Debagoieneko aukera energetikoak aztergai

Miren Arregi Amasorrain 2022ko abe. 15a, 16:02

Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta, Tecnaliak burututako Debagoieneko egoera energetikoaren inguruko diagnosia partekatu zuten eguenean herritarrekin garaia Parke teknologikoan eginiko jardunaldian. 50 lagun elkartu ziren bertan.

Debagoieneko Aukera Energetikoak izeneko ikerketaren lehen emaitzak eroan zituzten egueneko saiora. Ikerketak Debagoieneko eremu hiritarreko –etxebizitzak, zerbitzuak eta hondakinak– egoera energetikoaren diagnosia egin du, garraioaren eta industriaren datuak salbuetsita.

Debagoiena 2030 ekimeneko proiektu zuzendari Aritz Ameztegik azaldutakoaren arabera, ikerketatik eratorritako lehen emaitzek "argi utzi dute trantsizio energetikoa tamaina handiko erronka dela, eta gizartea kontziente izan dadin ere lortu gura izan dugu gaurko saioarekin". 50 bat lagun elkartu ziren batzarrean, bertan partekaturiko datuen gainean hausnartu eta trantsizio energetikoak suposatzen duen erronkaren nolakotasunaz aritu ziren.

Tamaina handiko erronka

Eskualde osoko energia kontsumoa kontuan hartzen bada –garraioa eta industria izan ezik–, kontsumo osoaren %10 bakarrik da argindarra. Bada, Debagoienean berriztagarrietatik sortzen den elektrizitatea aipaturiko %10 horren %14 baino ez da.

Tecnaliak egindako azterketa bigarren fase baten sartuko da orain eta bertan ikusiko da berriztagarrietan zein ahalmen eta aukera energetiko dauden Debagoienean; betiere, hiri-eremuan eta eraikinetan oinarrituta. "Horretarako, eraikinen teilatuen azalera neurtu da, batez besteko eguzki erradiazioa, potentzial fotovoltaikoa eta sorkuntza potentziala. Landa eremuan egon daitezkeen aukerak ere aztertuko ditugu eta egia da eremu horretan azalera handia dagoela", azaldu du Tecnaliako proiektuen kudeatzaile Eduardo Mierak.

Saioaren bigarren zatian, Debagoienean martxan dauden sei proiekturen berri eman zuten. Horietatik lau sorkuntza proiektuak eta bi murrizketakoak.

Debagoieneko ekimen batzuk

Aipaturiko sorkuntza proiektuetatik hiru dira fotovoltaikoak: Leintz Bailarako Ekiola, Bergarako Berener eta Antzuolako Autokontsumo Partekatua. Leintz Bailarako Ekiola 600 familia ingururi argindarra emateko sortuko den planta fotovoltaiko kooperatiboa da, energia bertan sortu eta bertan kontsumitzea ahalbidetuko duena. Bergarako Berenerrek energia berriztagarrien ekoizpena, autokontsumo partekatua eta energia kontsumoaren aurrezpena sustatuko ditu. Eta Antzuolako Autokontsumo Partekatua Antzuolan energia berriztagarriak eta kontsumo partekatua bultzatzea sustatzen duen proiektu bat da.

Sorkuntzari lotutako azken proiektua Oñatiko Argindarra da. Argindarraren liberalizazioa gertatu zenean, zerbitzua sektore pribatuen esku utzi ordez, udal enpresen bidez kudeatzen jarraitu zen argindarraren sorkuntza, banaketa eta merkaturatzea.

Azkenik, murrizketarekin lotutako bi proiekturen berri ere eman zuten protagonistek: Santa Teresa auzoan irisgarritasunaren eta energiaren ikuspegitik egingo den eraberritzea, batetik; eta Ikastetxe-Klik proiektua, bestetik: Debagoieneko ikastetxeetan energia eraginkortasuna bultzatzeko proiektua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak