Hondakinak, jasangarri izateko giltza

Hasier Larrea 2022ko aza. 29a, 16:51

Duela zenbait hamarkada sinesgaitza izan zitekeen ideia dakar azalera, adibide praktikoek lagunduta, Bergarako Laboratorium museoko hondakin jasangarriei buruzko erakusketak: erabilitako produktuen hondakinekin produktu ezberdin eta berriak egin daitezkeela, eta naturako baliabideen ustiaketa murriztu.

Puntua aldizkariaren 346. alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien zortzigarren aldia egiten dihardute joan den urria ezkero Bergaran. Laboratorium Museoa, Bergarako Udala eta Enpresare elkartea dira sustatzaile nagusiak, erakunde ugariren babespean, eta aurten jasangarritasuna aukeratu dute gai nagusitzat. Dagoeneko ekitaldi gehientsuenak pasa dira, herriko hainbat aretotan aurrera eramandako hitzaldi, tailer, erakusketa eta jolasen bitartez, baina bada Laboratorium museoan erakusketa bat urtarrilaren 31rarte irekita egongo dena: Hondakin jasangarriak. Fikzioa ala errealitatea? du izena eta ekodiseinuaren kontzeptua eta aplikazioak jartzen ditu mahai gainean.

Euskal Herriko ikastetxeetako haurrak dira erakusketara gehien joaten dabiltzanak. Izan ere, hondakin jasangarriei buruzko unitate didaktikoa lantzen dute eskoletan Laboratoriumera joan aurretik, behin erakusketan daudela bertako edukien gaineko ideia orokor baten jakitun izan daitezen.

Baina publiko orokorrak ere bisita dezake, eguaztenetik domekara bitartean. Hiru gelatan banatuta, ibilbide progresibo bat proposatzen da. Lehenengo gelako bideo, panel eta jokoek produktuak ekoizteko moduen hausnarketa egitera gonbidatzen dute, jasangarritasuna naturatik eratorritako materialen ziklo biologikoa ahalik eta gehien luzatzea dela azalduta. Eta hori ekoizpen prozesuak ekodiseinutik pentsatuta bakarrik lor daiteke; hots, ekonomia zirkularra deritzona praktikan jarrita.

Ekonomia linealetik zirkularrera

Ekonomia linealeko industrializazioaren eraginez planetaren baliabi- de naturalak agortzen ari zirela ikusita, birziklatzearen ekonomia sortu zuten XX. mende erdialdean, jada erabilitako materialei beste erabilera bat eman eta material berriak sortzen hondakin gehiago pilatzea saihesteko. Informazio-paneletan adierazita dagoen moduan, hondakinen %52 zabortegietara joan beharrean produkzio katean mantentzea lortzen da modu horretan. Baina klima aldaketak are eta neurri zorrotzagoak hartzea exijitzen duenez, zero zabor sortzea da erronka nagusia.

Helmuga horretara iristeko, produktuen materialek ehuneko ehunean birziklagarriak izan behar dute; ekonomia zirkularra sustatuko litzateke horrela. Tecnalia enpresan lan egiten duen Susana Perezek hornitu du edukiz erakusketa; doktorea da Zientzia Kimikoetan, eta dio konpainia batzuk badabiltzala pentsamendu horrekin lanean: "Hala ere, industria-fabrikei asko falta zaie puntu horretara iristeko. Urte asko daramatzate modu konkretu batean funtzionatzen, programatutako makineriarekin. Ekodiseinua txertatzeak ekoizteko modua aldatzea dakar; inbertsioa egitea, halaber". Produktuak ontziratzeko tetrabrika darabilten konpainiak jarri ditu adibide moduan: "Plastiko hori birziklatzea oso zaila da, baina ahaleginak egiten ari dira beste material batzuk erabilita funtzio bera betetzen duten ontziak fabrikatzeko, errazago birziklatu ahal izateko".

Material kutsakorren berrerabiltze prozesuak

Plastikoak

Plastiko mota ugari erabiltzen da ontzietan, baina erabiliena polietilen tereflalato motakoa da (PET). Besteekin alderatuta, kopuru handiagoan birziklatzeko aukera ematen du. EAEn 2018an ontzien %81 birziklatu ziren. Tratatzeko azpiegituretan, plastikoak bildu eta sailkatu egiten dira lehenengo; ondoren, garbitu eta lehortu; eta, azkenik, urtu, pikortatu eta plastiko berriak sortzen dira, lehengaiak berrerabiltzea ahalbidetzeko.

Ehunak

EAEko biztanle bakoitzak urtero 26 kilo arropa erabiltzen ditu, batez beste, eta 11 kilo zakarrontzira bota. Hondakinen %50 kotoi-zuntza izan ohi da, %30 poliester-zuntza eta %20 bestelakoa. EAEn 2018an arropa-hondakinen %55 bota egin ziren eta %25 balorizazio energetikorako, %8 birziklatzeko eta %12 berrerabiltzeko bideratu. Kontuan hartzekoa da mundu osoko arroparen %1 bakarrik birziklatzen dela. Zuntz berriak egiteko, sailkatu, izpitu, kardatu, luzatu, orraztu, birziklagarriak eta birziklaezinak banandu eta birziklatutako zuntzak birjinekin nahasten dira.

Pneumatikoak

Pertsona bakoitzak lau litro olio erabili sortzen du urtero. Sukaldeko olio erabilia birziklagarria da %70ean, baina, berrerabiltzeko, olioaren material solidoak, ura eta nahi ez diren konposatu organikoak baztertu behar dira. 2018an EAEn 2.800 tona erabilitako olio produzitu ziren, eta %55a birziklatzeko erabili zuten; gainerakoa, ostera, energia sortzeko. Instalazioetan iragazita, ura kendu eta destilatuta –irakinda eta kondentsatuta– eta likidoaren osagaiak banatuta, olio findua sortzen da. Produktu hori kandelak, xaboiak, berniza eta biodiesela fabrikatzeko erabiltzen da, besteak beste.

Tresna elektriko eta elektronikoak

TEEH bezala laburtuta, urtero gehien hazten den etxeko hondakin mota dira, kaltegarriak ingurumenerako eta osasunerako. Halaber, mahai gaineko ordenagailu baten %93 birzikla daiteke, plastikoz, burdinez, kobrez, aluminioz eta beiraz baitago osatuta. 2018an EAEn 19.700 tona TEEH bota ziren; bederatzi kilo biztanleko. %75 baino gehiago birziklatu ziren, plastikoak eta metalak, gehienbat. Osagai arriskutsuenak (bateriak, olioak...) kentzen dira horrela, desmuntatuta, materialak birrinduta eta askotariko teknikak erabiliz banatuta.

Pilak eta metagailuak

Erabilienak alkalinoak dira, hondakin arriskutsuekin egindakoak –merkurioa, beruna, kadmioa...–. Birziklagarriak dira %75ean. EAEn 2018an 825 tona pila bildu eta %38 birziklatu ziren. Zaharrak berri bihurtzeko, instalazioetan sailkatu, birrindu, tratamendu pirometalurgikoa eta hidrometalurgikoa eman, material ez-ferrikoak atera eta ferrikoak erantsi eta plastikoa balioztatzen dute.

Olio erabilia

Pertsona bakoitzak lau litro olio erabili sortzen du urtero. Sukaldeko olio erabilia birziklagarria da %70ean, baina, berrerabiltzeko, olioaren material solidoak, ura eta nahi ez diren konposatu organikoak baztertu behar dira. 2018an EAEn 2.800 tona erabilitako olio produzitu ziren, eta %55a birziklatzeko erabili zuten; gainerakoa, ostera, energia sortzeko. Instalazioetan iragazita, ura kendu eta destilatuta –irakinda eta kondentsatuta– eta likidoaren osagaiak banatuta, olio findua sortzen da. Produktu hori kandelak, xaboiak, berniza eta biodiesela fabrikatzeko erabiltzen da, besteak beste.

 

Onena, materialak ez nahastea

Bigarren gelak egunerokotasunean sortu ohi diren hondakinek dagozkien zaborrontzietara botatakoan egiten duten prozesuen berri ematen du. Gizakiak sortzen duen zabor kopuruaren kontzientzia pizteko ere balio du, datu ugari baitaude eskura. Perezen esanetan, kontsumitzailearen esku dago, hein batean, sortzen duen zaborra ahalik eta birziklagarriena izatea: "Dendetan badaude ontzi batzuk, jogurtenak, adibidez, plastikoa eta papera nahastuta dakartena. Erosleak argi baldin badauka halako ontziak askoz zailagoak direla birziklatzeko, soilik plastikozkoak edo soilik paperezkoak direnak erosiko ditu".

Prezioak agintzen du

Baina kontsumitzaileak, sarri, produktuaren prezioa lehenesten du ezeren gainetik. Eta hor badaude faktore batzuk jasangarritasunaren aurka doazenak: "Ohitu gara konponketa behar duen eskuko telefono bat zaborretara botatzera, berri bat erostea baino garestiago irten daitekeelako konpontzea. Nola da posible? Pentsatzen baduzu zenbat balio duen eskuko telefono berri bat fabrikatzeak salmenta- prezioa mauka hutsa da!", adierazi du Perezek.

Administrazioek ekoizpenaren gehiegizko gurpilari balazta jartzeko, zientzia kimikoetako adituak argi du birziklapenarekin lotutako arauak ezarri beharko lituzketela: "Konpainiei behartzen badiezu naturako baliabideak erauzteari utzi eta produktuak erabilitako materialekin ekoiztera, azken prezioa garestitu egingo litzateke, eta horrek kontsumo orokorra murriztea ekarriko luke", ondorioztatu du.

Hondakinak, negozio

Izan ere, erakusketaren asmoa ere bada kontsumo sistemaren albo-kalte naturalak azaleratzea. Ehunaren industriak, esaterako, milioika litro ur kutsatzen ditu ura arropei kolorea emateko tintarekin nahasterakoan. Zorionez, badaude tokiko enpresa batzuk, erakusketako hirugarren gelak irudikatzen duen gisara, halako hondakinak ez sortzeko alternatibak martxan jarri dituztenak. Eta berdin plastikoarekin eta kafearekin jarduten duten sektorean. Etorkizuneko ekintzaileei pista batzuk ematen dizkiete mundu jasangarria sustatzeko negozio-ereduak proposatze aldera. Beranduegi izan baino lehen.

Ekodiseinuren adibide praktikoak

Ternua eta Evlox

Arrasateko Ternua arropa marka ezaguna da goi mailako prestazio teknikoko jantziak eta osagarriak berrerabilitako materialekin egiteagatik. Erabiltzen dituzten hondakinen artean daude, esaterako, alfonbrak, arantza-sareak, plastikozko botilak, edredoi eta burkoetako lumak, kafe-hondarrak, artilea eta nekazaritza-hondakinak. Laboratoriumen Wearcycle proiektu bereziko poloa jarri dute ikusgai, erdia kotoi organikoz eta beste erdi kotoi birziklatuz egindakoa.

Kotoi markarekin ekoiztutako prakak ere osagai horiekin daude eginda, erakusketan azaltzen den bezala. Materiala Evlox enpresak ematen die, 1846an Bergaran sortutako konpainiak; hori jakinda, herriaren parte den ehungintzaren historia lehen lerrora ekartzeko moda desfile jasangarria egin zuten urrian, ZTB jardunaldien baitan. Hala, denim motako ehunekin egindako prakak, soinekoak, jakak eta petoak erakutsi zituzten modeloek Laboratoriumeko sarreran egokitutako pasabidean. Arropen diseinatzaileak ere bertaratu ziren hitzordura; Maialen Porroyk azaldu zuenez, inguruko tailerretako soberakinak jasotzen dituzte, eta, behin oihalak aztertu eta patroiak koadratuta, materialen zati onak aprobetxatu ditzakete: "Gure diseinuak komertzializatzen ditugu kalitate oneko materiala berrerabilita".

Ekomodo eta Jolas

PET plastikozko botilei beste erabilera bat ematen die Ekomodo egitasmoak. 2021ean 83.000 botila birziklatu zituzten, eta 864 kilo CO2 isurtzea saihestu. Ekoizten dituzten produktuen artean daude koadernoen azalak, hamabost botilaren tapekin eginikoak, eta ordenagailu eramangarria gordetzeko zorroak, bakoitza hamabost PET botila erabilita.

Hiri espazio lagunkoi eta bizigarriak diseinatzen espezializatutako Zarauzko Jolas enpresa, berriz, aitzindaria izan zen haurrentzako zurezko parkeak eraikitzen, eta, gaur egun, jasangarritasuna "guztion" ondasuna dela iritzita, birziklatuak eta birziklagarriak diren plastikozko profilak darabiltzate haur parkeak, gimnasia zirkuituak, zirkuitu bio-osasungarriak eta hiri altzariak egiteko.

Ekogras

Etxeetako eta jatetxeetako landare-olioa birziklatzera dedikatzen den enpresa horretako langileak ohartu ziren kafe-hondar asko zihoazela zabortegira. Hortaz, Donostian egoitza duen Ekogras enpresak Kafea egitasmoa jarri zuten martxan, hainbat negozio-ildorekin: batetik, kafe-hondakinak kudeatzen dituzte ekoizle handientzat; eta, bestetik, hezkuntzarako kitak, kafe-hondakinetarako edukiontziak, hiri-altzariak eta bestelako produktuak egiten dituzte. 723 tona kafe-hondar birziklatzea lortu dute.

Kafe-kapsulak ere birziklatzen dituzte. Dagoeneko 43 milioi kapsula eraldatzeko gai izan dira –107 tona, orotara–, milaka poto, loreontzi, paperontzi eta edukiontzi sortuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak