragon Korporaziotik irten ala ez erabakitzeko bilera egin du gaur Ulma Taldeak Illunben, Donostian, horretarako ezohiko batzar bat deituta. Prentsak ez du barrura sartzeko aukerarik izan, baina Ulmak emandako informazioaren arabera, irtetearen alde egin dute bozkatu duten lan-bazkideen %80,52k.

Izan ere, 2.789 lan-bazkidek zuten bozkatzeko aukera gaurkoan, baina ez da jakinekoa zenbatek bozkatu duten, Ulmak ez baitu informazio hori eman. Dena den, taldea osatzen duten bederatzi kooperatibetan hartu dute erabaki berbera.

Alabaina, emaitza hori izanik, ohar bidez azaldu dutenez, Mondragonen baja emateaz gain, "horren ondoriozko akordioak" adostuko dituzten aurrerantzean. "Bazkideek erabakitzen dute, beren botoaren bidez, zer bide jarraitzen duen kooperatibak. Gaur Ulmako kooperatibetako organoek agindu argia jaso dugu", adierazi du Lander Diaz de Gereñu Ulma Taldeko lehendakariak.

Lankidetzak sustatzeko asmoa

Hala, etorkizunean, Mondragonekin lankidetza sustatzea du asmo Ulmak, hala nola kooperatiba mugimendua garatzeko. "Euskal eredu kooperatiboak erakusten duen arrakasta-ereduaren parte gara, eta beti defendatuko eta babestuko ditugu bere balioak ere", azaldu du Diaz de Gereñuk. Beraz, Mondragoni dagokionez, elkarrekin jarduteko aukera jarri du mahai gainean: "Guztiok ordezkatzen dugun arrakasta-ereduaren onerako diren ekintza guztietan elkarrekin lan egiteko prest gaude".

Mondragonen erantzuna

Orona kooperatibetako bazkideek ere Mondragonetik irten ala ez erabakitzeko batzarra zuten gaurkoan, eta %71,9k babestu dute baiezkoaren aldeko erabakia. Guztira, 1.750ek zuten bozka emateko aukera.

Beraz, Ulma eta Orona, biak aterako dira Mondragonetik, eta erabaki horren gaineko balorazioa egin du korporazioak. "Mondragonek berretsi egiten du bi kooperatiben erabakiak erabat errespetatzen dituela; eta gainera, bere enpresa-proiektuek eta eredu kooperatiboak etorkizunari begira bilakaera positiboa izan dezaten nahi du", adierazi du ohar bidez. 

Erabakia hori izanik beraz, jakinarazi du aurrerantzean "interkooperazioan eta elkartasun balioetan" jarriko duela arreta Mondragonek, eta horrela, zenbait bide zabaltzea ahalbideratuko dela: "Ezaugarri horiei esker, kooperatibek, modu erabat autonomo eta librean, beren enpresa proiektuak zabaldu ahal izan baitituzte, eta zailtasun egoerak igaroz gero, multzoaren elkartasuna izan".

Areago, "ilusio mezu bat" ere helarazi du. Uste du Mondragonen negozioetan lantzen ari diren etorkizuneko proiektuetarako, "eredu kooperatiboa" merkatuko erronkei erantzuteko bide dela, eta hor du jarrita konfiantza. "Gizarte kohesionatuagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak