Debagoieneko biztanleria %1,96 hazi da azken bi hamarkadetan, jaiotzek behera egin arren

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko aza. 29a, 08:38

2001etik 2021era bitarteko datuak kontuan hartuta, Debagoienean erroldatutako pertsonen kopurua hazi egin da, baina igoera apala izan da. Halaber, heriotza eta jaiotzen artean joera aldaketa bat gertatu da; parean egotetik, heriotzak ia bikoitza izatera. Migrazio mugimenduei dagokienez, orokorrean immigrazioa emigrazioa baino handiagoa izan da, eta Debagoieneko herrietara bereziki EAEko udalerrietatik etorri dira herritarrak.

Bailarako populazioaren bilakaera aztertu du Goienak Saretzen proiektuaren baitan. Debagoieneko eta herrietako demografia datuak landu ditu, azken hogei urteetako bilakaera hobeto ezagutzeko.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako datuen arabera, 2001ean baino 1.234 biztanle gehiago zituen 2021ean Debagoienak. Hain justu, 62.903 biztanle zeuden 2001ean eta 64.137 ziren iaz. Horrek biztanleriaren %1,96ko hazkundea erakusten du. 2021ean biztanleriak behera egin badu ere, orokorrean, goranzko tendentzia mantendu du bi hamarkadetan.

Hala ere, goranzkoa ez da joera orokorra izan, hiru etapatan banatu daitezkeen gorabeherak gertatu baitira aldi horretan zehar: 2003tik 2007ra artean, esate baterako, biztanleria jaitsi egin zen urtero; 2008-2014 aldia oparoagoa izan zen eta 2012an atzeman zen hogei urteko gorakadarik handiena, 537 pertsona gehiagorekin; dena den, 2015etik aurrerako bilakaera irregularragoa izan da eta 2020tik 2021era artean, gainera, jaitsiera nabarmena izan da: urtebeteko epean 656 biztanle gutxiago zeuden Debagoienean.

Bailarako datu horiek, ordea, ez dira beti herrietako egoeraren isla, hainbat baitira tokian toki hauteman daitezkeen errealitateak eta bertan eragin dezaketen faktoreak. Jaiotzez eta heriotzez gain, eragina dute, besteak beste, adinak eta migrazio mugimenduek ere.

Debagoieneko herri gehienetan ere hazi egin da biztanleria, baina Arrasatek eta Leintz Gatzagak herritarrak galdu dituzte: %5,63 lehenak eta %5,44 bigarrenak. Beste muturrean kokatzen dira Aretxabaleta eta Elgeta: bietan egin du gora biztanleriak; modu nabarmenean, gainera: Aretxabaletan %18,81ekoa izan da igoera eta Elgetan %15,69koa. Bergaran, bestalde, hogei urtean gorabeherak egon badira ere, %0,46 besterik ez da 2001eko eta 2021eko populazioaren arteko diferentzia: 14.736 vs 14.804 biztanle.

Bestetik, heriotza eta jaiotza datuei erreparatuta, tendentzia aldaketa bat gertatu da. 2001ean, bi taldeetako kopuruak nahiko parekatuta zeuden Debagoienean, baina 2016tik aurrera oreka hori hausten hasi zen, eta 2021ean, heriotzek ia bikoiztu egin zuten jaiotzen zifra. Hala, 2001ean, 517 jaiotza eta 513 heriotza egon ziren; eta, aldiz, 2021ean, 410 jaiotza eta 709 heriotza.

Hala ere, gogoan izan behar da COVID-19ak bazterrak astindu zituela 2020tik aurrera, eta horrek eragina izan duela ondorengo jaiotza eta heriotza tasetan. Esate baterako, deigarria da 2020an atzeman zirela hogei urteko aldian heriotza gehien: guztira, 744 hildako.

Hego Euskal Herrian ere gora egin du biztanleriak azken bi hamarkadetan, eta igoera Debagoienean baino aise nabarmenagoa izan da: %8,32. Ia 220.000 biztanle irabazi ditu Hego Euskal Herriak hogei urtean. Bestalde, heriotzen eta jaiotzen arteko diferentzia eta tendentzia Debagoienekoaren antzerakoak dira; hala ere, momentuz, apalagoa da.

 

Adin tarteen bilakaerari dagokionez, ikus daiteke Debagoieneko biztanleria zahartzen ari dela. 2001ean, eskualdeko biztanleriaren %24,37 zen 60 urtetik gorakoa; eta 2021ean, berriz, %32,56. Zortzi puntuko aldea dago bi datuen artean.

Era berean, 20 urtetik beherakoek biztanleria osoarekiko hartzen duten ehunekoak ere igoera izan du. 2001ean, Debagoieneko biztanleriaren %16,63 ziren gazteak: 10.492 pertsona, zehazki. Iaz, ia mila lagun gehiago zeuden adin tarte berean: 11.480 pertsona; biztanleriaren %17,90. Beste aldean kokatzen da 20-60 adin tartea: hogei urtean beheranzko bilakaera izan du eta ia 10 puntu galdu ditu.

Kasu honetan, Debagoienean eta Hego Euskal Herrian antzerako bilakaera izan du biztanleriak adin tarteei dagokienez. Gutxienez, horrela izan da azken hamar urteetan; 2001eko Nafarroako datuak falta dira konparaketa osoa egiteko.

Hori bai, gaur egun, Debagoieneko biztanleria Hego Euskal Herrikoa baino zaharragoa da: 60 urtetik gorakoak %32,56 dira eskualdean; Hego Euskal Herrian, aldiz, %30,25. Eta 20 urtetik beherako biztanleriari dagokionez, ez dago horrenbesteko ezberdintasunik: %17,9 Debagoienean eta %18,01 Hego Euskal Herrian.

 

 

 

Biztanleriaren mugimenduekin lotuta, modu orokorrean esan daiteke, Debagoienean urtero handiagoa dela immigrazioa emigrazioa baino.

Hiru datu mota eskaintzen ditu Eustatek hiru emigrazioei zein immigrazioei dagokienez: EAE barruko mugimenduak, Espainiako erkidegoen arteko mugimenduak eta Espainiatik kanpoko herrialdeekiko mugimenduak.

Grafikoak erakusten du azken bi hamarkadetan Debagoieneko herrietatik irten diren gehienak EAEko beste herri batera joan direla, eta, era berean, Debagoienera etorri diren gehienak EAEtik datozela.

Bigarren maila batean daude Espainiako erkidegoen eta EAEren arteko mugimenduak, urte zehatz batzuetan kopurua nahiko esanguratsua bada ere. Adibidez, 2011 eta 2014 artean, urtero 500 pertsona baino gehiago etorri ziren Debagoienera Espainiako erkidegoetatik.

Bestalde, EAEko emigrazioari dagokionez, azken urteetan gero eta parekatuago daude Espainiako erkidegoetara zein gainontzeko herrialdeetara debagoiendarrek egin dituzten mugimenduak. Horrekin batera, hogei urtean gehien hazi dena EAEtik atzerriko herrialdeetara egindako emigrazio mugimenduak dira: 2001ean, ia ez zegoen mugimendurik Espainiatik kanpo, baina, pixkanaka, aldatzen joan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak