Zortzi esku-hartzeko Energia Plana aurkeztu du Oñatiko Udalak

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko urr. 27a, 15:53

Egungo eta datozen erronkei erantzuteko egindako plana aurkeztu dute. Aipatzekoen artean, argindarraren prezio justua lortzea, zuzenean herritarrengan eragina izango duen puntua; eta, egun ur-jauzien bitartez lortzen den energiaz gain, argindar sorkuntza gune berriak martxan jartzea.

Energia alorrean dagoen testuinguru nahasian, zortzi esku-hartze konkretu bildu ditu Udalak, Energia Planaren barruan. "Egoerak erantzun beharra exijitzen duelako eta aurrera begira izango ditugun etorkizuneko erronkei heldu beharra dugulako; esaterako: energia berriztagarriak, efizientzia energetikoa, argindarraren prezio justuagoa, merkatuarekiko dependentzia murriztea, eredu justuagoa izatea eta informazioaren gardentasun handiagoa edukitzea", Izaro Elorza alkateak asteko aurkezpenean adierazi duenez.

Zortzi esku-hartze

Izaera askotariko zortzi lan-ildoetatik garrantzi handienetarikoa duena da, alkatearen ustez, argindarraren merkatuko espekulazioak herritarrengan ahalik eta inpaktu txikiena izatea. "Puntu hau da, agian, herritarrengan eragin handiena izango duena. Oñatiko energia berriztagarrien merkaturatzailea sortzeko urratsak egiten gabiltza herritarrendako argindarraren prezio justua lortzeko, egungoarekin ezin da lortu eta".

Energiaren zein gasaren fakturak irakurtzen laguntzeko aholkularitza bulego bat zabaltzea da beste asmo bat; eta hirugarrena, argindar sorkuntza berriak martxan jartzea. "Egun, Oñatiko Ur Jauzien bitartez, 13 GWH lortzen dugu urteko, gutxi gorabehera, herriko etxebizitzetan kontsumitzen dena, industriak alde batera utzita. Eurite garaian energia asko sortzen da, baina udan etenda egoten da, eta gurako genuke beste energia sorkuntza batzuk ere egotea, horren osagarri. Oñatiko espazio guztiak aztertzen ari gara, aukerak ikusteko. Asmoa da 2 Mg-ko potentzia izango duten proiektuak sortzea. Puntu honetan, baina, argi daukagu ingurugiroarekiko inpaktua zaindu behar dugula, ahalik eta txikiena izateko", azaldu du Xabier Igartua zinegotziak.

Energia erakin publikoetan eta argiteria publikoan nola aurreztu, autokontsumorako plakak jarri –kiroldegiko kantxa berdean lehenak– eta auto elektrikoen karga-lekuen azterketa auzoz auzo egitea dira beste esku-hartze batzuk.

Agintaldi hasieratik

Alkateak azaldu du agintaldi hasieratik ari direla energia plana lantzen eta datozen astetan emango dituztela lan-ildo bakoitzaren xehetasunak. Igartuak gehitu du D2030 egitasmoarekin, Mankomunitatearekin eta beste entitate batzuekin ari direla lankidetzan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak